Gerraren frontera ez ezik, merkatuenera ere iritsi da su etena. Petrolioaren eta gasaren prezioa behera egiten ari da gaur, Irango Gobernuak iragarri baitu hurrengo bi asteetan itsasontziek «pasabide librea» izango dutela Ormuzko itsasartetik. Hala balitz, Persiar golkoko uretan blokeatuta dauden petroliontziak eta gasontziak beren helmugako portuetarara iritsi ahal izango dira hurrengo egunotan eta asteetan, eta erregaien eskasia arinduko litzateke. Guztira, 800 ontzi daude harrapatuta, baina horietako batzuk kargaontzi arruntak dira.
Ormuzko itsasartetik igarotzen da munduak kontsumitzen duen petrolioaren eta haren eratorrien %20 inguru. Horren zati bat oliobideetatik atera ahal izan dute Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek, baina 175 milioi upel daude itsasontzietan kargatuta, abiatu zain.
AEBek eta Iranek egindako akordioaren ondorioz, Brent upela ia hamabost dolar merkatzen ari da gaur, eta 95 dolarrean salerosten ari da. Jaitsiera handia da, baina oraindik urrun dabil Iranen aurkako erasoa hasi zeneko preziotik, orduan 70 dolar balio zituelako upel bakoitzak.
44Zenbat zentimo garestitu den gasolioa. Gerraren aurretik, gasolio litroak batez beste 1,471 euro balio zituen Euskal Herrian, baina atzo 44 zentimo gehiago balio zituen, 1,991 euro hain zuzen ere. Alde handia dago, ordea, Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean, Espainiako Gobernuak energiaren gaineko zergak apaldu dituelako eta Frantziakoak ez duelako egin, defizit publiko handiak estututa. Horrela, Hegoaldean 1,86 euroan salerosten da diesela, eta 2,20an Iparraldean.
Halaber merkatu da gasa. Europako erreferentziazko merkatuan, Herbehereetako TFFn, megawatt ordua 45 euroan ari da salerosten, su etenaren iragarpenaren aurretik balio zuena baino zortzi euro gutxiago (-%15). AEBek eta Israelek Iranen aurkako erasoa hasi aurretik, berriz, 30 euro balio zituen.
Analistek ez dute espero berehalakoan prezioak gerraren aurrekoetara hurbilduko direnik, bonbardaketek azpiegituraren zati bat txikitu dutelako eta horrek ekoizpena murriztuko duelako konponketak egin arte. Horren adibide bat da Ras Laffan: Qatarren dago, eta gas naturala likidotzeko planta nagusia da munduan, baina martxo hasieratik geldirik dago, Iranen eraso baten ondoren. Wood Mackenzie azterketa etxeak kalkulatu duenez, maiatzean Qatarrek Ras Laffan berriro martxan jarriko balu, abuztu bukaera arte beharko luke oso-osorik lan egiteko.
Gainera, su etena soilik hamabost egunerako izateak tentsioa eta urduritasuna sortuko du merkatuan, eta pentsatzekoa da inportatzaileak ahalik eta petrolio eta erregai gehien pilatzen saiatuko direla hurrengo bi asteetan, beren erreserbak bete ahal izateko, eta horrek lehia handia eragingo du eragileen artean.
Burtsak, gora
Gora egiten ari dira, berriz, mundu osoko burtsak. Asiakoek %3 eta % arteko igoerekin ospatu dute bonbardaketen etena, eta Europakoek %2 eta %4 arteko igoerekin hasi dute goizeko saioa.
Baina igoera horretan bada salbuespen bat, energia konpainiena. Gerrak haien akzioen balioa biderkatu du, irabazi handiak pilatu dituztelako gerrarekin, baina gaur indarra galtzen ari dira. Repsolen akzioa, esaterako, %8 jaisten ari da eta %6, berriz, Totalenergiesena.
Azken konpainia horrek erregaien prezioari muga bat jarri zien aurreko astean, eta horrek bezero andana ekarri zizkion, zenbait gasolindegitan eskasia ekartzeraino. Baina Pazkoko asteburua amaituta, berriro biltegiak bete ahal izan dituela iragarri du.
Espainiak bez-aren murrizketari eutsiko dio
Europako Batzordeak errieta egin die energiaren garestitzeari haren gaineko BEZa jaitsita erantzun duten gobernuei, haren ustez, erabaki hori Europako Batasunaren arauen aurkakoa baita. Espainiako Gobernua izan da neurri hori hartu dutenetako bat —BEZa %21etik %10era jaitsi zuen martxoaren erdialdean—, eta Bruselari erantzun dio ez duela atzera egingo. Nabarmendu du neurria aldi baterakoa bakarrik dela, eta ekainaren 30ean dela amaitzekoa. «Gobernuaren lehentasuna familiak, autonomoak eta enpresak laguntzea da, inoiz behar ez zuen gatazka beliko baten aurrean», azaldu du.