Enpresek zerbait behar dutenerako, Tecnaliak hura prest izatea. Hori da ikerketa eta garapen zentroaren helburu nagusia, eta horri eutsi nahi dio aurtengo ekitaldian ere. Horretarako, 24 milioi euro jarriko ditu inbertsioetarako, iaz baino %20 gehiago. Diru horrekin azpiegitura berriak egingo ditu, lehendik zeudenak eguneratuko ditu eta, oro har, enpresen erronketara egokitzeko instalazioak eta ekipamenduak hobetuko ditu.
Hori iragarri dute 2026rako Jesus Valero Tecnaliako zuzendari nagusiak eta Alex Belaustegi presidenteak, erakundearen iazko emaitzen aurkezpenean. Etorkizun hurbilari begiratuta, Tecnaliaren garrantzian jarri du azpimarra zuzendari nagusiak: «Tecnaliaren moduko erakundeak garrantzitsuak dira garai egonkorretan, baina are eta garrantzitsuagoak dira garai nahasietan, enpresei norabidea aurkitzen laguntzen dietelako».
Horregatik, Valerok esan du zentroak garatzen dituen I+G proiektuak enpresentzat baliagarriak izatea dela Tecnaliaren oinarria: enpresak berrindustrializaziora bultzatzeko eta sektorean duten eragina areagotzeko. «Inork ezin du testuingurua aukeratu, baina bai testuinguru horri nola erantzun, eta, alde horretatik, Euskal Herriko enpresek arrazoia eman digutela uste dut».
Biek aitortu dute enpresentzat zailagoa dela I+G proiektuetan inbertitzea ziurgabetasun garaietan. Hala ere, Belaustegik «ontzat» jo du iazko ekitaldia. Zentroak I+Gko 4.759 soluzio garatu zituen, aurreko urtean baino %3,1 gehiago, eta 156 milioi euroren diru sarrerak lortu zituen soluzio horien truke, %5,4 gehiago.
Datuak xehatuz, Valerok nabarmendu du salmenta horietan lortutako diruaren %54 enpresa pribatuetatik jaso zutela, 80 milioi euro, eta proiektu guztietatik 1.962 izan zirela zuzenean enpresentzat (%41,2). «Horrela izan behar duela uste dugu: gure jardueraren erdia enpresei bideratua izatea, eta beste erdia datozen urteetan enpresentzat baliagarriak izan daitezkeen teknologiei bideratua, gaur egun enpresek teknologia horiek eskatzen ari ez diren arren», esan du zuzendari nagusiak.
Eragin ekonomiko eta soziala
«Enpresen eta gizartearen zerbitzura dagoen tresna bat gara, eta eragin ekonomikoa eta soziala indartu nahi dugu. Ikerketa teknologiaren eta berrikuntzaren bitartez egiten dugu hori», adierazi du Belaustegik. Horrela, Valerok ziurtatu du Tecnaliaren jarduerak 914 milioi euroko ekarpena egin ziola iaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako barne produktu gordinari.
Gaineratu du EAEko erakundeek Tecnalian inbertitzen duten euro bakoitzeko 34,10 euro jasotzen dituztela batez beste, eta zentroko lanpostu bakoitzeko 9,16 lanpostu mantentzen direla Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; hau da, 13.258 lanpostu.
1.512Tecnaliak zenbat langile dituen. Tecnalia garapen eta ikerketa zentroak 1.512 langile ditu gaur egun, iaz baino hamahiru gutxiago. Euskal Herrian bederatzi lantegi ditu Tecnaliak, eta zazpi atzerrian: bi Espainian eta bana Frantzian, Italian, Kolonbian, Serbian eta Txinan.
Enpresekin egiten dituzten elkarlanez gain, administrazioekin ere elkarlan estua du Tecnaliak, Eusko Jaurlaritzarekin bereziki. «Tecnaliak Eusko Jaurlaritzarekin bat egiten du estrategikoki. Gobernuak dituen planei laguntzeko jaio ginen, eta bat egiten dugu industria planari, eraldaketa energetikorako planari eta digitalizazio planari dagokienez, adibidez», esan du Valerok. Gaineratu du Eusko Jaurlaritzatik datorrela Tecnaliaren finantzaketaren zati garrantzitsu bat, eta laguntza ematen dietela proiektuak bultzatzeko eta azpiegiturak garatzeko, besteak beste.
Bide horretan, iaz egindako lanari segida eman nahi dio aurten zentro teknologikoak, zenbait arlotan: mugikortasunean, osasunean, fabrikazio aurreratuan, eraldaketa digitalean eta eraldaketa energetikoan. Hamalau arlo estrategikotan dauka jarrita arreta: fabrikazio adimentsua, hidrogenoarekin loturiko proiektuak, CO2-a biltzearekin loturikoak, eraikuntza industrializatua eta zibersegurtasuna, adibidez.
Proiektu jakinei dagokienez, mugikortasunaren arloan, aurten instalazio bat eraikitzen amaituko dute, Donostian, Mubil poloan. Hiru laborategi izango ditu, mugikortasun elektrikoa eta hidrogenoaren bidezko mugikortasuna landuko dituztenak.
Horrez gain, eskala handiko suteen saiakuntzak egiteko planta ere indartu dute. eta Kanadako araudiaren akreditazioa lortu dute bertan. Europako laborategi bakarra da gaitasun hori duena.
Teknologia kuantikoko laborategia ere garatu dute; diamante sintetikoetan oinarritutako sentsore kuantikoak diseinatu eta ekoizten dituen lehen laborategia. Eta fabrikazio aurreratuaren arloan ere, modelo berriak garatzen hasi dira, ekoizpena malguagoa eta eraginkorragoa izan dadin.