Toña: «Datuek erakusten dute atzerritarrek lanerako joera nabarmena dutela»

Diru sarrerak bermatzeko errentaren onuradun diren atzerritarrak %6,8 ugaritu dira 2013. eta 2016. urteen artean, eta hemen jaiotakoak, %15,6

Pertsona bat Lanbideren bulego batetik ateratzen, Gasteizen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2016ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Atzerrian jaiotako populazioak egiten duen diru sarrerak bermatzeko errentaren erabilera eztabaida askoren sorburu izan da, eta sistemarako sarbidea gogortzeko PPk egiten duen ahaleginaren —asteon aurkeztu du berriro lege proposamen bat— justifikazioetako bat da. Datuak eskuetan, hainbat topiko gezurtatzen ahalegindu zen atzo Angel Toña Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua.

«Datuek erakusten dute atzerritarrek lanerako joera nabarmena dutela», azaldu zuen Toñak, errentari buruz hitz egiteko Eusko Legebiltzarrean egin zuen agerraldian. Joera hori atzerrian jaio eta EAEra etorritako populazio orokorrari aitortu zion, baina «bereziki» errentaren onuradun direnei. Hala, ordaina kobratzen hasten direnen %69,9k aldez aurretik lan esperientziak izan dituzte, eta %25ek laneko saria osatzeko eskatu dute laguntza.

Gizartearen pertzepzioa eta errealitatea ez datoz bat, sailburuaren ustez. 2013. eta 2016. urteen artean hemen jaiotako onuradunak %15,2 handitu dira, eta horrek gastua %20,9 igotzea eragin du. Atzerrian jaiotako onuradunei dagokienez, tarte berean %6,8 gehiago dira, eta gastua beste horrrenbeste hazi da: %6,7.

«Ezin zaie leporatu lanpostuetatik ihesean egotea», kexatu zen Toña, eta beste adibide bat eman zuen: azken urtean, %5,8 egin du gora atzerriko pertsonen afiliazioak.

PPren argudioak

Asteon, berriro ere, gizarte laguntza nagusia arautzen duen legea gogortzeko neurriak proposatu ditu PPk. Laura Garrido legebiltzarkideak ez zion inolako aipamenik egin proposamen horri Toñaren agerraldian. Atzerritarrei lotutako datu bat atera zuen plazara, ordea: hemen jaiotakoen langabezia tasa eta atzerritarrena alderatuta, EAEn Espainian baino askoz ezberdintasun handiagoa dagoela azpimarratu zuen, esan gabe baina inplizituki iradokita erakartze efekturen bat egon zitekeela.

Emandako datuak zuzendu zizkion Adolfo Alustiza Lanbideko zuzendariak Garridori, eta, aldea onartuta ere, interpretazioakritikatu zion PPkoari. Espainian dauden atzeritarrek duten langabezia tasaren eta EAEkoek dutenaren artean, aldea %0,3 baino ez da. Bietan %30aren bueltan dago. Arazoa, egotekotan, hemen jaiotakoen kopuruarekin dago: EAEn baino zortzi puntu handiagoa da haien langabezia Espainian.

«Ez dago erakartze efekturik», argudiatu zuen Toñak, eta atzerritarren langabezia handiagoari buruz azalpen osatua eskaini zuen. «Enplegu osoa zegoenean iritsi ziren asko, eta kualifikazio apaleneko lanpostuak hartu zituzten. Orain, egoera aldatu da,eta kualifikazio horrekin gehiago kostatzen ari zaie lana bilatzea». Krisiak jo dituela eta ezin direla bazterrean utzi ere adierazi zuen Toñak.

Joan den urtean alderdi popularrak herri ekinbide legegile bat sustatu zuen Diru Sarrerak Bermatzeko Legearen baldintzak gogortzeko. Beharrezko sinadura kopurua lortu zuen, baina oposizioak danbateko batez itxi zion atea, tramitea ukatuta. Eusko Legebiltzarra desegiteko hilabete gutxi batzuk falta direla eztabaida berriro egitea nahi dute popularrek. Eskaera nagusia da laguntza ukatzea paperik gabekoei eta bost urte baino gutxiago erroldatuta daramatzatenei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.