Talgok 1.332 milioi euroko kontratu bat lortu du Saudi Arabian

Abiadura handiko hogei tren egingo ditu Arabako tren fabrikatzaileak. 6.000 milioi euro inguruko eskaera zorroa du, inoizko handiena.

Talgoren abiadura handiko tren bat Saudi Arabian. TALGO
Talgoren abiadura handiko tren bat Saudi Arabian. TALGO
Paulo Ostolaza.
2026ko otsailaren 8a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Talgoren eskaera zorroa handia zen lehendik ere, eta handitu eta handitu jarraitzen du. Orain, Saudi Arabian kontratu handi bat lortu du Arabako tren fabrikatzaileak, urtarrilean Jose Antonio Jainaga presidente izendatu zutenetik lortutako lehenengoa: abiadura handiko hogei tren egingo ditu herrialde horretarako, 1.332 milioi euroren truke. 6.000 milioi euro inguruko eskaera zorroa du orain, eta inoizko lan kargarik handiena.

Talgok Saudi Arabia Railways (SAR) konpainia publikoari salduko dizkio trenak, Meka, Medina eta Jidda hiriak lotzen dituen trenbide sarea hornitzeko. Trenbide sare horren arduradun den Espainiako partzuergoaren bidez eskuratu du kontratua. 

55

Talgok fabrikatutako abiadura handiko zenbat tren izango diren Saudi Arabian. Talgok 35 tren ekoiztu zituen Saudi Arabiarako 2018an, eta beste hogei egingo ditu orain. Arabako konpainia bera arduratzen da mantentze lanez.

Gaur iragarritako hogeiak ez dira Talgok Saudi Arabiarako ekoiztuko dituen lehenengoak, 2018. urtean ere egin baitzituen abiadura handiko 35 tren herrialde horretarako. Arabako konpainia bera arduratzen da mantentzeaz, eta berrien kargu ere egingo da. Behar horretarako bi instalazio ditu Saudi Arabian, eta 270 langile ditu haietan. Kontratua 2033. urtera artekoa da, baina 2038ra arte luzatzeko aukera dago.

Duela zortzi urte egindakoen antzekoak izango dira Talgok egingo dituen tren berriak. Bakoitzak bi lokomotor eta hamahiru bagoi ditu, eta denera 417 bidaiarirentzako tokia, bi klasetan banatuta. Tren horiek orduko 300 kilometroko abiadura hartzen dute gehienez bidaia komertzialetan. 

Talgok azaldu duenez, eskaintzen dituen zerbitzuak hedatzen segitu asmo duelako erosi ditu trenak Saudi Arabiak, eta «gorantz egiten ari den eskariari erantzun nahi diolako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA