Sabadellek ezetza eman dio BBVAren erosteko eskaintzari

Joan den astean proposamena egin zion BBVAk; baldintzek ez ditu «ase» Sabadellen interesak. Hark berretsi du banku independente gisa jarraituz gero «balio handiagoa» sortuko duela.

Sabadell bankuaren egoitza, Sant Cugaten (Herrialde Katalanak). TONI ALBIR /EFE
Sabadell bankuaren egoitza, Sant Cugaten (Herrialde Katalanak). TONI ALBIR /EFE
Julen Otaegi Leonet.
2024ko maiatzaren 6a
21:05
Entzun

Irmoki luzatu zuen BBVAk Sabadell bankua erosteko eskaintza joan den astean: Sabadellek 4,83 akzioren truke BBVAren bat jasoko luke, eta, orotara, 11.500 milioi euroan baloratu zuen BBVAk Sabadell, berez zuen balioaren gainetik. Lau egun behar izan ditu Kataluniako bankuak erantzuteko, eta, beste behin, ezetza eman dio. Sabadellek deritzo BBVAren eskaintzak «nabarmen gutxiesten» duela bai bankua, bai haren «hazteko aurreikuspenak». «Eskatu gabeko» proposamenak ez omen ditu «ase» Sabadellen interesak, eta, gainera, uzkur egin dio BBVAk burtsan duen «aldakortasunari» —ostegunean eskaintza egin zuenetik %9 galdu du; Sabadell, berriz, %8 igo da—. BBVAk «penaz» hartu du Sabadellek «eskaintza hain erakargarria» atzera bota izana.

Sabadellek berretsi du banku independente gisa jarraituz gero «balio handiagoa» sortuko duela. Hain zuzen, lau urte igaro dira BBVAk lehen eskaintza egin zuenetik, eta ordutik hona lau bider egin du gora Sabadellen balioak burtsan. Bi bankuen arteko kargu banaketa ere izan zen arrazoietako bat 2020an proposamenari uko egiteko. Oraingo honetan, BBVAk administrazio kontseiluko hiru kontseilari postu eskaini dizkio, horietako bat, presidenteordearena.

Beste hauek ere proposatu zituen: batetik, taldearen egoitzetako bat Katalunian ezarriko litzateke, gaur egun Sabadellen egoitza nagusia den tokian, Sant Cugaten; bestetik, BBVA marka gailenduko litzateke, baina bankuak proposatu zuen euren marka nagusiaren alboan Sabadell Bankua izenari eustea «interes komertzial handia den eskualdeetan eta negozioetan».

Ez da kontu berria bi bankuen artekoa: duela lau urte, bi asteko negoziazioen ostean, Sabadell bankuko arduradunek ez zuten onartu BBVAren eskaintza. Ezetzaren arrazoietako bat izan zen BBVAk ez zuela kontuan izan «negozioaren potentziala eta bankuaren independentziaren galera». Izan ere, BBVAren asmoa zen banku berria kontrolatzen jarraitzea. Oraingoan ere antzeko zioek eragin dute bigarrengo erosketa eskaintzari uko egitea.

Bizkaian sortutako bankuari Sabadellek enpresa txikien eta ertainen finantzaketan duen negozioa interesatzen zaio, baina baita banku katalanak Erresuma Batuan duen adarra ere, Lloyds Bank izenekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.