Erriberako LABeko arduraduna.

Ramon Lacalzada: «Erriberan oso jazarriak izan gara; ospe txarra izan dugu»

Aurten berrogei urte bete dira LABek Tuteran egoitza ireki zuenetik. Atzera begiratu, eta horren aurretik ibili direnei esker ona adierazi die Lacalzadak. Erriberan «sendo» ikusten du sindikatua, eta langile migranteentzat erreferente bat dela deritzo.

Ramon Lacalzada. IÑIGO URIZ / FOKU
Ramon Lacalzada. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2025eko urriaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ospakizun betean dira Tuterako LABen egoitzan. 40 urte bete ditu sindikatuak bertan. Atzera begiratzeko orduan, hango arduradun Ramon Lacalzadak (Reus, Katalunia, 1977) bere aurrekoen «lana, militantzia eta eskuzabaltasuna» goraipatu ditu. «Gaur egun sindikatua Erriberan asko hedatzen ari da, urte latz eta zail haiekin alderatuta». Lacalzada duela hamabost urte sartu zen sindikatuan, eta orain «sendo» ikusten du, baina hasierako zailtasun horiek ez dira desagertu. Horren erakusgarri, urriaren 1etik 6ra La Rua gizarte zentroan jarritako erakusketa zentsuratu egin die Alejandro Toquero alkateak. Erabaki horren aurka salaketa jarriko dute.

Iraganean urte latzak bizi izan dituzue. Zertan nabaritzen zenuten hori?

LAB ez da edozein sindikatu. Nazio eta klase ikuspegitik, etsai asko eta asko dauzkagu Euskal Herri osoan, eta batik bat Erriberan. Oso jazarriak izan gara. Beste batzuek ez bezala, guk ez genuen erraztasunik, galarazi egin baitziguten lan zentroetan sartzea. Urriaren 2an Tuteran egin genuen batzar bat, eta bertan kontatu nuen nola txakurrak gure aurka xaxatzen zituzten. Nik ez dut halako kontu asko ezagutu, baina hastapenetan bai, orduan jasan nituen horrelakoak; esaterako, LABekoa izateagatik kaleratzea, txakurrak gure kontra askatzea eta mehatxu egitea. Teorian aliatu behar luketenen aldetik ere oso jazarriak izan gara. Ospe txarra eduki dugu.

Eta nola daude orain beste sindikatuekin dituzuen harremanak?

Tentsio handikoak. CCOOrekin eta UGTrekin, adibidez, arindu da tentsioa. Hauteskunde sindikalak oihana izaten dira. Ziurrenik hori da lan honen alderik itsusiena, baina, horrez gain, elkarrekin bizi behar dugu enpresa batzordeetan eta sektoreko mobilizazioetan, edo Palestinaren aldeko lanuzteei begira intersindikalean. Orduan, apaldu da oldarkortasun gogor hura. Hala ere, desberdintasunek diraute, eta leku batzuetan nabari da baztertuta gaudela oraindik ere.

Eta ELArekin?

Oso gorabeheratsua da harremana. Lehia handia dugu, eta ematen du elkarri begira ibiltzen garela. ELAk lehen erabili izan du argudio hau: CCOO eta UGT sindikatu ofizialak eta enpresazaleak dira; gu ez gara existitzen, edo terroristak gara, eta haiek dira alternatiba bakarra. Gaur egun dugun ordezkaritza maila kontuan hartuta, ezin zaio eutsi diskurtso horri. Erriberan ere lau sindikatu nagusi gaude, eta, Nafarroan bezalaxe, gu azkenak gara.

Asko hazi zarete urteotan?

Duela hogei urte, hogei delegatu ginen, %2 inguru. Eta, orain, ehun delegaturen langa aise pasatu dugu, eta %8 ingurukoa da ordezkaritza. Horiek dira Erriberan neurtzen diren delegatu kopurua. Badira sektore batzuk —administrazioan, garbiketan...— non enpresa kasik guztiak herrialdekoak diren, eta delegatuak horrela zenbatzen diren. Sektore horietan ordezkaritza handia dugu. 

«Duela hogei urte, hogei delegatu ginen, %2 inguru. Eta, orain, ehun delegaturen langa aise pasatu dugu, eta %8 ingurukoa da ordezkaritza»

Garai batean, LABek Tuterako Foruen plazan zuen bulegoa, eta eraikin berean UPNk zuen berea.

Bitxia zen. Jaietan, balkoira ateratzen genituen gure ikurrak, presoen aldekoak, eta UPNkoek, bereak. Gu bigarren solairuan geunden, eta haiek, beherago. Euskararekin lan handia dago egiteko. Tuterara heldu nintzelarik, agur esaten bazenuen, gaizki begiratzen zizuten.

Erribera eremu ez-euskaldunean dago. Zailagoa al da bertan euskaldun izatea?

Bai. Alde batetik, ezagutza maila apalagoa delako, eta horrek eragin zuzena duelako erabileran. Beste aldetik, oraindik ere euskalduna izatea zerbait militantea da; erraztasunik ez dago. Semeak ikastolan ikasi behar izan du, euskara eta euskaraz ikasi ahal izateko. Errigorak funtzionatzen duenetik, AEKn ikastea merkeago da, baina euskara ikasteak ahalegin ekonomiko bat eskatzen du. Azken boladan ikusi dugu Hezkuntza Departamentuak Corellan D ereduari nola jarri dizkion oztopoak. Seme-alabak matrikulatzerakoan, D eredurik ez da existitzen, dena antolatuta dago euskararen hedapena oztopatzeko.

Gizartearen ikuspegia aldatzen ari al da?

Parte bat bai, aldatzen ari da. Ez dago hain kontra, baina badago beste parte garrantzitsu bat, zeinak eskuin nafarraren eta horren nafar ez den horren diskurtsoa irentsi duen. Geure kabuz antolatutako egitasmoetan, eta gainerako eragileekin eta sindikatuekin batera eginikoetan,   saiatzen gara bermatzen euskarak gutxieneko presentzia izan dezala. Batzuetan eztabaidatu egiten da. Baina positiboki ikusita, gutxinaka aldatzen ari da. 

Sindikatua hazi egin da eta hazkunde horretan zer rol izan dute langile migratzaileek? Zer egoeratan daude?

Alde batetik, ikusgaitasun handiagoa lortu dute batik bat landa eremuan egindako lanari esker. Beste aldetik, sindikatuak erabaki batzuk hartu ditu nazio mailan, eta badago nahi kontziente bat. Gauzak asko aldatu behar dira. Feminismo arloan gertatu den bezalaxe, sindikatua gizakioz osatutako erakunde bat da, eta hezkuntza jakin bat jaso dugu. Nahi eta nahi ez, pentsamolde jakin batzuk barneratu ditugu, eta, askotan, inkontzienteki erreproduzitzen dugu gaur egungo egiturazko arrazakeria. Gure kasuan betidanik izan ditugu delegatu eta afiliatu migranteak. Batik bat landa eremuko zabalkundeari lotuta, logikoki orain ehuneko garrantzitsu bat da. Heren bat inguru.

(ID_15414433) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2025-10-13, Iruñea.Ramon Lacalzada, LAB - Erriberako arduraduna
Ramon Lacalzada LAB sindikatuaren Erriberako arduraduna. IÑIGO URIZ / FOKU
Mugarri bat izan zen Huerta de Peraltako lan gatazka?

Argi eta garbi, baina azpimarratu nahiko nuke Huerta de Peraltako auziak ekarri zuela ondoriorik: orain badaude enpresa batzuk, oso garrantzitsuak direnak, non ordezkari guztiak migranteak diren. Landa eremuan iaz sinatu genuen lehen aldiz hitzarmena —ordura arte bakarrik CCOOk eta UGTk sinatu zuten— gure aldarrikapen batzuk sartu zirelako: batik bat lanaldian atsedenaldia izatea eta aldizkako finkoen kontratuetan klausula antirrazisten bidez migranteen beharrak aintzat hartzea.

Kezkagarritzat jotzen duzu mezu xenofoboen eta faxisten ugaritzea?

Bai. Oso kezkagarritzat. Oro har ikusten ari gara Erriberan modu larriagoan gertatzen ari dela. Guk funtsezkotzat jotzen dugu gure sindikalismoa zabaltzea. Uste dugu sindikalismoa dela txertorik onena, Garrantzitsua iruditzen zait topikoak kolokan jartzea ere. Esaten da migranteak ez direla aldarrikatzaileak. Uste dut Huertako gatazkak eta beste batzuek frogatu dutela etorkin guztiak ez direla berdinak, eta kontzientzia hartzen dutenean eta antolatzen direnean lezioak emateko moduan daudela.

«Ukaezina da gure alkate jauna oso gizaki berezia dela. Trumpen eta Ayusoren eskolakoa da, edo izan nahi du. Zoritxarrez, ongi doakio»

Erakusketa antolatu zenuten. Zer gertatu da?

Ukaezina da gure alkate jauna oso gizaki berezia dela. Trumpen eta Ayusoren eskolakoa da, edo izan nahi du. Zoritxarrez, ongi doakio. Oso diskurtso erraza du, eta bere aldekoak pozten ditu. Bestalde, nahiz eta gehiengo osoa eduki, badago beste Tutera bat, eta beste Erribera bat.

Terrorismoa egitea leporatu dizuete, presoen aldeko ikur bat agertzen zelako. Aurrez erakusketa hori bera egon zen Nafarroako Parlamentuan.

Hori salatzen dugu. Suposatzen da alkate demokratiko bat dela, ez jauntxo bat. Arbitrariotasun hori ez da kontu berri bat: haren jarrera naturala da. Prozedura ez du errespetatu. Ukaezina da baimena eman zigutela, baina asteburuan erabaki bat hartu zuten. Sindikatuari ez zion ezer jakinarazi. Guk dakigunez, udaleko lege aholkulariak eta idazkariak, edo ez zekiten, edo ez zuten behintzat txostenik egin erabakia hartu baino lehen. Alkatearen harrikada bat izan zen, eta saiatzen ari dira orain legalki janzten.

Salaketa jarriko duzue?

Bai. Gure zerbitzu juridikoen esku dago, baina ahal dena egingo dugu.

Toqueroren mezuek zer helburu dute? Erriberaren eta Iruñerriaren arteko distantzia handitzea?

Bai, eta horrek kezkatzen nau. Arrakala handitzen ari da Erriberaren eta gainerako Euskal Herriaren artean. Ez nintzen jaietan egon, eta aurten adibidez Iruñearen kontrako kantuak ez ziren hainbeste entzun, baina mezu hori elikatzen ari da. Iruñearen kontrako mezuak murriztu ziren; mezu espainolistak, berriz, ugaritu egin dira festetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.