Petrolioa: Venezuela kontrolatzeko beste arrazoi bat

Trumpek eta Rubiok Venezuelako petrolioa «guztiz eskuragarri» izan nahi dute. AEBek ez dute petrolio horren beharrik, baina industria hori kontrolpean izatea komeni zaie interes geopolitikoengatik, eta negozioak egiteko aukera bat ere bada.

Petrolio putzu bat Cabimasen, Venezuelan, abenduan. HENRY CHIRINOS / EFE
Petrolio putzu bat Cabimasen, Venezuelan, abenduan. HENRY CHIRINOS / EFE
Paulo Ostolaza.
2026ko urtarrilaren 5a
14:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Venezuelari eraso egin eta Nicolas Maduro presidentea preso hartu zutenetik, Donald Trump eta Marco Rubio ahoan bilorik gabe ari dira hitz egiten petrolioaz. AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak argi esan zuen Delcy Rodriguez Venezuelako behin-behineko presidenteari zer eskatuko dion: «Guztiz eskuragarri izan behar ditugu petrolioa eta herrialdea berreraikitzeko modua emango diguten beste gauza batzuk». Baina petrolioa al da Washingtonen esku hartzearen zio nagusia?

Egiari zor, AEBek ez dute Venezuelako petrolioa behar. Uneotan, munduko petrolio ekoizlerik handienak dira AEBak —egunean hamalau milioi upel inguru ekoizten dituzte—, eta Rubio Estatu idazkariak berak adierazi zuen atzo ABC News katean petrolioa «sobera» dutela. Ez dute nahi, ordea, Venezuelako petrolio industria «AEBen etsaiek» kontrolatzea, hala nola Errusiak, Iranek eta, batez ere, Txinak.

Gaur egun, Asiako erraldoia da Venezuelatik petrolio gordin gehien inportatzen duen herrialdea. Horrek ez du esan nahi Txinarentzat Venezuelako petrolioa ezinbestekoa denik: inportatzen duen petrolioaren %5 baino gutxiago heltzen da Venezuelatik. Geopolitikoki, ordea, Venezuela da Txinak Hego Amerikan duen aliaturik fidelena, eta inportazioen datuek erakusten dute elkarlan hori sendotu egin dela azken urteetan: 2023tik 2024ra, Txinak hirukoiztu egin zuen Venezuelari erosi zion petrolio kantitatea. 

Petrolio findegi bat Richmonden, AEBetan. JOHN G. MABANGLO / EFE
Chevron konpainiaren petrolio findegi bat Richmonden, AEBetan. Venezuelan diharduen petrolio konpainia estatubatuar bakarra da. JOHN G. MABANGLO / EFE

Ondorioz, Washingtonek Venezuelako petrolioaren gaineko kontrola lortzea kolpea da Txinarentzat, bai, lehengaien ekoizle handi bat AEBengana hurbilduko litzatekeelako, baina ez dirudi Pekinentzat sekulako arazoa izango denik ere.

Venezuelako petrolioa AEBetako enpresek kontrolatzeak beste ondorio geopolitiko zuzen bat ere izan dezake: Kubak ez du sarbiderik izango hango petroliora, eta ikusteko dago uharteko gobernuak nola egingo dion aurre horri. Trump: «Kuba erortzear dago. Ez dakit nola mantenduko diren, ez dute diru sarrerarik. Diru guztia Venezuelatik jasotzen zuten, Venezuelako petroliotik».

Ustiatu ezinda

Petrolioa ez da, beraz, AEBek Venezuela kontrolpean hartzeko zergati bakarra, baina horrek ez du esan nahi garrantzitsua ez denik. Venezuelako petrolio industria bolada pattala igarotzen ari da; izan ere, herrialdeak egiaztatutako petrolio erreserbarik handienak ditu —mundu osoko erreserben %17—, baina urteen poderioz galdu egin du ustiatzeko ahalmena, eta, gaur egun, munduko ekoizleetan hemezortzigarrena da. 1990eko hamarkadan, egunero hiru milioi upel ekoizten zituen batez beste, eta 2025. urtean, azken sei urteetako ekoizpen handiena izan arren, milioi bat upel inguru ekoitzi ditu egunean. AEBen zigorren eta inbertsio faltaren ondorioz gertatu da hori.

Venezuelako petrolio gordina astuna da, petrolio hori fintzea garestia da, eta prozesu horretarako atzerriko inbertsioen menpe dago herrialdea. Txinak, esaterako, petrolio gordina Shandong eskualdera eraman eta han fintzen du, nagusiki asfaltatze lanetarako. AEBek, berriz, Mexikoko Golkoko kostaldean dituzte lehengai hori prozesatzeko findegiak, «munduan dauden onenak», Marco Rubioren hitzetan. Ez alferrik, AEBak izan dira, historikoki, Venezuelako petrolio gordinaren erosle nagusiak: 1993tik 2010era, batez beste, hilean 30 milioi upel inportatzen zituzten handik. Orain, ordea, petrolio astuna Kanadatik eta Mexikotik lortzen dute batez ere; Saudi Arabia, Irak eta Brasil dira estatubatuarren beste hornitzaile nagusiak.

303.000

Petrolio erreserbak. Venezuelak 303.000 milioi upelen erreserbak ditu lur azpian —batik bat Orinoko ibaiaren ibarrean—, Saudi Arabiak baino gehiago. Munduko erreserbarik handienak ditu.

Petrolio gordin astunak zenbait erabilera jakin ditu —asfaltoa, diesela edota industriarako erregaia ekoizteko balio du—, AEBek ekoizten duten petrolio gordin arinaren bestelakoak, eta horri buruz hitz egin zuen atzo AEBetako Estatu idazkariak: «Petrolio gordin astunaren gabezia izan da munduan, eta uste dut industria pribatuak hori ustiatzeko interes handia izan dezakeela aukera ematen badiogu».

Trumpek, larunbatean, ziurtatu zuen petrolio konpainiek «milaka milioi» inbertituko dituztela Venezuelako petrolioa ustiatzeko azpiegiturak «konpontzeko». «Petrolioaren negozioa erabateko porrota izan da Venezuelan. Ez ziren ia batere ateratzen ari, atera zezaketenarekin alderatuta», azaldu zuen AEBetako presidenteak. Interes geopolitikoen artean nahastu da, beste behin, petrolioaren negozioa.

Petrolio produkzioaren gainbehera

Duela 35 urte inguru, petrolio industriaren politika errotik aldatu zuen Venezuelako orduko gobernuak, eta Petrolioaren irekiera deitutako aroa hasi zen. Garai hartan petrolio upelaren prezioa merkea izaki, arriskua saihesteko eta inbertsioak errentagarri egiteko abantailazko baldintzak ezarri zizkien PDVSA enpresak atzerriko multinazionalei. Hiru kontratu mota bultzatu zituen, eta, haien baldintzak aldatuz gero, konpentsatzeko klausulak ezarri zituzten. Politika hark petroliogintzako talderik handienak erakarri zituen: BP, CNPC Txinako Petrolio Korporazio publikoa, Chevron, Repsol, Conoco, ENI, Exxon, Petrobras, Shell, Statoil, Total...  

Proiektu horiei guztiei esker, hamabost urteren buruan produkzio ahalmena handitu, eta eguneko 1,1 milioi upel gehiago ekoitzi ahal izan zituen herrialdeak.

Hugo Chavez boterera heltzeak ez zuen egoera aldatu, eta sinatutako kontratuak errespetatzeko konpromisoa hartu zuen. 

Apurka gauzak aldatu ziren, baina. Batetik, 2001ean, hidrokarburoen legea aldatu, eta atzerriko enpresei petrolio hobi bat ustiatzeagatik kobratutako royaltya %16tik %30era igo zien. Bestetik, PDVSA konpainiaren kontrola bereganatu nahi izan zuen Chavezek, eta bertako agintaritzak pultsua bota nahi izan zion gobernuari, grebara deituta. Lanuztea zela eta, enpresako buruak eta 17.000 langile kaleratu zituen Chavezek. Gatazka hark bi urte iraun zuen. 

Ezegonkortasun eta ezagutzaren galera hark ez zuen produkzioan eragin.

Mugarria 2004. urtearen amaieran izan zen. Hamar urte lehenago sinatutako kontratuetan aldaketak iragarri zituen gobernuak. Baldintza berriak onartu ez zituzten konpainiak, berriz, nazionalizatu egin zituen —hala nola Exxon edo Conoco—. BPk, berriz, bere partaidetza saldu zuen 2010ean. Chevron, Total, Eni, Shell eta Repsol geratu egin ziren, eta nazioarteko bazkide berriak bilatu zituen Venezuelak: Txina, Errusia eta India. 

Apurka, proiektuak ustiatzeko atzerriko inbertsioa murriztuz joan zen. Chavezen gobernuak 2012rako egunean 5,8 milioi upel ekoizteko helburua jarri zuen, baina oso urrun geratu zen. Ekoizpen ahalmenari eutsi zion, bederen. 

Aitzitik, Nicolas Maduroren agintepean, egoerak okerrera egin du. 

Zergak eta royaltyak igo zituzten, eta PDVSAk proiektuen gaineko kontrola eta erabaki ahalmena exijitu zuen. Urte luzez, nazioarteko petrolio merkatuetako prezioren garestitzeak ondorio ekonomikoak estaltzeko balio izan zuen, baina 2016tik aurrera gainbehera nabaritu zen: egunean 2,6 milioi upel ekoiztetik 2018an 1,6 milioi upel ekoizten hasi zen, eta 2020an 640.000 upel. Petrolio taldeek herrialdeen baliabideak ustiatzen dituzte, eta dirua erruz irabazi ohi dute; baina gobernua ez zen jabetu zer neurritan behar zituen haien inbertsioak produkzioari eusteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.