Nazioarteko lurrikaren eraginei ongi eusten ari zaie Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia. Hala uste du behintzat Eusko Jaurlaritzak. %2,3ko hazkundearekin amaitu zuen 2025a, «hasierako aurreikuspenak gaindituta» —duela urtebete egindakoa baino bi hamarren handiagoa— eta bilakaera «sendoa, egonkorra eta iraunkorra» erakutsita, Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Ekonomia sailburuak nabarmendu duenez. Aurrera begira ere baikor azaldu da, baina aurten hazkundea «pixka bat apalagoa» izango dela uste du: iragarri du barne produktu gordina (BPG) %1,9 haziko dela aurten, eta beste %1,6, berriz, 2027an.
Aurreikuspen horiek bat datoz beste iragarle batzuek orain arte egin dituztenekin. Laboral Kutxak %1,8ko hazkundea iragarri du aurten. Motelaldi txiki hori nazioarteko testuinguruari egotzi zion Laboral Kutxak, baita Torresek ere. Bertako ekonomiaz, berriz, sailburuak nabarmendu du iazko hazkundea batez ere barne eskariak bultzatu zuela, enpresenak, inbertsioen bidez, zerga politikak «pixkanaka erlaxatzeko politiken» eraginez, eta familienak, lan merkatuaren bilakaerak eragindako konfiantzagatik. Aurten horri eutsiko zaiola uste du, eta hazten jarraitzeko «oinarri sendo bat» jarria dagoela.
Iazko puntu beltza esportazioak izan ziren. Torresen arabera, «merkataritza bazkide nagusien ahultasunak» eta «nazioarteko tentsioen gorakadak» eragin zuzena izaten ari dira euskal enpresen kanpo salmentetan, bereziki industria sektorean; gogoratu du 2025ean apenas %0,3 hazi zela. «Sektore hori da gaur egun gure kezka nagusia», adierazi du sailburuak. Hala ere, 2026ra begira «nahiko baikor» agertu da; esan du «pixkanaka suspertzea» espero duela eta horren «seinaleak» ikusten hasiak direla.
Langile berrien %55, atzerrikoa
Ifrentzua, berriz, lan merkatua da. Torresek gogoratu du inoizko langile gehien dagoela Gizarte Segurantzan izena emanda, eta langabezia tasa inoizko txikienetarikoa dela. Aurten enpleguak hazten jarraituko duela aurreikusi du, «erritmo motelagoan izango bada ere». Horri esker, 2026an langabezia tasa %6,4ra jaistea aurreikusten du Jaurlaritzak, eta 2027an %6ra hurbilduko dela.
Sailburuak azpimarra jarri du atzerritar jatorriko biztanleek «lan merkatuari egiten dioten ekarpenean»: 2025ean Gizarte Segurantzan kotizatzen duten langile berrien ia %55 direla nabarmendu du, eta aurrera begira euskal ekonomiarentzat «funtsezkoak» izango direla. «Zenbait belaunalditako langileek erretiroa hartzeko aukera izatea konpentsatu egingo da Euskaditik kanpoko langileak lanean hasiko direlako, eta horrek lan oinarri egonkor bati eusteko modua emango du».
Lan merkatuaren datuetatik eta BPGtik harago, Torresek gizarte adierazle batzuk ere aipatu ditu, eta gogoratu du «justizia soziala» dela hark gidatzen duen sailaren «bizkarrezurra». Zehaztu duenez, «Euskadik du [Espainiako] Estatuan pobrezia arriskurik txikiena, biztanleen %14,8 soilik baitaude kalteberatasun egoeran». Horrez gain, nabarmendu du hobetu egin dela errentaren banaketa, eta EAE dela «bizi kalitate, berrikuntza eta giza garapen handiena duen eskualdeetako bat, bai estatuan bai Europan».