Putinek ezingo du konpondu grapagailua

El Casco luxuzko bulego-tresneria konpainia historikoak porrot egin du, baina eroslea aurkitu dute haren galvanizatze tratamenduen atalarentzat.

El Cascoren lantegia, Elgetan. BERRIA
El Cascoren lantegia, Elgetan. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko urtarrilaren 7a
13:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Vladimir Putin Errusiako presidenteak Eibarren eginiko El Casco etxeko grapagailu bat du bere bulegoko mahaiko tiraderan. Andres Pastrana Kolonbiako presidente ohiak ere halako bat zuen, eta asko izan dira objektu horixe erabili izan duten enpresariak eta agintariak. Hori bai, apurtzen bazaio, beste modelo batekoa erosi beharko du, zeren Tuncalya konpainiak, El Casco markaren jabeak, porrot egin baitu, eta bere galvanizatze atala mantenduko du bakarrik, Innomati esker.

El Casco itzal handiko enpresa izan zen Debabarrenean, eta haren izena luxuari lotuta egon da azken hamarkadetan. Olave, Solozabal y Ciak sortua, 1940ko hamarkadara arte pistolak ekoitzi zituen, eta Espainiako gerraren ondoren armagintzan pilaturiko ezagutza beste sektore batean aplikatzen hasi zen. Orbeak eskopeten kanoiak egiteko teknika bizikleten ekoizpenera eraman zuen bezala, El Casco primerako grapagailuak egiten hasi zen errebolberren mailuak egiteko teknologian oinarrituta: zulagailuaren erabilera, tornuarena, galvanizatzeak....

1960ko hamarkadan, berrehun langile ere izan zituen, eta bulego-tresneria produktuak dibertsifikatu zituen: zulagailuak, zorrozkailuak... Diseinuagatik, kalitateagatik eta amaierako estalki kromatuarengatik ziren ezagunak —urrezko bainuak—. M5 grapagailua izan zen ikurra, eta New Yorkeko Moma museoan erakusgai ere egon zen, eguneroko gailuetan txertaturiko industria diseinuaren eredu gisa. 1970eko eta 1980ko hamarkadetan ekoitzitako El Casco grapagailu asko oraindik ere primeran dabiltza, eta apurtezin ospea dute.

El Cascoren M5 grapagailua. Enpresaren bildumako produktu ezagunena izan da. BERRIA
El Cascoren M5 grapagailua. Enpresaren bildumako produkturik ezagunena izan da. BERRIA

Garai oparoak, baina, iraganean gelditu ziren. Mugak irekitzearen ondorioz, bulegoko material merkea sartu zen, eta El Cascoren gainbehera hasi zen. 2014an konkurtsoan sartu zen, eta Turkiako Bayrak Vedat enpresak erosi zuen. 2005etik bezero zen, eta orduko lanpostu guztiei eutsi zien —2019az geroztik hogei inguru—. 2010ean planta berria eraiki zuen Elgetan (Gipuzkoa), eta kalitate handiko galvanizatze bainuak egiteko adarra sortu zuen. Tratamendu horiek egiteko ahalari esker, luxuzko produktuak ekoizten zituzten hainbat bezero lortu zituen: autogintzakoak, lurrin ekoizleak...

60.000 euroan

Ahalegin guztiak, baina, ez ziren nahikoa izan, eta, urte askotan galerak izan ondoren, iazko abenduaren 17an enpresa berriz ere sartu zen konkurtsoan. Bi aste geroago, baina, eta El Economista agerkariak zabaldu duenez, aurkitu du eroslea. Soluciones Tecnicas Shizukanik 60.000 euroan erosi du Tuncalya. Shizukani Innomat Coatings Mallabiko konpainiak sortu berri duen enpresa bat da. Erosleak bere gain hartuko ditu, besteak beste, Tuncalyak langileekin eta Gizarte Segurantzarekin dituen zorrak.

Innomatek eskarmentu handia du gainestaldura industrialetan, eta Tuncalyaren bezero zen, Estalki XXI. enpresaren bitartez. Azken bost urteetan haren bezero izan da —bi milioi euroren zerbitzuak kontratatu ditu—, eta epaileak enpresari jarritako kudeatzaileari hitzeman dio inbertsioak egingo dituela plantan eta gutxienez hiru urtez eutsiko diola estalkietarako tratamenduen jardunari. Asmo horrek, baina, badirudi amaiera jarriko diola El Casco ezagun egin zuen jardunari, eta, ezustekorik ezean, luxuzko grapagailuak aurrerantzean bildumagileentzako produktu izango dira.

Ugari erosi du Tecnimoemek, Stellum funtsaren eskutik

Tecnimoem Care taldeak Ugari Geriatrica adinekoentzako produktuak saltzen dituen enpresa erosi du. Biak sektore bereko euskal enpresak dira, baina Ugari eserleku motordunen eta altzari egokituen banaketan berezitua dago. Stellum Growth funtsa 2023an sartu zen Tecnimoemen akziodunen artean, eta haren eskutik egiten ari den zabalkunde estrategiaren parte bat da erosketa hau. Ugariren merkatua xurgatzean —marka mantenduko du—, Tecnimoemen urteko fakturazioa hamabost milioi ingurukoa izango da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.