AEBek Irango azpiegitura nuklearrak bonbardatu dituzten honetan, erne jarri dira berriz nazioarteko merkatuak. Tentsioa gorenera igo da ostera, energia krisi baten beldurrez. Begi guztiak erregaien eta gasaren merkatuan jarriak dira orain, petrolio shock bat gertatzeko aukera azken hamarkadetan ez bezala hedatu baita. Izuaren izuaz, upelaren prezioak beste koska bat egin du gora jada.
Iragarpenetan (beste) astelehen mugitu bat espero bazuten ere, merkatuek lasai antzean hasi dute eguna. Brent upelaren prezioa igo egin da, bai, baina ez du kolpeko igoera handirik izan. Asiako merkatuak zabaltzean 81 dolarren bueltan salerosi bada ere, igoera hori zertxobait apaldu da orduek aurrera egin ahala, eta 75 dolarretan ari da salerosten orain.
Petrolioaren prezioak hilaren hasieran ekin zion garestitzeari, Israelek Iranen aurkako erasoak abiatu zituenean, hainbat hilabetez behera egin ondoren. Goraka jarraitu du orduz gero: duela bost hilabeteko kopuruetan da berriz, eta adituek uste dute joera horrek berdin jarraituko duela hurrengo orduetan eta asteetan ere. Bilakaera, ordea, Iranek AEBei emango dien erantzunaren araberakoa izango da. Teheranek adierazi du «aukera guztiak» aztertuko dituela, eta, jakina denez, petrolioaren merkatuan eragitea da haren gaitasunetako bat, zuzenean edo zeharka haren salneurrian eragin dezakeelako.
Ormuzko itsasarteari so
Ormuzko itsasartea ixteko aukera da azken orduetan gehien zabaldu dena, hala eskatu baitzuen atzo Irango Parlamentuak. Azken hitza, ordea, Ali Khamenei Irango aiatolak dauka, eta oraingoz ez dago erabakia babestuko duen zantzurik. Besteak beste, ondorioak mundu osoan izango lituzkeelako, Iranen bertan ere bai. Izan ere, garrantzi handiko pasabidea da erregaien garraiorako, bertatik igarotzen baita munduko petrolioaren ia herena, eta gasaren bosten bat.
Ormuzko itsasarteak Persiar golkoa eta Omango golkoa lotzen ditu, eta, beraz, bertatik itsasoratzen da Ekialde Hurbileko petrolio eta gas ekoizpen ia guztia. Bada, Iranek itsasartea blokeatzen badu, litekeena da prezioak nabarmen garestitzea, Qatar, Saudi Arabia eta Arabiar Emirerri Batuak bezalako potentziek ezingo luketelako ekoiztutako erregaia esportatu. Sektoreko aditu gehienek uste dute hori hala balitz Brent upelaren prezioak 100 dolarren langa gaindituko lukeela.
Nazioarteko merkataritzan nabarmen eragingo luke horrek, baina bereziki kalte egingo lioke erregai horiek baliatzen dituzten ekonomiei, hots, Txinari. Ormuzko itsasartetik igarotzen den erregaiaren %75 inguru Asiako herrialdeak hornitzeko izaten baita. Baina mundu osoan ere nozituko lirateke haren ondorioak, erregaien prezioa garestitzearekin batera inflazio handiko aldi bat hasiko litzateke eta.
Analista gehienek ez dute uste Iran hain urrun joateko gai izango denik, besteak beste herrialdearen ekonomiarentzat ere pasabide nagusia delako Ormuzkoa; hura da lehengai askoren sarbidea. Hori dela eta, baliteke Teheranek erabakitzea eskualdeko beste petrolio azpiegiturei eraso eginez erantzutea, bereziki AEBen bi aliaturi, Saudi Arabiari eta Qatarri. Bi herrialdeek kezka agertu dute, eta gatazka geldiarazteko dei egin dute.
Ikusi gehiago
Lehenago ere, gerrak agerian utzi zuen munduko herrialde asko zenbateraino dauden erregaiaren eta gasaren menpe. 1970eko hamarkadako petrolio krisiak dira horren adibide. Beste krisi batek zer eragin izango lukeen ikusteko dago, baina lehen kolpea eragin du dagoeneko.