Petrolioa garestitzen ari da, Saudi Arabiak ekoizpena murriztuko duelako

Riadek iragarri du egunean milioi bat upel gutxiago ekoitziko dituela. LPEE+ taldeko kideek uste dute oraingo prezioa apalegia dela

Saudi Arabiako Energia ministroa, LPEE+ taldearen bilerara sartzen. MAX BRUCKER / EFE.
Iker Aranburu.
2023ko ekainaren 06a
00:00
Entzun
Petrolioaren prezioa gora egiten ari da nazioarteko merkatuetan, Saudi Arabiak iragarri ondoren egunean milioi bat upel gutxiago ekoitziko dituela. Brent upela 78 dolarrean salerosten ari da, asteburuaren aurretik baino bi dolar garestiago.

Murrizketaren bitartez, Saudi Arabiak gutxienez 80 dolarretik gora igo nahi du upela, maila hori behar baitu hala bere aurrekontua orekatzeko nola bere ekonomia petrolioaren menpekotasunetik ateratzeko egiten ari den inbertsio erraldoiak finantzatzeko. Saudi Arabiak egunean hamabi milioi upel ekoizteko gaitasuna dauka, inork baino gehiago, baina apirilean milioi erdi upel kendu zituen, eta gaur egun hamar milioi ateratzen dira haren hobietatik. Bederatzi milioi izango dira uztailean: %10 gutxiago.

Murrizketa hori luzatzeko prest dagoela iragarri du, baina ikusteko dago hala egingo ote duen, prezioak asko igotzen ez badira diru asko galduko luke eta. Riaden apustua da bere murrizketarekin eta udan gertatzen den kontsumo handiagoarekin gutxienez hamar dolar garestituko dela upela, eta hor jarraituko duela.

Riaden mugimendua LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundearen eta haren aliatuen asteburuko bileraren ondotik dator. LPEE+ izeneko taldeak kuotak berregituratzea adostu zuen, bilera eztabaidatsu baten ondoren.

Afrikarrek, gutxiago

Adostutakoaren ondorioz, Arabiar Emirerri Batuek baimena izango dute urtarriletik aurrera 200.000 upel gehiago ekoizteko. Emirerrietako Gobernua kexu zen gaur egungo kuota txikiegia zela bere gaitasunarekin alderatuz gero.

Kontrara, kuota txikiagoa izango dute Nigeriak, Angolak eta Afrikako beste herrialde batzuek. Berez, analistek diote herrialde horien ekoizpena ez dela asko txikituko, eta kuota berria haien benetako ekoizpen gaitasunarekin parekatuko dela. Inbertsio eskasiaren ondorioz, gutxiago ekoitzi dute azken urteetan; asteburuko bileran, beraz, murrizketa eragozten saiatu dira: alferrik, baina.

Ikusteko dago zer gertatuko den Errusiarekin. Hura da munduko ekoizle handienetakoa—Saudi Arabiarekin eta AEBekin batera—, eta duela hilabete batzuk iragarri zuen bere kabuz 500.000 upel kendu zituela merkatutik. Baina nazioarteko analistek esku artean dituzten datuek diote gutxiago ez, gehiago ekoitzi duela Errusiak. Horren arrazoia izan daiteke diru sarrera handiak behar dituela Ukrainaren aurkako gerra finantzatzeko. LPEE+ taldearen bileran, adostu dute oraingo ekoizpena neurtuko dutela aditu independente batzuek, eta horren ondoren erabakiko dutela zer egin.

Brent upela, duela urtebete, upeleko 120 dolarrera iritsi zen, eta hala egin zuen gora erregaien prezioak ere, baina gero beheranzko joera hartu zuen, 75 eta 85 dolarren artean salerosi baita. Hala egon da gasolina ere: urtarrilean 1,678 euroan salerosi da Euskal Herriko gasolindegietan, eta ekainean, oraingoz, 1,642 da batez besteko prezioa.

Gasolioa, berriz, merkatzen ari da oraindik, eta gasolina baino merkeagoa da gaur egun:1,731 euroan zegoen litroa urtarrilean, eta 1,467an dago ekainean. Ustekabeko jaitsiera da, zeren, neurri batean, uste baitzen erregai horren eskasia izango zela Europako Batasunak Errusiari diesela erosteko debekua indarrean jarri zenean —otsailean—, eta haren prezioa igo egingo zela.

EBko findegiak, ordea, gasolio gehiago ekoizten ari dira orain, eta petrolio enpresak gai izan dira Errusiatik ez datorrena Indiako eta Turkiako inportazioekin ordezkatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.