Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitzan lanean aritzen direnak ohituta daude aurrean manifestariak ikusten. Baina pankarta baten atzean eta zutik egon ohi dira, eta ez, gaur bezala, etzanda eta zaku zuri batzuen barruan. Zehazki, 84 manifestari zeuden zaku horietan, iaz Euskal Herrian lanean ari zirela hildakoak irudikatuz. Gorpu bakoitzak hildako pertsona bakoitzaren inizialak eta adina zituen; «M.L.I, 55».
LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek jarri dituzte hildakoak Alderdi Ederren, Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Eguna dela-eta egindako manifestazioaren amaieran. Han, denen izenean hitz egin du Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak, eta esan du 84 hildakoak «icebergaren punta» soilik direla eta lan osasunaren inguruan badirela ikusten ez diren askoz arazo gehiago.
Bere mintzaldian, absentismoaz luze mintzatu da Aranburu, hura baita, enpresaburuen elkarteen arabera, gaur egun Euskal Herriak dituen arazo handienetako bat. Baina mezu hori «patronalaren beste erasoaldi bat» besterik ez dela salatu du LABeko buruak. «Absentismoa lanera justifikaziorik gabe ez joatea da, eta hori ez da existitzen. Lan baldintzak prekarizatu egin dira azken urteetan, prekaritatea legezko bihurtu da, eta, orain, patronalak lan-osasun eskubideetan murrizketa gehiago inposatu nahi dizkigu, bajetan eskua sartuz. Kontuan izan behar da prekaritateak, lan erritmo biziek, soldata baxuek, etxebizitzarako arazoek... horrek guztiak jendearen osasunean eragina duela, eta horrek guztiak eragina duela bajetan, noski», adierazi du Aranburuk.
Hain zuzen ere Absentismoa: gezurra ari du zioen pankarta baten atzetik egin dute manifestazioa sindikatuek. Bulebarrean hasi dute mobilizazioa, eta hirurehun lagun inguru gerturatu dira bertara 12:00ak jotzear zirela. Taldetxoetan banatuta egon dira lehenik, eta guztiak elkartu dira pankarta ireki dutenean. Bakoitzak arrosa bat eskuan hartu, eta bi ilara luze egin dituzte.

Manifestazioan, hainbat oihu egin dituzte: «Prekaritateak hil egiten du», «gure osasuna ez dago salgai», «lan eta bizi duinak», «mutua eta patronala, aliantza kriminala», eta «gure osasuna defenda dezagun», besteak beste.
«Epidemia hilgarria»
Ekitaldia amaitzeko, Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, bost sindikatuek batera eginiko oharra irakurri dute. «Lan batzuek hil egiten dute, eta beste askok —gehienek— ez dute bizitzen uzten», salatu dute, eta nabarmendu patronalak eragiten duen «epidemia hilgarri eta isil» baten aurrean daudela langileak. Gehitu dute Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea «sistematikoki» urratzen dela, eta enpresek ez dutela beharrezko prebentzio neurririk hartzen. Erantsi dute hori ez zela posible izango «administrazioaren konplizitaterik» gabe.
Era berean, sindikatuek nabarmendu dute egunero hitz egiten dela absentismoaz, eta, horrela, patronala iruzur orokortuaren ideia zabaltzen saiatzen dela. «Ez da argitzen kontzeptu horrek benetan zer hartzen duen barnean», kritikatu dute sindikatuek, eta erantsi dute beren ustez borrokaren bidez lortutako eskubideez ari dela patronala absentismoari buruz hitz egitean: besteak beste, diru sarrerak galdu gabe gaixotu ahal izateko eskubidea eta eskubide sindikalak.
Horrez gain, sindikatuek uste dute patronalak baduela horren atzean ezkutuko asmo bat: mutualitateen boterea indartzea. «Mutuek patronalarentzat lan egiten dute, eta osatu gabe ere lanera joan gaitezen saiatzen dira, enpresen etekinak handitu daitezen», adierazi du Aranburuk.