«Aukera garrantzitsua». Indiakoa da oraintxe munduan egiturazko hazkunderik handiena duen merkatua, eta atzo Europako Batasunak eta Indiak elkarren arteko merkataritzaren parte handi bat liberalizatzeko egindako akordioak mesedea egin diezaioke euskal industriari. Hori uste du SPRIk, industria bultzatzeko Jaurlaritzaren agentziak.
Funtsean, akordioak jasotako neurriei buruz balantze positiboa egin daitekeela iritzi dio SPRIk, «aukera handiagoak baititu industria sektore aurreratuetan eta balio erantsi handiko sektoreetan, eta eragin mugatua baitu laneko jarduera intentsiboagoetan».
Horrez gain, agentziak azpimarratu du «bereziki garrantzitsua» dela akordioak mantendu egiten dituela «merkataritza politika babesteko mekanismoak» eta «ingurumenaren eta klimaren arloan EBk duen ahalmena». Alegia, garrantzitsua dela akordioak eutsi izana altzairuaren eta aluminioaren gaineko muga zergei eta gai jakin batzuen gaineko karbono muga-zergei.
Industriari mesedea
«Nahiz eta gaur egun India ez den lehentasunezko helmuga Euskadiko esportazioetarako, historian handiak izan diren muga zergen eta sarbideen oztopoak pixkanaka ezabatzeak nabarmen hobetzen du euskal industriak merkatu horretan izan dezakeen posizionamendua», esan du SPRIk.
Haren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hirurehun enpresa inguruk esportatzen dute erregularki Indiara; 66k dute han presentzia, eta batez ere automobilgintzaren, energiaren, fabrikazio aurreratuaren, ingeniaritzaren eta eraikuntzaren sektoreetakoak dira. 105 ezarpenetatik 63 dira produkziokoak, eta 42 komertzialak.
Eta hemendik aurrera gehiago izan daitezke; izan ere, SPRIren ustez hitzarmena baliatzeko ahalmen handia dute industriako hainbat sektorek: makina-erremintak, fabrikazio aurreratuak eta ekipo ondasunek, automobilgintzak eta haren osagaiek, metalurgiak eta aluminio eraldatuak, baita gailu medikoek ere.
MERKATARITZA SALDOA
Gaur egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik egindako esportazio guztien %0,61 joaten dira Indiara. Kopuruak txikiak izanagatik ere, sail jakin batzuk pisua hartzen ari direla kontatu du SPRIk. Berun esportazioen erdiak doaz Indiara, eta baita nikel, laburpen zurratzaile, filamentu sintetiko, eta paper eta kartoi esportazioen parte handi bat ere.
Â
Dena den, 2024. urtean Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik Indiara egindako esportazioek kontzentrazio handia izan zuten: «Salmenten %70 inguru hiru sail handitan kontzentratu ziren: ekipo mekanikoko ondasunak, makina eta tresna elektrikoak, eta papera eta kartoia».
Â
Indiatik Araba, Bizkai eta Gipuzkoara egindako salmentek, berriz, inportazio guztien %1,49 hartu zuten 2024an. «Batez ere erregai mineralak, produktu siderurgikoak, ekipo mekanikoko ondasunak eta manufaktura metalikoak dira, baita ehungintzako produktu multzo zabal bat ere».