Teknologia berriak EAEn garatzeko funts bat eratuko du Gaia klusterrak

Berrehun milioi jarriko dituzte zibersegurtasuna, adimen artifiziala, mikroelektronika eta teknologia kuantikoa suspertzeko. Klusterraren biharko batzar orokorrean aurkeztuko dute Gaia Value Capital funtsa eratzeko egitasmoa.

Elena Zarraga Gaiako presidentea, Eli Pombo Languneko burua eta Tomas Iriondo klusterreko idazkari nagusia, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Elena Zarraga Gaiako presidentea, Eli Pombo Languneko burua eta Tomas Iriondo klusterreko idazkari nagusia, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
14789412 kepa
Bilbo
2025eko ekainaren 10a
17:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez dira gutxi teknologia berrien arloko premiak asetzeko atzerriko inbertsiogileen atean jotzen duten enpresak. Halakoei etxeko epelera itzultzeko aukera eman nahi die Gaia klusterrak. Zibersegurtasunean, adimen artifizialean, mikroelektronikan eta teknologia kuantikoan beharrezkoak diren baliabideak Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian sor daitezen, 200 milioi euro izango dituen funts bat eratuko du Jakintza Industrien eta Teknologia Aplikatuen Klusterrak: Gaia Value Capital.

Gatazka geopolitikoek eta Trumpen muga zergek ez diote buruhauste handirik eragin Gaiari. Teknologia berrien sektoreko 305 enpresek osatzen dute klusterra, eta haien esportazioak %7 handitu ziren iaz. Guztira, 2.961 milioi eurora iritsi ziren. Horiek horrela, 2024an 7.020 milioi euroren irabaziak izan zituzten, aurreko urtean baino %7 gehiago, alegia. Aurtengo mozkinak beste horrenbeste handitzea espero dute.

202

I+Gra zenbat diru bideratu den, milioi eurotan. 2024an, Gaia klusterreko enpresek 202 milioi euro jarri zituzten ikerkuntza eta garapen egitasmoetan, hau da, aurreko urtean baino %10 gehiago. 2025ean, beste horrenbeste handitzea espero dute.

Hala ere, pauso bat aurrera emateko ordua iritsi zaiela uste dute Gaiako arduradunek: «Orain da garaia haztea ahalbidetuko digun subiranotasun teknologikoa bermatzeko eta geure kabuz eta modu jasangarrian eta abangoardistan garatzeko», adierazi du Elena Zarraga klusterreko presidenteak gaur, Bilbon.

Izan ere, gaur egun, teknologia berrietan inbertitzen denaren %80 atzerriko kapitala izaten da gutxi gorabehera. «Gehienetan, inbertsiogile anglo-saxoiengana» jo behar izaten dute enpresek premiaren bat daukatenean, Tomas Iriondo Gaiako zuzendari nagusiak azaldu duenez.

Halakorik ez gertatzeko, Gaia Value Capital arrisku kapitaleko funts publiko-pribatua bultzatuko eta kudeatuko du Jakintzaren eta Teknologiaren Industriako Klusterrak. 200 milioi euro erabiliko dituzte teknologiak garatzeko eta «euskal sektore teknologikoa errotzeko». Diru horrekin, hurrengo bost urteetan, zortzi eta hamalau proiektu artean garatzea espero dute: hasieran, bost eta hogei milioi euro artean zuzenduko dute egitasmo bakoitzera. Horretaz gain, aurreikusi dute beste 200 milioi euroko kreditua lortzea sindikatuko maileguen bidez.

«Orain da garaia haztea ahalbidetuko digun subiranotasun teknologikoa bermatzeko eta geure kabuz eta modu jasangarrian eta abangoardistan garatzeko»

ELENA ZARRAGAGaia klusterreko presidentea

Zarraga Gaiako presidenteak nabarmendu duenez, «funts hori ez dago start-up-etarako pentsatuta, baizik eta Euskadiko eta Espainiako kapitalarekin enpresak hazteko eta estrategian laguntzeko, betiere sektore horretan konfiantza sortzeko eta subiranotasun teknologikoan aurrera egiteko helburuz».

Hain zuzen ere, Madrilgo gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek ez ezik, inbertitzaile pribatuek ere parte hartuko dute. Horretaz gain, beste beste 200 milioi euroko kreditua sindikatuko maileguen bidez egingo dute.

Batzar orokorra

Ekimen hori eta sektorearen balantzea bihar aurkeztuko dute Zarragak eta Iriondok, Gasteizen egingo duten klusterraren batzar orokorrean: Datua, balio soziala eta ekonomikoa izenburupean egingo dute.

Hain zuzen ere, «datuaren ekonomia» ere hizpide izango dute bilkuran. Izan ere, Gaiaren iritziz, «datua munduko edozein ekonomia garaturen funtsezko lehengai bihurtuko da, eta azpiegituretan inbertsioak egin beharko dira». Batzarrean horren inguruko proiektu ere bat onartzea aurreikusi dute.

Emango dituzten datuen artean, Gaiako ordezkariek jakinarazi dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 26.280 langilek dihardutela gaur egun jakintza industrien eta teknologia aplikatuen sektorean. Iaz, sektoreko enpresek 1.400 langile gehiago kontratatu zituzten (%6 gehiago); baina «2.000 lanpostu berezitu inguru bete ezinda» dabiltzala gogorarazi dute. Hala ere, 2025ean beharginen kopuruak %5 gora egitea espero dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.