Murrizketa gehiago iragarri ditu Sebastien Lecornu Frantziako lehen ministroak, baina uko egin dio «austeritate» izendatzeari. Udazken honetan eztabaidagai izanen duten aurrekontuaren lerro nagusiak jakinarazi ditu Le Figaro egunkarian egin dioten elkarrizketan: 57.000 milioi euroko murrizketa egiteko helburua du, Frantziako defizit publikoa %5ean atxikitzeko. Ez du baztertu 49-3 artikulua erabilita dekretuz onartzea aurrekontua.Â
Laguntza sozial oro izoztea baztertu du Lecornuk, baina hainbat lerrotan eragiteko asmoa agertu du, hala nola erretretetan eta etxebizitzarako laguntzetan. Atzerritarrei ematen zaizkien hainbat laguntzatan ere murrizketak eginen dituzte.Â
Frantziako Estatuak «eredugarri» izan behar duela iritzi dio lehen ministroak, eta horregatik, «aspalditik» izan den aurrekonturik «zorrotzena» izanen dela erran du. Defentsan izanen da igoera bakarra, 6,4 mila milioi euro emendatuko baitute armadaren aurrekontua.Â
Azken asteetan ezkerrak behin baino gehiagotan salatu du Frantziako Gobernua prestatzen ari den aurrekontua, eta abisatu dute indarrez pasatuko balitz zentsura mozio batekin erantzungo diotela. Lecornuk ez du baztertu 49-3 artikulua erabiltzea, baina Frantzia Intsumisoaren gain jarri du ardura: «Helburua da 49-3 erabili gabe pasatzea aurrekontua, baina Frantzia Intsumisoak trabak ezartzen dizkio asanbleako eztabaidari, ondoren gobernuari leporatzeko 49-3 erabiltzea».
Egutegi hertsia dute aurrekontua onartzeko. Asteburu honetarako helaraziko dute proposamena Frantziako finantza publikoaren goi kontseiluan, eta urriaren 1ean aurkeztuko dute ministroen kontseiluan. Ondoren, asanbleako eztabaida abiatuko da, eta diputatuek zuzenketak egiteko aukera izanen dute. Abendu hasierarako onartu beharko lukete.Â