Sokoaren balio kolektiboez arrajabetu nahian

Langileek «ilusioz» hartu dute gobernantza aldaketa, eta berriz enpresaren jatorrizko «balioei» heltzeko esperantza dute. Azken urteetan tirabira anitz izan dira, lekua utzi berri duen zuzendaritzaren «gardentasun eskasagatik».

Sokoako lantegia, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Sokoako lantegia, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko abuztuaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Datorren aro berria «ilusioz» hartu dute Sokoako langileek, Heren Muruaga Sokoako LABeko ordezkariaren erranetan. Konpainiaren jatorrizko balioak «berreskuratuko» diren esperantzaz daude. Hain zuzen ere, bulego altzarien Hendaiako enpresan gobernantza aldatu da, eta horrek bazterrak inarrosi ditu. 

Joan den astean, Joseph Bergara Txistu ordu arteko lehendakariaren ordez, Iban Olhagarairen alde egin zuen administrazio kontseiluak: zortzi boz zazpiren kontra. Egun batzuk berantago, Timothee Axeritogarai zuzendari nagusiak galdetutako konfiantzazko bozketa egin zuen administrazio kontseiluak: beste behin, zortzi bozez nagusitu ziren, Axeritogarairen kontra; hark dimisioa aurkeztu zuen bertan.

Sokoako langileak agorrilaren 6an sartu ziren oporretan, Axeritogaraik lekua utzi eta biharamun gauean. Muruagak azaldu du «ezjakintasun handia» dagoela langileen artean, baina denborak aitzina egin ahala ikusiko dutela nola antolatuko diren gauzak.

Momentuz, Olhagaraik hartu du lehendakaritza, eta Patrick Landais ezarri dute zuzendaritza nagusiaren kudeaketan, aldi baterako: enpresaren diagnostikoa egin ondoan, hobekuntza bideak aurkeztuko dizkio administrazio kontseiluari. Ondotik hautatuko dute epe luzerako zuzendaria.

Diagnostiko baten beharra bi arazo nagusik ekarri dute: azken urteetako gobernantza ereduak, alde batetik, eta gorabehera ekonomikoak, bestetik. Erraterako, erosahalmena gain behera doan honetan, salmentak behera doaz hainbat arlotan, baita bulego altzarienean ere.

Ardura postuen aldaketa, ordea, barne krisiak ekarri du. Muruagak fite-fite laburtu du arazoa, LABen izenean: «Sokoak hiru balio nagusi ditu: eskualdeko garapen ekonomikoa, irabazien banaketa orekatua eta kudeaketaren gardentasuna; hiru balio horiek guztiz zapuzturik ikusten genituen azkeneko urteetan».

270

Langileak. Sokoak bulegoetako altzariak egiten ditu, eta ekoizpen lantegi bakarra du, Hendaian (Lapurdi). Horrez gain, Parisen erakustoki eta biltegi logistiko bat du, Frantziako merkatuari zerbitzu emateko. Guztira, konpainiak 270 langile baino gehiago ditu, eta urtean 55 milioi euro inguru fakturatzen ditu.

Zehaztekoa da, hain zuzen, Sokoaren sorrera nolakoa izan zen. 1971ko bedatsean, 24 bazkideren laguntzarekin, Patxi Noblia ekintzaile abertzaleak Sokoa sortu zuen; enplegua Euskal Herrian bertan sortzeko borondate kolektiboa zuten, baita garapen industrialean parte hartzekoa ere, langabezia handia zen garai hartan. Muruagak aipatu duen gisan, irabazien banaketa zuzena bermatzea izan zen helburua, langileei enpresaren kapitalean parte harraraziz. Hori guzia, gardentasunez.

«Langileak izatea zentroan»

Urteak aitzina joan diren bezala andeatu dira enpresaren balioak, Muruagaren ustez: «Axeritogaraik administrazio kontseiluan kide sartzeko borondatea erakutsi zuenetik goiti» gertatu da, batez ere. «Jende anitzek esan du gehiegi zela», eta «jende anitzek ez du onartu boterearen kontzentrazio hori, LABeko ordezkariek bakarrik ez». Hortik heldu zen aldaketarako gogoa.

«2025ean, lehen aldiz, etekinen erdia baino gutiago bideratu zaie langileei». Hori dio LABeko ordezkariak. Gainera, «soldatak izoztu nahi» dizkiete langileei, kontuan izanik ere «850.000 euro banatu dituztela dibidendutan». Zera nahi dute, «aberastasunak langileei gehiago iristea» da: «Diruaren erdia baino gehiago enpresan berriz inbertitua izatea, hots, enpresa eta langileak izatea zentroan». Muruagak hori espero du aldaketaz, baita euskararen inguruko gogoeta egitea ere, enpresako erabilpena «aski galdu baita» azken urteetan.

«Sokoaren balioak guztiz zapuztuak ikusten genituen azkeneko urteetan. Ilusioz hartu dugu zuzendaritza aldaketa»

HEREN MURUAGASokoako LABeko ordezkaria

Gardentasuna da beste puntu nagusia. «Patxi Nobliaren garaian, bagenekien lansarien eskala batetik hirura zihoala; 2022an ere bagenekien batetik bostera zela. Geroztik ez dakigu. Komitearen azken bilkuran, galdegin zen eskala hori, eta ezezkoa eman ziguten... Holako detaile pila». Izan ere, eskala horrek trenkatzen du soldata ttipienetik handienera nolako desberdintasuna ezartzen den.

Herrikoa enpresa sarea

Sokoaren barne funtzionamendua behin eta berriz zalantzan ezarri da, Txistu Bergara lehendakariak Timothee Axeritogarai zuzendari nagusiarekin osaturiko bikotearen jokamoldeak zirela eta. 2019an, Bergarak Nobliaren segida hartu zuen, hura erretiratu zenean; orduan, Axeritogarai administrazioaren eta finantzen zuzendaria zen, baita administrazio kontseiluko kidea ere. Urteek aitzina egin ahala, bikoteak eskuz esku lan egin du enpresan, baita Sokoaren inguruko zenbait proiektutan ere.

«Sokoa sozietate anonimo bat da», Muruagak zehaztu duenez, «akzioak dituena». Orduan, Sokide egitura sortu zuten, akziodunak kudeatu eta, aldi berean, «Sokoaren akzioen %40 dituena». Muruagak azaldu du zergatik den garrantzitsua: «Txistu da Sokideko lehendakaria». Normalean, irailean dute horren biltzar nagusia. Aldaketa gertaturik ere, hots, LABeko ordezkariak azpimarratu du oraindik baduela «boterea bikote horrek», Txistu baita Sokideko lehendakaria, «eta Axeritogarai filialak kudeatzen dituen Sofikoa egiturakoa».

Sokoaren inguruko sarean hainbat enpresa eta egitura daude. Hain zuzen, Bergarari eta Axeritogarairi azken urteetan egin zaien kritika nagusia zera izan da, horietako bakoitzean nola edo hala inplikatuak izatea. Erraterako, Bergara Herkideko lehendakaria ere bazen, eta Axeritogarai, zuzendari nagusia: bankuen saretik kanpoko kapital inbestimendurako Herrikoa sozietatea kudeatzen zuen Herkidek, 2025a arte; Axeritogaraik berak hartu du Herrikoaren kudeantza geroztik.

Guztira, bere historia osoan, Herrikoak Ipar Euskal Herriko 400 bat enpresa lagundu ditu, lurraldean errotzeko; hogei milioi euro baino gehiago inbertitu ditu, eta 4.300 lanpostu baino gehiago sortu.

Hemen loturak zehaztu behar dira: Herrikoa Sokideren eta Sofikoaren akzioduna da, Herrikoa eta Sokoa elkarren akziodunak, eta Sokoa Herkiderena. Baina hara: ekainean, Herkideko lehendakaritza berritzeko biltzar nagusian, ez zen Txistu aurkeztu, haren seme Patxi Bergara baizik. Bozetatik berdinketa atera zen, eta Herkide blokeo egoeran dago geroztik. Garai batean, Herrikoa-ko «akziodun ttipiak» biltzen dituen Herrikolektiboa elkarteak «boterearen pertsonalizazioa, akziodun minoritarioen rolaren ahultzea eta sorrerako printzipio kooperatiboen andeatzea» salatu zituen.

Alde horretatik, Muruagak argi du «beste kapitulu batzuk» ukanen dituztela oraino Sokoaren inguruko gobernantza aferei dagokienez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA