Greba orokorra. Herrialdeak. Nafarroa

Poliziaren jazarpenak greba baldintzatu du

Iparraldean erantzun handia izan du grebak; Iruñerrian, gorabeheratsua, eta hegoaldean, txikia

Espainiako Poliziaren presentziak eta oldarraldiak baldintzatu zuten greba Iruñerrian atzo. JAGOBA  MANTEROLA / ARP.
joxerra senar
Iruñea
2012ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Recuerdo de España —Espainiako oroigarria— dioen gomazko pilota bat jaso zuten atzo Iruñeko San Nikolas karrikan. Bezperako Madrilgo istiluen oihartzunak itzali gabe zeudela, Espainiako Polizia protagonista bihurtu zen atzo Iruñerrian. Espresuki bilatutako irudia lortu zuen Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak. Hainbat koloretako polizien presentzia aurreko grebetan baino handiagoa izan zelako, baina batez ere, Poliziaren jazarpena nabarmen handiagoa izan zelako. Greba eguna baldintzatu zuten.

Hasieratik egon zen tentsioa. Merkairuñan, poliziek gehienez hamar kideko pikete taldea sartzen utzi zuten 06:30ean. 07:00etan, Txantrea auzoan, bizikletan zihoan pikete talde bati alde zaharrerako bidea oztopatu zieten. Taldeko kideak identifikatu ostean, bizikletan elkarrekin ibiltzea debekatuta zegoela esan zieten, eta etortzear zegoenaren iragarpen bat egin zuen polizia batek. «Gaur, tolerantziarik ez»..

Landabenen, Orkoienen, Agustinosen eta beste industriaaldeetan, grebak enpresaz enpresa erantzun desberdina zuen. Bitartean, lehen argi izpiekin batera, lehen istiluak gertatu ziren Atarrabian eta Arrotxapean. 10:00etan Corte Inglesen lehen oldarraldia egin zuten. Espe Iriarte Hezkuntzako ordezkaria poliziek «hitzik ere esan gabe» lurrera bota eta jo egin zuten. Hura laguntzera joan zen Sabino Cuadra, Amaiurko diputatu agiria eskuan zuela, eta hura ere jo egin zuten. Goiz osoan tentsioa handituz joan zen.

Eguerdiko manifestazioa jendetsua izan zen: 18.000 lagun inguru, sindikatu antolatzaileen arabera. Martxoaren 29koa baino gutxiago, baina eurek deitutako aurreko grebak baino gehiago. Lizarran, gainera, 2.000 elkartu ziren; Tafallan, Tuteran eta Elizondon 500. Beran, debekatu egin zuen Guardia Zibilak, eskaera berandu egin zela argudiatuta.

Manifestazio ostean etorri ziren polizien eta foruzainen oldarraldiak. 14 urteko gazte bati burua ireki zioten, eta beste bati begian jo dute pilotakada batekin. Zauritu gehiago izan ziren, tartean Diario de Navarra-ko kazetari bat, ustez botila batek buruan jota. Oldarraldiak arratsalde osoan izan ziren. Gaur arte itxaron beharko da zaurituen balantzea egiteko. Espainiako Poliziaren arabera, arratsaldera arte, hamalau lagun atxilotu zituzten. 18:00etan, alde zaharreko irteerak itxi zituzten, grebalariak arratsaldeko manifestaziora joatea galerazteko. Handik ordu erdira irteera ahalbidetu zuten.

Erantzun desberdina

Sakanan, Bortzirietan eta Leitza aldean grebaren erantzuna ia erabatekoa izan zen, ELA eta LABen arabera. Lanuzte erabatekoa egin zuten, besteak beste, Merkairuñan, Lacteos de Navarran, Norton (%78), Thyssen Igogailuak, Umen, Ansal... Kybsen, %65ekoa, eta TRWn, %40koa. Nafarroako Unibertsitate Publikoan ez zen eskolarik izan. Ikastetxeetako hamahiru jangeletan, lanuztea erabatekoa izan zen. Iruñerriko garraio publikoan ezarritako %40ko gutxieneko zerbitzuak betetzera derrigortuak izan zirela salatu dute ELAk eta LABek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.