Teslaren antisindikalismoari erronka bota diote Suedian

Sindikaturik ez dago Teslaren AEBetako, Txinako eta Alemaniako fabriketan. Suediako mekanikariek eta garbitzaileek greba hasi dute, lan hitzarmena negoziatzeko eskubidea eskatzeko.

TESLA
Grebalari bat Teslaren Stockholmeko tailer baten aurrean. JESSICA GOW / EFE
Iker Aranburu.
2023ko azaroaren 28a
16:45
Entzun

Elon Muskek ez ditu sindikatuak maite, eta orain arte lortu du bere fabriketatik kanpo uztea. Baina Tesla inperioa beste herrialde batzuetara zabaltzen hasi ahala, talka egin du sindikatuei AEBetan baino leku handiagoa ematen dieten lan kulturekin. Suediakoa da horietako bat —hamar langiletik zazpi dira sindikatu bateko kide han—, eta sindikatuek erronka bota diote Teslako buruari.

Joan den hilean, IF Metall sindikatuaren babesarekin, Teslako tailerretako 130 mekanikarik greba mugagabea hasi zuten lan itun bat eskatzeko. Muskek dio ez dagoela hitzarmen horien beharrik, argudiatuta bere langileei lan baldintza onak bermatzen dizkiela, langileekin eta haien ordezkariekin ezer negoziatu behar izan gabe.

Baina argudio horrek ez du funtzionatu Suedian; 1938az geroztik indarrean dagoen Saltsjobaden Itunak arautzen ditu lan baldintzak herrialde hartan, eta esaten du enpresaburuen eta sindikatuen artean adostu behar direla. Ondorioz, gaur egun Suediako langileen %90ek dute lan hitzarmen baten babesa.

Elkartasun grebak

Mekanikariek abiatutako protestara batu dira Teslaren saltokietako garbitzaileak, haiek ere ituna eskatzeko, baina protestak indar handia hartu du beste sektore batzuetan ere elkartasun ekintzak hasi dituztenean. Horrela, Suediako portuetan Tesla autoak lehorreratzea oztopatzen ari dira zamaketariak, eta postariek uko egin diote erosleei autoen matrikulak postaz bidaltzeari —horrela iritsi ohi zaizkie—.

Postarien erabakia «erokeriatzat» hartu du Muskek X sare sozialean —harena da Twitter zena—, eta auzitara jo. Astelehenean garaipen txiki bat lortu zuen, epaileek baimena eman baitzioten matrikulak zuzenean jasotzeko Suediako Garraio Agentziatik, postatik igaro gabe.

%2,5

Teslaren merkatu kuota iazkoa halako bi da orain Europako Batasunean, %1,2tik %2,5era igo baita. Autogintzarentzat ez da urte erraza izan, baina Teslak %132 handitu ditu salmentak. Gainera, haren modeloetako bat, Y izenekoa, aurten EBn gehien saldutakoa izateko bidean da. Azkenean hala balitz, Europakoa ez den modelo batek salmenten lehen postua eskuratuko lukeen lehen aldia litzateke.

Grebalariek ez dute amore emateko asmorik, Marie Nilsson IF Metalleko buruzagiak ziurtatu duenez, eredu oso bat baitago jokoan. «Teslak erakusten badu posible dela Suedian aritzea lan hitzarmenik gabe, beste konpainia batzuek gauza bera egiteko tentaldia izango dute. Eredu arrakastatsua daukagu Suedian». Grebari eusteko diru arazorik ez da izango: Suedian greba gutxi egon ohi dira, eta erresistentzia kutxak beteta daude. «Luzaroan euts diezaiokegu», gaineratu du Nilssonek.

Musk beldur da Suediako protestak zabaldu egingo ote diren. AEBetan eta Kanadan zapuztu egin ditu UAW autogintzako sindikatuak fabrika batzuetan antolatzeko egindako saioak. Indarrez zapuztu ere: Buffalon (New York, AEB), bota egin zituen Teslako lantegian sindikatu bat sortu nahi izan zuten dozenaka langile.

Alemania, hurrengo borroka?

Baina AEBetan baino gehiago, Alemanian du kezkatzeko arrazoia Muskek, han ere sindikatuak indartsuak baitira eta ohikoa baita haien ordezkariak enpresen zuzendaritza organoetan izatea.

Alemania funtsezkoa da orain Teslaren hedapenerako; orain arteko merkatuaren eskaerei erantzuteko gai zen AEBetan eta Txinan egindako modeloekin, baina auto elektrikoen eskari gero eta handiagoa betetzeko Muskek fabrika erraldoi bat zabaldu zien iaz Berlindik gertu, Gruenheide herrian. Han aritzen diren 11.500 langileek muntatzen dituzte gaur egun Europan saltzen diren Tesla Model Y autoen hiru laurdenak.

Alemaniako autogintzako sindikatu nagusia, IG Metall, ahalegindu zen Gruenheideko lantegian arlo sindikal bat osatzen, baina ezin izan zuen, eta hango langileak dira sektorean lan hitzarmenik ez duten bakarrak. Muskek, baina, jada nabari du presioa, eta, sindikatuak trabatze aldera, soldatak %4 igo dizkie langileei.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.