Senpereko Zaluagako eguzki parkea udazkenean hasiko dira eraikitzen

Herritarren diru bilketari esker eginen dute Zaluagako eguzki parkea, I-Enerrek eta Enargiak bultzaturik. Mila etxeren elektrizitate kontsumoaren baliokidea sortuko dute.

Senpereko Zaluaga proiektua. ENARGIA
Senpereko Zaluaga proiektua. ENARGIA
2026ko abuztuaren 12a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

I-Ener energia berriztagarrien ekoizleak 2023an baimena galdegin zuen Senperen (Lapurdi) eguzki parke bat eraikitzeko. Hiru urte berantago, proiektua gauzatuko da, eta Zaluaga gunean eginen dute hiru hektareako parkea, arriskurik gabeko hondakinak lurperatzeko instalazioa izandako baten gainean. Bil Ta Garbi sindikatuaren eskupeko gunea da Zaluaga.

Herritarrek diruztatu dute I-Enerrek plantan emanen duena. Herritarrek finantzaketa kanpaina handi bat abiarazi zuten, «bakoitzak aukera izan zezan gure lurraldearentzat funtsezkoa den aldaketa honetan eragile izateko». Hasieratik, milioi bat euro biltzea zuten helburutzat, eta, abuztuaren 7an, I-Ener eta Enargia kooperatibek bazkide eta bezeroei iragarri zieten beharrezko dirua bildua zutela eguzki parkea eraikitzeko. 

Udazken hasieran hasiko dira parkea egiten. Instalazioak elektrizitatea ekoitziko du, eta Enargiari salduko dio, hark bere bazkideak horni ditzan. Eguzki parke horrek mila etxeren elektrizitate kontsumoaren baliokidea sortuko du. «Proiektu tekniko hutsa baino gehiago da: Zaluaga sinbolo bat da, tokiko eta elkartasuneko energia trantsizioaren sinboloa» adierazi du I-Enerrek. 

«Proiektu tekniko hutsa baino gehiago da: Zaluaga sinbolo bat da, tokiko eta elkartasuneko energia trantsizioaren sinboloa», adierazi du I-Enerrek

Zaluaga proiektua I-Enerrek bultzatu du, Enargiarekin lankidetza estuan; Enargia tokiko elektrizitate hornitzailea da, %100 energia berriztagarrian ari dena. Euskal Hirigune Elkargoak, Bil Ta Garbik eta Senpereko herritarrek ere parte hartzen dute proiektuan.

Orain arte, I-Enerrek eraikin publikoetako teilatuetan jarri izan ditu instalazio fotovoltaikoak. Ipar Euskal Herriko lehen eguzki parkea izanen da Senperekoa. Gainera, I-Ener eta Enargia kooperatibek adierazi dute Zaluagako eguzki parkeaz gainera beste proiektu batzuk ere prestatzen ari direla, besteak beste Urruñan (Lapurdi) eta Baionan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA