Siemens Energyk 15.000 milioi euroko erreskate plan bat adostu du

Alemaniako Gobernuak 7.500 milioiren bermeak emango ditu bankuen maileguak estaltzeko, eta Siemensek 3.000 milioi jarriko ditu. Enpresak gaur emango du galeren berri

Christian Bruch Siemens Energyko burua, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra eta Robert Habeck Ekonomia ministroa, artxiboko irudi batean. HANNIBAL HANSCHKE / EFE.
Joxerra Senar - Iker Aranburu
2023ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Berri txarren aurretik, berri onak eman ditu Siemens Energyk: badu erreskate plan bat. Gamesaren jabeak gaur esango du nolako dirutza galdu duen bere zerga urtean, eta zuloa oso handia izatea espero da, 4.500 milioi euro ingurukoa. Galera hori, gainera, Euskal Herrian egoitza ofiziala duen adarrari egozten dio Siemens Energyk, Siemens Gamesari. Galera horiek estaltzeko eta enpresa osoaren finantzak onbideratzeko, 15.000 milioi euroren laguntza plana hitzartu du Alemaniako Gobernuarekin, Siemens jabearekin eta hainbat bankurekin.

Robert Habeck Alemaniako Ekonomia ministroak eman zuen atzo goizean akordioaren berri: «Konponbide bat aurkitu behar zen, eta uste dut lortu dugula». Asteak zeramatzaten laguntza plana negoziatzen, eta ez da erraza izan, Berlingo gobernuak baldintza bat jarri baitzuen bere esku hartzea justifikatzeko: Siemens Energyren akziodunek eta bankuek ere parte hartzea.

Gaur goizean emango ditu xehetasunak Christian Bruch Siemenes Energyko presidenteak, 2023 zerga urteko emaitzak aurkeztean. Dena den, Habeckek jada aurreratu zituen akordioaren nondik norako nagusiak.

Horrela, bankuek 11.000 milioi euroren mailegu lerro bat zabalduko diote Siemens Energyri, eta horrekin finantzatu ahal izango ditu orain finantzaketa arazoengatik geratuta dauden proiektuak. Enpresak argudiatu du eolikoen negozioan dituen galerek arriskuan jartzen dituztela negozio errentagarriak, hala nola gas turbinena eta argindar sareena, eta inbertsioak eragozten dizkiela beste sektore batzuetan. Aurreko astean, hidrogenoa lortzeko elektrizatzaileen fabrika bat zabaldu zuen Berlinen, eta han izan ziren Olaf Scholz kantzilerra eta Habeck bera.

Berme publikoak

Bankuek hartuko duten arrisku horren parte bat Alemaniako Gobernuaren gain geldituko da: 7.500 milioi euroko bermeak emango dizkie bankuei. Hau da, Siemens Energyk ezin badu diru hori itzuli, Berlingo gobernuak egin beharko du. Bankuen maileguen beste 1.000 milioik ez dute bermerik izango.

Siemens Energyren jabeak, Siemensek, 3.000 milioi euroren ekarpena egingo du. Horren barruan sartzen dira Siemens Energyri emango dizkion 2.000 milioi euroak, biek partekatzen duten Indiako enpresa baten akzioen zati baten truke. Gainera, Siemensek gutxitu egingo du bere izena erabiltzeagatik Siemens Energyri eskatzen dizkion royaltyak .

Gobernuaren bermeak indarrean dauden bitartean, Siemens Energyk ezingo ditu irabaziak banatu, eta haren buruzagiek ezingo dute gainsaririk jaso.

Siemens Energyren etorkizuna ziurtatuta, ikusteko dago orain zer gertatuko den Siemens Gamesa eolikoen arloko adarrarekin. Azaroaren 21a da bideragarritasun plana aurkezteko eguna, eta langileak oso kezkatuta daude, aukeren artean baitaude kaleratze masiboak egitea eta eolikoen negozioa ixtea edo beste norbaiti saltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.