Sindikatuek hitza bete dute, eta auzitara eraman dute Tubos Reunidosek enplegua erregulatzeko aurkeztutako espedientea. Salaketa bana jarri dute ELAk, LABek, ESK-k eta UGTk Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, Amurrioko (Araba) eta Trapagarango (Bizkaia) plantetan aurreikusitako 242 kaleratzeen aurka. Sindikatu horien arabera, espedientea negoziatzeko modua ez da egokia izan, enpresak aldebakarrez jardun duelako.
Sindikatuek epaitegira jo dute EAEko Lan Ikuskaritzak zuzendaritzaren txostena babestu arren; kaleratze kolektiboa justifikatzeko arrazoi ekonomikoak egiaztatu direla ondorioztatu zuen Ikuskaritzak. Langileen ordezkarien iritziz, baina, enpresak ez du negoziazio prozesu errealik egin. Haien esanetan, espedientearen edukian funtsezko aldaketak sartu zituen negoziazio epea itxita zegoela eta langile batzordearekin negoziatu gabe, eta horrek lege bermeak urratzen dituela uste dute. Hala argudiatu du ELAk, eta eskatu du espedientea baliogabetzeko edo, gutxienez, zuzenbidearen kontrakotzat jotzeko.
Epaileen erabakiak funtsezko ondorioak izan ditzake langileentzat, bai kaleratzeen baliozkotasunari dagokionez, bai kalte ordainen zenbatekoan
LABek, berriz, gaineratu du espedientea ez dela soilik kaleratze plan bat; azpimarratu du enpresaren egitura industriala errotik aldatzen duela, besteak beste Amurrioko altzairutegiaren itxiera eta logistika zerbitzua lekualdatzea ere aurreikusten baititu.
ESKren arabera, langileek informazio falta handia izan dute negoziazio prozesu osoan, eta zuzendaritzak ez du argibiderik eman enpresaren etorkizun ekonomikoari buruz. UGTk ere zuzendaritzaren jarrera kritikatu du, azken asteetan ez dielako erantzun bilera eskaerei, eta elkarrizketarako borondate falta agerian geratu delako.
CCOOk, berriz, ez du salaketarik jarri. Bi lantegietako langile batzorde bateratua hamahiru ordezkarik osatzen dute: ELAko bost, UGTko hiru, LABeko eta CCOOko bina eta ESK-ko bat. Gehienek salaketa aurkeztu izana xehetasun garrantzitsua da, hala izan ezean helegiteek indarra galduko bailukete.Â
Kaleratzeak jokoan
EAEko Justizia Auzitegi Nagusian ebatziko du horien inguruan, enplegua erregulatzeko espedienteen inguruko auzietan eskumen nagusia duen epaitegian. Epaiketa aurten udaberrian edo udan egin liteke. Ondoren, Espainiako Auzitegi Gorenera jotzeko aukera dute aldeek. Aurretik antzeko kasuetan gertatu den bezala, erabakiak funtsezko ondorioak izan ditzake langileentzat, bai kaleratzeen baliozkotasunari dagokionez, bai kalte ordainen zenbatekoan.

Langileek asko dute jokoan. Sindikatuen arabera, epaileek espedientea geldiaraziko ez balute, negoziazio fasean enpresak eskainitako baldintzak desagertu egingo lirateke. Horrek esan nahi luke kaleratzeak legeak ezartzen dituen gutxieneko baldintzetan gauzatuko liratekeela, eta, ondorioz, kalte ordainak nabarmen txikiagoak izango liratekeela. Aldiz, epaitegiek espedientea baliogabetuko balute, langileak berriz onartu beharko lituzke enpresak, antzeko aurrekari judizialetan gertatu den bezala, hala nola Tubacexen eta ITP Aeron.
Egoerak tentsio handia eragin du langileen artean, zuzendaritzaren arabera haietako batzuek onartu egin baitituzte hark eskainitako baldintzak, baina sindikatuek gezurtatu egin dute hori.
Aiaraldea, «hilzorian»
Amurrioko langileek greba mugagabean jarraitzen dute, eta enpresak Bilbon duen egoitza nagusiaren aurrean mobilizatu dira azken asteetan. Hala egin dute gaur ere. Zuzendaritzari agiri bat helarazi diote, eta hor eskatu diote espedientea erretira dezala eta «benetako» negoziazio bat has dezala, «presiorik eta mehatxurik gabe».
Horrekin batera, manifestazio bat ere egin dute, eta zenbait langilek hiletetako lore koroak eraman dituzte. Ekintza horrekin Araialdeko eskualdearen egoera irudikatu nahi izan dute, azken urteetan industria sektorean galdu diren lanpostuak eta itxi diren enpresak gogoratzeko.