ELA eta LAB sindikatuek «gogor» egin dute Lanbidek zabaldu berri duen DSBE diru sarrerak bermatzeko errentari buruzko postontziaren aurka. Haien ustez, «gizarte prestazioak jasotzen dituztenak kriminalizatzeko» balioko du, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diote atzera egiteko.
Probreen aurka egin beharrean, pobreziaren aurka egiteko neurriak eskatu dituzte ELAk eta LABek. Bi sindikatuek esan dute, bakoitzak bere aldetik, arreta iruzur fiskalean jarri behar dela. Biek azpimarratu dute DSBEa jasotzen dutenen artean iruzurra egiteko joera «oso txikia» dela, eta gehiago direla «ingeniaritza fiskal konplexuaren bidez zergak ordaintzea» saihesten duten enpresak. «Baina Jaurlaritzak eta Lanbidek ez dute inolako interesik horiek jazartzeko, diru gehien irabazten dutenekin, iruzur gehien egiten dutenekin eta enpresekin bat egiteagatik».
irakurri GEHIAGO
Jazarpen lana herritarren esku uztea okerra da, sindikatuen ustez. Administrazioaren bitartekoak ez oten diren nahikoak galdegin du LABek, eta herritarrak salatari lanetan aritzeak mesfidantza areagotzen duela eta zatiketa sustatzen duela gaineratu dute.
LABek ohartarazi du horrelako neurriek ultraeskuinari mesede egiten diotela, haien tesiak «legitimatzen» dituelako eta, «arreta aberastasunaren banaketan eta iruzurgile handietan jarri ordez, prekaritatean eta pobrezian bizi diren langileen gain jartzen duelako».