Siemens Gamesaren emaitzak «oreka puntura» itzuli dira, sei urtez galerak izan ostean

Zortzi milioi euroren etekin operatiboak lortu ditu irailean itxitako zerga urtean. Kontratu garrantzitsu bat eskuratu du Itsaso Baltikorako haize errotak egiteko.

Gamesak arazo teknikoak izan zituen 4.X eta 5.X ereduekin, baina konpondu dituela esan du. Irudian, 4.X haize errota bat. SGRE
Gamesak arazo teknikoak izan zituen 4.X eta 5.X ereduekin, baina konpondu dituela esan du. Irudian, 4.X haize errota bat. SGRE
Irune Lasa.
2026ko azaroaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Siemens Gamesak okerrena atzean utzi duela pentsarazten dute haren jabe Siemens Energyk atzo emandako datuek. Izan ere, Alemaniako konpainiaren arabera, Zamudioko haize-errota egileak modua egin du atzera etekin operatiboak lortzeko zerga urtearen itxieran, irailean. Ezohiko doiketak —aldi bakarrean pagatu beharreko kalte ordainak, desinbertsioak eta negozio aldaketak— egin aurreko emaitzek erakusten dute Gamesak zortzi milioi euroren mozkin operatiboak izan dituela 2026. urtean.  

Hoberanzko joera, gainera, nabarmenagoa izan da ekitaldiak aurrera egin ahala, uztailetik irailera etekin operatibo hori 23 milioi eurorena izan baita. Emaitza nabarmena da, kontuan izanda Gamesak 353 milioi euroren galerak izan zituela iazko epe berean. 

Ekitaldi osoari begiratuta ere, aldea agerikoa da: oraingoan irabazi operatiboetara iristea lortu baitu sorgailu eolikoen taldeak, eta iazko zerga urtean, aldiz, 1.364 milioi euroren galerak pilatu baitzituen. Horiek ez ziren, gainera, lehen zenbaki gorriak: Gamesak sei urte luze eta gogor pasatu ditu galerak pilatzen. 

Zenbaki berdeetara itzuli den honetan, 10.562 milioi euroren diru sarrerak izan ditu Zamudioko taldeak ekitaldi honetan, %1,8 handiagoak. Salmentetan ere antzematen da uztailetik irailera arte izan duen joera ona, 2.929 milioi euroren sarrerak lortu baititu, iazkoak baino %7,1 handiagoak. 

«Oreka puntua»

Siemens Energyk azaldu duenez, «Siemens Gamesak oreka puntua iritsi du zerga urtearen itxieran, iaz hitzemandakoa beteta; eta hiruhileko positibo bat izan du 2026. urtean». Siemens Energyko buruen arabera, emaitza hori mugarri bat da haize erroten alorraren suspertzerako. 

«Berregituraketan aurrera egiten duen heinean, Siemens Gamesak etekinak berreskuratzeko ahalmen handiagoa erakusten du», adierazi du enpresak, eta azpimarratu haize erroten sektorean «aukerak zabalduko direla «2030. urtetik aurrera». 

Hurrengo zerga urtea 2027ko irailean itxiko da, eta, Siemens Energyk iragarri duenez, Siemens Gamesak %0 eta %2 artean handituko ditu irabaziak. 

Aspaldiko urterik onenari eskari zorroan ere igarri dio Gamesak, eta horretan ere nabarmentzekoak dira uztailetik irailera lortutako enkarguak. Epe horretan 2.400 milioi euroren proiektuak eskuratu ditu Zamudioko taldeak, iazko epe berean halako bi. Kontratu horietako bat nabarmentzekoa da, 1.700 milioi eurokoa baita: Itsaso Baltikoko proiektu handi bat itsasoko haize errotekin hornitzean datza.

Hain zuzen, gobernuei itsasoko parke eolikoak gehiago babesteko eskatu zien atzo Christian Bruch Siemens Energyko presidente eta kontseilari ordezkariak. Bruchen ustez, itsasoko haize errotak oinarrizkoak izango dira munduko ekonomia elektrifikatzeko, eta inbertsioak planifikatzeko ezinbestekoa da halakoen inguruko araudi argi eta egonkorrak izatea. 

Brucken esanetan, itsasoko haize erroten proiektu gehienak Ipar Itsasoan eta Itsaso Baltikoan egingo dira datozen urteetan, itsaso horren sakonak ez direnez gero.

bide latzean galdutakoak

Bada hitz bat zenbaki berdeen atzean erdi ezkutuan geratzen dena Siemens Gamesarekin: berregituraketa. 

2020az geroztik, galerak murrizteko bidean hiru lantegi itxi ditu taldeak: Agoizkoa (Nafarroa), As Somozaskoa (Galizia) eta Cuencakoa (Espainia). Aurretik Altsasuko, Tuterako eta Olatzagutiko lantegiak ere itxi ziren Nafarroan, eta Miranda de Ebrokoa Espainian. Bulegoetan ere murrizketa handiak izan dira; esaterako, Sarrigurenen (Nafarroa). 

Konpainiak taldeko lau enpresa ere saldu ditu, baina ez du lortu Gearbox saltzerik. Hain zuzen, Gearboxen Asteasuko lantegian greba mugagabean daude: enpresako lan hitzarmena berritzea nahi dute, ez diezaieten Espainiako Estatuko hitzarmen bat aplikatu.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA