Tuterako Udalak LABen erakusketa bat debekatu duela salatu du sindikatuak

Rua gizarte etxean egindako erakusketa bat debekatu du Alejandro Toquero UPNko alkateak, terrorismoa goratzen duela egotzita. Erakusketak sindikatuaren ibilbidea laburbiltzen du, eta Nafarroako Parlamentuan egon zen ikusgai otsailean.

LABek otsailaren 4tik 20ra izan zuen erakusketa bera Nafarroako Parlamentuan. LAB
LABek otsailaren 4tik 20ra izan zuen erakusketa bera Nafarroako Parlamentuan. LAB
joxerra senar
2025eko urriaren 7a
16:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste zentsura kasu bat izan da iragan asteburuan. Urriaren 1etik 9ra bitartean, Erriberan 40 urte bete dituela ospatzeko, 1974tik etorkizunera, LAB zabaltzen erakusketa antolatu du sindikatuak Tuterako Rua gizarte etxean. Alta, Alejandro Toquero Tuterako alkateak erabaki du erakusketa debekatzea, presoen aldeko ikurren bidez terrorismoa goratzen duela argudiatuta. Sindikatu abertzaleak udalaren jarrera gaitzetsi du, eta ez du baztertzen auzitara jotzea.

Sindikatuak 50. urteurrena ospatu zuen iaz, eta erakusketa horixe jarri zuen Nafarroako Parlamentuan. Otsailaren 4tik 20ra bitartean, 50 urtez sindikatua ardaztu duten gaiak, haren ibilbidearen zertzeladak eta Maiatzaren Leheneko kartelak egon ziren ikusgai. Horrekin batera, sindikatuaren inguruko datuak ere eman ziren. Parlamentuan, UPN eta CEN kexu azaldu ziren karteletako batek patronaleko buruzagia sudur luze batekin irudikatzen zuelako. Baina gainerakoan ez zen bestelako iskanbilarik sortu, eta ehunka herritarrek ikusi zuten.

Tuterako erakusketan, parlamentuan eskegitako kartelak jarri zituzten, baita Erriberako egoitzako ordezkariek lau hamarkadatan egin duten lanaren irudi batzuk ere. Alejandro Toquerok larunbatean atzera bota zuen Rua gizarte etxean erakusketa jartzeko baimena. Udalaren oharraren arabera, terrorismoa goratzen da erakusketan. Alta, presoen aldeko ikurrak dituzten kartelek terrorismoaren gorazarrea irudika dezaketela diote gero.

Sindikatuak atzo esan zuenez, oraindik ez diete horren berri ofizialki eman. «Zentsura eta debekua» ezarri nahi izatea aurpegiratu dio Toquerori sindikatuak. «Alejandro Toquero bezalakoen jauntxokeriek argi eta garbi erakusten dute zein garrantzitsua den UPNren eskuak Nafarroako erakundeetako lemetatik urruti egotea, batere aukerarik izan ez dezaten Nafarroako langileen bizitzen gaineko ezein erabaki hartzeko», gaineratu du sindikatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.