AEBek eraso egin diote Venezuelari, eta preso hartu dute Nicolas Maduro presidentea. AEBetako presidente Donald Trumpek arratsaldean hitz egin du kazetarien aurrean, eta jakinarazi du Washingtonek hartuko duela herrialdearen kontrola, «trantsizio seguru bat» egin daitekeela baieztatu arte. «Kudeaketa egokia egin nahi dugu. Ez dugu Maduro atzeman eta alde egin nahi. Herrialdea zuzenduko dugu trantsizio egokia egin daitekeela bermatu arte». Hala ere, ez du zehaztu nork hartuko duen kontrol hori. Maduroren eta haren emazte Cilia Floresen inguruan, Trumpek adierazi du AEBetako armadako itsasontzi batean dituztela senar-emazteak, New Yorkera bidean, eta AEBetan epaituko dituztela: «Beren jarduera kriminalaren frogak aurkeztuko dira», gaineratu du.
ZUZENEKOa
2003an Irak inbaditu zutenetik egin ez duten bezalako eraso batean, AEBek Caracas hiriburua eta beste estatu batzuetako helburu zibil eta militarrak bonbardatu dituzte bart goizaldean. Ohi duen bezala, Trump bere sareen bidez mintzatu da lehen orduan, eta, prentsaurrekoa egin aurretik, The New York Times egunkariaren eta Fox News hedabidearen bitartez hitz egin du. Erantzun labur bat eman dio The New York Times egunkariari: goizeko operazioaren «bikaintasuna» azpimarratu du, zeina, haren arabera, «prestaketa onari eta soldadu on-on anitzen inplikazioari esker» burutu ahal izan duten. Fox News hedabidean, berriz, esan du operazioa duela egun batzuk egitekoak zirela, baina eguraldiagatik atzeratu egin behar izan zutela. Duela astebete Madurori amore emateko ere esan ziola azaldu du: «Zerbait indartsuagoa egin behar genuen». Era berean, azaldu du Maduro eta Flores atxilotzeko operazioa «telebista saio bat balitz bezala» ikusi duela, eta azpimarratu du munduan ez dela horrelako operaziorik egin dezakeen beste herrialderik.
Ordu batzuk igaro direnean hitz egin du prentsaren aurrean, Mar-a-Lagoko (Florida, AEB) luxuzko bere etxean, Euskal Herrian 17:30ak pasatxo zirenean. Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak, Pethe Heghseth Defentsa idazkariak eta Dan Caine AEBetako Aireko armadako jeneralak lagunduta irten da kazetarien aurrera, eta paparra atera du bart egindako erasoa dela eta. Esan duenez, gauean Venezuelan egin duen erasoak «justizia» lortzea zuen helburu, eta, horri eskerrak, AEB «herrialde errespetatua» dela nabarmendu du, «orain arte inoiz ez bezala, seguruenik». Aurrez Fox News hedabideari esandakoa ere errepikatu du kazetarien aurrean. Alegia, «munduko beste edozein herrialdek lortuko ez lukeen» operazioa egitea lortu dutela AEBetako estatu indarrek; «oso denbora laburrean», gaineratu du: «Venezuelako militarrek ezin izan dute ezer egin gure militarrek, estatu indarrekin batera, gauerdian Maduro atzeman dutenean».
Bart egindako erasoaren inguruko xehetasunak emateaz gain, Trumpek adierazi du operazioa «arrakasta hutsa» izan dela, baina Etxe Zuriko maizterrak ez du beste eraso bat egiterik baztertu: «Lehen erasoak horrenbesteko arrakasta izan duenez, ez dut uste beste eraso bat egitea beharrezkoa izango denik. Baina behar izanez gero, prest gaude eraso handiago bat egiteko».
Maduroren inguruan, Trumpek esan du «legez kontrako diktadore bat» dela, eta «sare kriminal bat» zuzentzen zuela. Erasoaren jomuga, ordea, petrolioan jarri dute askok eta askok. Munduko petrolio erreserbarik handienetakoak ditu Venezuelak, eta Trumpek kritikatu egin du Venezuelak orain arte petrolioaren inguruan egin duen kudeaketa. «Venezuelak luzaroan egin du porrot petrolioaren negozioan. Atera zezaketena eta atera dutena alderatuta, oso petrolio gutxi atera dute». AEBetako presidenteak azpimarratu du Venezuelan petrolioaren negozioa «berreskuratzeko» prest dagoela. Ildo horretan, gogoratu du AEBetako petrolio konpainiak «munduko handienak» direla, eta «milaka milioi dolar» inbertituko dituztela ere jakinarazi du, «petrolio azpiegiturak konpontzeko, eta herrialdearentzat diru sarrerak sortzeko».
Trumpek hitz egin aurretik, J. D. Vance AEBetako presidenteordeak eman ditu xehetasun gehien bere X kontuan: «Presidenteak behin baino gehiagotan proposatu dizkio aterabideak [Madurori], eta argiki mintzatu da prozesu osoan: droga trafikoa eten behar da, eta ebatsitako petrolioa AEBei itzuli behar zaie. Maduro izan da azkena deskubritzen Trump presidenteak ez duela hitzik jaten. Zorionak indar armatuetako operadoreei, behar bezala gauzatu baitute egiazki harrigarria izan den operazioa».
Venezuelako agintariek ere hitz egin dute. Diosdado Cabello Venezuelako bigarren agintaria Caracas hiriburuko kalera atera da goizean goiz, balen aurkako txalekoa soinean eta soldaduz inguraturik. «Kalean zabaldu ditugu soldaduak. Lasaitasunerako deia egiten dugu. Izan konfiantza gugan», esan du. Barne ministroaren irudiak zabaldu dituzte Venezuelako hedabideek, kalean, erasoak gorabehera, Maduroren gobernuak kontrolari eusten diola helarazi nahian. Herritarrei mintzatu zaie, gero: «Nehor ez dadila etsitu. Nehork ez diezaiola lana erraztu etsai inbaditzaileari».
Caracasek jakinarazi duenez, Vladimir Padrino Defentsa ministroak hartu du Venezuelako presidentetza, oraingoz. Venezuelako prokuradore orokorra ere mintzatu da, Tarek William Saab, eta baieztatu du «biktima errugabeak» hil dituztela «gauean koldarkeriaz gauzatutako eraso terroristan»; datu ofizialik ez da atera momentukoz. Halaber, Saabek adierazi du, presidenteari edozer gerta ere, AEBak izendatuko dituztela erantzule.
Atzerrian dagoen Venezuelako gobernuaren oposizioak, berriz, Maria Corina Machado buru dela, Trumpek prentsaren aurrean hitz egin baino minutu batzuk lehenago eman du bere iritzia. Ohar bidez jakinarazi du, eta txalotu egin du AEBen erasoa. Bakearen Nobel sariduna pozik azaldu da Maduro presidentea preso hartu eta indarrez AEBetara eraman dutelako, eta iragarri du iritsi dela «askatasunaren garaia» Venezuelarentzat. Era berean, ziurtatu du Edmundo Gonzalez dela orain Venezuelako presidentea, eta Venezuelako Armadari hori onartzeko eskatu dio. Gainera, erantsi du Madurok erantzun egin beharko duela «venezuelarren aurka egindako delitu zitalengatik». Trumpek egin duen agerraldian Machadoren inguruan galdetu diote, baina adierazi du ez daukala Venezuelako herritarren «sostengu eta errespetu» nahikorik.
Base militarrei eraso
Goizaldean izan dira erasoak, Euskal Herrian 07:00ak zirela. Zenbait leherketa izan dira aldi berean Caracas hiriburuan eta beste estatu batzuetan, eta, CBS AEBetako telebista kateak jakinarazi duenez, Etxe Zuriak baieztatu dio Donald Trump presidenteak agindu duela erasoa. Marcos Rubio AEBetako estatu idazkariak jakinarazi du Maduro eta Flores preso hartzeko operazioan parte hartu dutenei babesa emateko egin dutela eraso, eta, behin helburua lortuta, ez duela segidarik izango.
Venezuelako Gobernuak salatu du «eraso militar oso larria» izan dela, eta «kanpoko astinaldi egoera» ezarri du, kanpotik eragindako gatazka batek herrialdearen segurtasuna arriskuan jartzen duenean ezar litekeen salbuespen egoera. Herrialdea defendatzeko eta «borroka armatuari ekiteko» prestatu daitezela agindu dio armadari. Herritarrei ere mobilizatzeko eskatu die.

Lekukoen arabera, Euskal Herrian 07:00ak zirela izan dira leherketak, eta, eztandekin batera, hegazkin hotsa ere entzun da. Gobernuak handik gutxira jakinarazi du Miranda, Aragua, La Guaira eta Caracasen dauden instalazio zibil eta militarren aurkakoa izan dela erasoa. Sare sozialetan, hainbat herritarrek leherketa horien irudiak argitaratu dituzte. Irudi horietako batzuetan, Fuerte Tiuna eta La Carlota base militarretatik gertu ikusten dira leherketak. «Fuerte Tiuna lehertzen ari da», entzun daiteke bideo horietako batean.
Fuerte Tiuna Venezuelako instalazio militar ezagunenetako bat da, eta hainbat erakundek dute hor egoitza, besteak beste, Defentsa Ministerioak eta Armadaren Komandantzia Orokorrak; Venezuelako presidenteordearen egoitza ofiziala ere hor dago. La Carlota hegazkinen base bat da, eta Caracas ekialdean dago.

Mehatxuei segida
Venezuelako Gobernuak salatu du Nazio Batuen Erakundearen Gutuna urratu dutela AEBek, «batik bat 1. eta 2. artikuluak»; izan ere, artikulu horiek herrialde bakoitzaren subiranotasunaren errespetua, berdintasun juridikoa eta indarraren erabileraren debekua bermatzen dituzte. Ohar batean, gaineratu du erasoak arriskuan jarri dituela «bakea eta nazioarteko egonkortasuna», baita «milioika pertsonaren bizia» ere. NBEren Gutunaren 51. artikulua ere aipatu du, eta adierazi Venezuelak eskubidea duela bere herria eta bere lurraldea defendatzeko.
Venezuelaren eta AEBen arteko tentsioak gora egin du azken hilabeteetan, eta Maduroren gobernuak Donald Trumpen mehatxuak salatu ditu. Trumpek narkotrafikoarekin lotu du Venezuelako Gobernua, eta mahai gainean jarri izan du herrialde horri eraso egiteko aukera. Izan ere, 2020an, Maduro jadanik auzipetu zuten AEBetan, narkotrafikoagatik: Washingtonek 15 milioi euro eskaini zituen hura atxilotzeko modua emango zuen edozein informazioren truke; 2025 hasieran 25 milioira igo zuten eskaintza, eta 50 milioira, 2025eko abuztuan. Erraterako, Washingtonek Madurori leporatzen dio Soles kartelaren buru izatea, baina kartel horren izatea bera ez da frogatua.
Ikusi gehiago
Trumpek militarrak hedatu zituen abuztuan Karibeko uretan, «narkotrafikoari aurre egiteko», hain zuzen. Hori aitzakia hartuta, irailetik zenbait ontziri eraso dio, eta azaroan USS Gerald R. Ford hegazkinontzia eraman zuen inguru horretara; 4.000 marinel baino gehiago daude han, baita hainbat aireontzi ere. Etxe Zuriak, ondoren, beste koska bat igo zuen tentsioa, eta Venezuelatik ateratzen ziren petroliontziei eraso egiten hasi zen. Joan den ostiralean instalazio militar handi baten kontra eraso egin zuela iragarri zuen, baina ez zuen zehaztu non.
Kolonbiari ere egin zion mehatxu Trumpek, eta Gustavo Petro presidenteak erantzun zion «gerra deklaratzea» litzatekeela hori. Kolonbiako Gobernuak batasunerako deia egin zien Latinoamerikako herrialdeei.