SARE SOZIALAK OGIBIDE

Gero eta eduki sortzaile eta kontsumitzaile gehiago daude sare sozialetan, eta badira edukiak sortuz bizibidea ateratzen dutenak ere, baina nola lortzen da dirua? Nondik dator?

BERRIA.
Igor Baigorri Perez
2023ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Lanean zortzi orduz jardun, enpresa batekin kontratua sinatu, eta hilean soldata bat eskuratu. Hori da herritar askoren hautua. Hala ere, belaunaldi berriek erakutsi dute beste hamaika bide daudela dirua lortzeko. Teknologia berriek modua ematen dute norbanakoaren irudia enpresa bilakatzeko, eta eduki sortzaile askok ogibidetzat dauzkate jada sare sozialak.

Ikusi gehiago:«Tiktoken, zeharka irabazten da diru gehien»

Une oro mundu osoko milioika eta milioika erabiltzaile daude sare sozial nagusietan, eta elkarreragin handia izaten da horietan. Industria horrek eragin nabarmena du, eta, halaber, nabarmena da hartan mugitzen den diru kopurua ere, baina nola kudeatzen da, eta nondik dator diru hori guztia? Nola irabazten da dirua sare sozialetan?

Plataforma digital ugari daude, sortzaile ugari, eta dirua lortzeko modu ugari ere bai, baina arreta handiena pizten duena ikusle eta harpidetza kopuruarengatik eskuratzen den dirua da. Puntako sare gehienak doakoak dira, hau da, erabiltzaileek ez dute ordaindu beharrik edukiak ikusteko. Beraz, nola da posible horrenbeste diru mugitzea? Publizitatea sartzen da orduan.

Publizitatea era masiboan aurkitu daiteke sare sozialetan, erraza baita digitalki iragarkiak bata bestearen atzetik ipintzea. Publizitatetik dator plataformen eta influencer-en diru sarrerarik konstanteena. Hilabeteko ikustaldi kopuruak aintzat hartuz, publizitatearekin jasotako dirua banatu egiten da eduki sortzailearen eta sare sozialaren artean, baina, diru hori eskuratzeko, aurretik kontratu bat sinatu beharra dago.

Erabiltzaile guztiek ezin dute dirua jaso sare sozialetatik. Hainbat baldintza eta arau bete behar dira: adinez nagusia izatea eta plataformako komunitate politikak, arau orokorrak eta pribatutasun irizpideak betetzea, besteak beste. Plataforma askotan gutxieneko ikusle eta harpidetza kopuru batzuk ere eskatzen dituzte lana monetizatzeko. Adibidez, Tiktok sare sozialeko monetizazio baldintzetako bat da 10.000 jarraitzaile baino gehiago izatea, baita azken 30 egunetan 100.000 ikustalditik gora izatea ere.

Plataformaz plataforma

Youtube eta Twitch plataformak erabiltzen dira gehien gaur-gaurkoz bideo luzeak igo eta zuzenekoak egiteko. Youtube plataformatik dirua jasotzeko, beharrezkoa da 1.000 harpidetzatik gora izatea eta azken urtean 4.000 ordutik gorako ikustaldiak izatea. Twitch plataforman, monetizazioari dagokionez, sortzaileek aukeratu dezakete zenbat iragarki tartekatu bideoetan. Gehienez hiru minutuz jar daiteke publizitatea orduko; baina, gehienetan, sortzailerik handienek orduko minutu bat jartzen dute, ikusleen atseginerako. Iragarkiak ikusten dituzten erabiltzaileen kopuruaren araberakoa da jasotzen den dirua Twitchen.

Bestalde, eduki laburrak eta bertikalak dira gehien ikusten direnak. Tiktok izan zen hori eskaintzen aitzindaria, eta horri jarraitu diote Instagram Reelsek eta Youtube Shorts-ek. Tiktok plataformak ez du banatzen publizitatetik jasotzen duen dirua. Horren ordez, sortzaileentzako funts gisa izendatutako diru zaku bat dute; horrekin, 1.000 milioi euro banatzen dituzte Amerikako Estatu Batuetan, eta 2.000 milioi euro munduko gainerako tokietan. Diru banaketa hori ikustaldi kopuruaren, bideoaren elkarreraginaren, eta edukiak ikusten diren herrialdeen araberakoa da.

Instagram plataforma da gaur egun moldakorrena, eta bideo motzak, luzeak, argazkiak eta zuzenekoak egiteko aukera ematen du. Monetizazioari dagokionez, orain arte ez dute asmatu metodo egokiena zein den, eta aldaketa prozesu betean daude. Aurretik, bideoetako erreprodukzioengatik hilabetean diru kopuru bat ordaintzen zuten, eta aldaketa horrekin Youtube eta beste plataformek dituzten modeloak ezarri nahi dituztela uste dute adituek. «Sortzaileek diru sarrera konstanteagoak jaso ditzaten ari gara lanean», adierazi du Andy Stone-ek, Meta enpresako bozeramaileak.

Euskara, sareetan trabatuta

Gero eta sortzaile euskaldun gehiago daude sarean, baita euskarazko edukiak bultzatzen dituztenak ere. Baina, euskaraz egiten duen influencer-ik ba al da? Oraingoz, oso-oso zaila da euskara hutsean sortu eta sare sozialetatik bizitzea, eta euskaldun gehienek erdaraz sortzera jotzen dute, hala nola hainbat sortzaile ezagunek: Twin Melody, Iban Garcia...

Sare sozialetan ibiltzen diren marka handiek ahal bezainbat jenderengana iritsi nahi dute, eta ez dituzte euskarazko sortzaileak kontratatzen. Eta sortzaileek pentsatzen dute jarraitzaile gutxiago izango dituztela, eta horrela ez dituztela kolaborazioak lortuko. Euskal enpresek beren publizitatea sare sozialetara mugitzen hasteak beharbada lagunduko luke euskarazko influencer gehiago ikusteko; jakinda euskara oraingoz ezin dela gazteleraren, frantsesaren eta ingelesaren maila berean jarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.