Ekonomia

Tourraren hasierak 104 milioi euroko eragin ekonomikoa izan zuen

Erakunde publikoek 12,2 milioi gastatu zituzten, eta 19,4 milioi bildu zituzten zergetan.

Txirrindulariak eta jarraitzaileak Ganguren mendatean, Frantziako Tourraren lehenengo egunean. ,. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko azaroaren 13a
13:26
Entzun

Kultur eta ekitaldi handiak antolatzeko eta erakartzeko arrazoien artean badago etengabe errepikatzen den bat: errentagarritasun ekonomikoa. Hau da, ekitaldi hori antolatzeko gastatu den dirua gainditu egiten duela ondoren eragindako jarduera ekonomikoak. Frantziako Tourraren hasierari dagokionez, eragin ekonomiko hori 104 milioi eurokoa izan zen, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak Bilbon azaldu duenez.

Frantziako Tourra Euskal Herritik abiatu zen, uztailaren 1ean, eta hiru egunez Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Lapurdiko errepideetan ibili ziren txirrindulariak. Jendetza izan zen lasterketa ikusten —ia milioi bat lagun, ofizialki— euskal herritarrak horietako asko, baina kanpotik iritsitakoak hamarretik hiru izan ziren, Zupiriak azaldu duenez.

Haiek guztiek egindako gastua aztertu du Ikertaldek, eta ondorioztatu du erakundeek gastatutako dirua halako 8,5 fakturatu zutela ostalariek, dendariek eta beste zerbitzu batzuetako emaileek: 103,8 milioi.

Horretatik, 16,8 milioi euroko «gastu zuzena» izan zela azaldu du Zupiriak, hau da, antolaketan aritu diren enpresek jasotakoa. Zerbitzu horiek emateko 113 kontratu egin zituen Tourraren zuzendaritzak, eta %92 hiru lurraldeetako enpresek eskuratu zituzten.

Beste 53,7 milioi «zeharkako gastutzat» jo ditu Ikertalderen azterketak. Horren barruan sartzen da Tourraren parte hartzaileek —txirrindulariek, taldeetako langileek, kazetariek...— eta lasterketa bertatik bertara ikusi zuten herritarrek hoteletan, jatetxeetan, tabernetan eta dendetan gastatutakoa.

Azkenik, 33,3 milioi izango lirateke kontsumoak enpleguan eta ekoizpen katean eragindako gastua.

«Euskadiren irudia sendotu da»

Zupiriak azaldu duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde publikoek —Jaurlaritzak, aldundiek eta udalek— 12,2 milioi euro gastatu zituzten Tourra egin zedin. Diru hori aise berreskuratu dute, foru ogasunek 19,4 milioi eskuratu dituztelako lasterketak eragindako zergetan.

Erakunde publiko guztien izenean, Zupiriak aldarrikatu du Tourraren irteera «herri proiektu handi bat» izan zela, eta lasterketaren antolatzaileen esker ona jaso duela. «Sendotu egin da Euskadiren lekua eta irudia ekitaldi handiak egiteko leku erakargarrien ligan, ahalegin handiari esker, eta euskal gizarteak erakutsitako konpromisoari esker», gaineratu du.

%91, antolatzearen alde

Tourra Euskal Herritik abiatzeak eragindako gastuak eta eragozpenak hainbat kritika jaso zituen, baina, oro har, babes handia izan duela aldarrikatu du Zupiriak: Ikertaldek egindako inkestan, %91ek ontzat jo dute antolatu izana, %86k esan dute «zoriontasun uneak» ekarri dizkiela, eta %85ek halako ekitaldi gehiago eskatu dituzte.

Ikertalderen azterketak dioenez, 988.000 lagunek ikusi zituzten txirrindulariak zuzenean: 364.000k Bilbon hasi eta bukatu zen lehen etapan; 294.000k Gasteiz-Donostiakoan; eta 179.000k Zornotza-Baionakoan —Iruneraino soilik zenbatu dituzte—. Gainera, 45.000 lagun izan ziren taldeen aurkezpenean, eta beste 106.000 igaro ziren Bilboko Areatzan jarritako Fan Parketik.

Hedabideetan ere presentzia handia izan zuen Tourraren hasierak: 18.000 hedabidek eman zuten haren berri, eta horietatik %88k taldeak aurkeztu zirenetik hirugarren etapa amaitu arte. Agerraldi horien audientzia metatu potentziala 69.000 milioi lagunekoa izan dela dio txostenak; hori guztia publizitatearen bitartez lortu nahi izan balitz, 115,2 milioi euro gastatu beharko ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.