Petrolioa azken lau urteotako preziorik garestienera iritsi da

AEBek su etena hausteko asmoa dutela dioten informazioek 125 dolarretik gora jarri dute Brent upelaren prezioa.

Gasolindegi bat, artxiboko irudi batean. ANDY RAIN / EFE
Gasolindegi bat, artxiboko irudi batean. ANDY RAIN / EFE
Iker Aranburu.
2026ko apirilaren 30a
11:39
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amaitu egin da Iranek eta AEBek hitzartutako su etenak petrolioaren prezioaren igoerari emandako atsedena. Konponbide egonkorrik ezean gatazka luzerako doala ulertzen ari dira merkatuak, eta, udarako petrolio eskasia izango den beldur, upelaren prezioa gora doa etengabe. Azken egunotako joerak gaur jo du goia, une batean Brent upela, ekainean entregatu beharrekoa, 126 dolarrera iritsi baita, azken lau urteotako preziorik handienera —Errusiak Ukraina inbaditu zuenean iritsi zen prezio horretara, 2022ko neguan—. 

Geroago, jaitsi egin da petrolio upelaren prezioa —116 dolarrean salerosten ari zen eguerdian—, baina berriro gora egiteko aukera handiak daudela diote adituek, gerra hotsak berriro entzuten baitira Ormuzko itsasartean. Batetik, Axios agerkari digitalak jakinarazi duenez, AEBetako armadako buruzagi gorenek Iranen aurkako beste erasoaldi baterako planen berri eman behar diote gaur Donald Trump presidenteari. Bonbardaketa horien helburua izango litzateke Teherango agintariek onartzea gatazka amaitzeko Washingtonek egindako proposamenak. Bestetik, Trumpek berak esan zuen asteazkenean su etena luzatuta ere Irango ontziei ez zietela Ormuzko itsasartea igarotzen utziko.

Apirilean hitzartu zuten su etena Washingtonek eta Teheranek, baina orduz gero huts egin dute gatazkari konponbide bat emateko negoziazioek. Bai Iranek eta bai AEBek trabatu egiten dute itsasontzien trafikoa Ormuzko itsasartean, eta hori petrolio gordinaren, erregaien, gasaren, ongarrien eta beste zenbait produkturen eskasia zabaltzen ari da munduan barrena. Orain arte, erreserbek neurri batean konpentsatu ahal izan dute fluxu horren itxiera, baina, itsasartea zabaldu ezean, arazoak handitu egingo dira hurrengo asteotan. 

AEBetako petrolio konpainiak etekina ateratzen ari zaizkio Ormuzko blokeoari, Ekialde Hurbiletik iristen ez den petrolioa han erosten ari direlako erregaia behar dutenak. Joan den astean egunean sei milioi upel esportatu zituzten, inoizko gehien.  

Baina enpresa gutxi batzuen onura herritar askoren galera da, baita AEBetan ere. Izan ere, petrolioaren prezioa —eta, hortaz, erregaiarena—, nazioarteko merkatuek finkatzen dute, eta horrek 2022az geroztiko preziorik handiena eraman du herrialde horietako gasolindegietara. Gerra hasi zenetik, ia %30 garestitu dira, eta batez beste 4,23 dolar ari dira ordaintzen gasolina galoia (3,8) —Europako neurrietara ekarrita, litroko euro bat inguru—.  

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA