Enpresak

Soralucek lantegi berria ireki du Bergaran, 15 milioi euroko inbertsioa eginda

Kooperatibak ekoizpen gaitasuna handituko du muntaketa planta berriari esker. Makinen gama berria ere aurkeztu du.

Soraluceren planta berria, Bergaran. BERRIA
aitor biain
2023ko ekainaren 14a
15:42
Entzun

Makina-erremintaren sektorean munduko liderren artean jarraitzeko oinarriak jartzen segitzen du Soraluce kooperatibak (Danobat Group). Fresaketan, mandrinaketan eta funtzio anitzeko teknologian aditua da Mondragon taldeko enpresa, eta jarduera sendotzeko apustua egin du berri du: lantegi bat zabaldu du Bergarako Osintxu auzoan (Gipuzkoa), bere egoitza nagusiaren ondoan, hamabost milioi euroko inbertsioa eginda.

Gaur egin dute inaugurazio ekitaldia, eta han izan dira Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Arantxa Tapia Ekonomia Garapeneko sailburua eta Rafael Idigoras Soraluceko zuzendari nagusia; haiekin batera, besteak beste, Iñigo Uzin Mondragon taldeko presidentea, Jabier Larrañaga Gipuzkoako diputazioako Ekonomia Sustapeneko diputatua, Bergarako eta Soraluzeko alkateak, eta AFM makina-erreminta klusterreko arduradunak.

Enpresako arduradunek azaldu dutenez, azken urteetan egindako lanaren emaitza da lantegi berria. 2.500 metro karratu ditu, eta makinak muntatzeko gunea izango da. Ekoizpen gaitasuna are gehiago handitzeko aukera emango dio horrek kooperatibari, eta, aldi berean, bezeroei zerbitzu hobea emateko aukera eskaini ere bai.

Hain zuzen, bezero horietako batzuek bertatik bertara ikusi dute lantegia, azken urteetan garatutako teknologiaren inguruko xehetasunak azaltzeko jardunaldiak egiten ari baita kooperatiba egunotan. Linea berria aurkezteko baliatu dute ekitaldia, bada: Performance Line delakoa. Makinen gama berri horrek «industriak dituen erronka zorrotzenei aurre egiteko abangoardiako soluzioak eskaintzeko ahalmena» emango dio enpresari, teknologia propioa baliatuta betiere.

Datozen urteetan ere hazten jarraitzea espero baitu Soralucek. 2024an beste lantegi bat zabalduko duela aurreratu du, makinetan txertatzen diren buruak fabrikatzeko duen egungo zentroa handitzeko. Egoitza nagusiaren ondoan 3.500 metro karratuko orube bat erosi du jada horretarako.

Jaurlaritzaren aitortza
Danobat taldeak bere enpresen instalazioak hobetzeko estrategiaren parte da lantegia. 35 milioi euroko aurrekontua gorde du taldeak horretarako. Eusko Jaurlaritzaren laguntza ere jaso du, Bilakatu programaren bitartez.

Inaugurazio ekitaldian, lehendakariak txalotu eta eskertu egin du Soralucek egindako inbertsio ahalegina. Adierazi du nazioarteko merkatua «gero eta exijenteagoa» dela, eta agertoki horretara egokitzeko ezinbestekoa dela apustu egiten jarraitzea. «Inbertsioa egiten jarraitu behar dugu», azpimarratu du Urkulluk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.