Gerra komertziala

Trumpek 6.740 milioiren muga zergak ezarri dizkio Europari

Washingtonek ez du atzera egin, eta gauerdiaz geroztik indarrean daude zerga bereziak AEBetako merkatuan, ardo, olio, gazta eta aeronautika produktuentzat

Donald Trump hauteskundeei begira egindako ekitaldi batean. LARRY W. SMITH / EFE
xabier martin
2019ko urriaren 18a
09:15
Entzun

Donald Trumpek ez dio jaramonik egin Europako Batzordeak egunotan egin dion abisuari, eta hark luze gabe har ditzakeen neurriak baztertuz, Europaren aurkako muga zergak indarrean jarri ditu, Airbusen kasuaren harira Munduko Merkataritza Erakundeak baimenduta. 6.740 milioi euroren baino gehiagoren balioa dute Europako esportazio horiek AEBetako merkatuan, eta euskal ardoaren sektorea bete-betean harrapatu dute, hala txakolina nola Arabako Errioxa eta Nafarroakoa. Ez alferrik, hura da Basque Wine gisa saltzen den merkatu garrantzitsuenetan bigarrena, Erresuma Batukoaren atzetik. Eusko Jaurlaritzak 6,7 milioiko kaltea aurreikusi du EAEko esportatzaileentzat, eta neurri bereziak iragarri ditu ardogintzarentzat.

AEBetako Kanpo Merkataritzaren Ordezkariaren Bulegoak jakinarazi du 00:01ean sartu direla indarrean iragarritako zerga bereziak Europako esportazioentzat, eta, horrekin batera, Trumpek Batasunaren ekonomiaren aurkako gerrari ekin dio berriro. Aurreko astean, Txinarekin duen gerra irekian su-etena sinatu zuen, eta Pazifikoko frontea baretu ondoren, Atlantikoan gerra betean sartu da.

Orain, Batzordearen erantzunaren zain geratu da munduko merkataritza, Bruselak argi utzi baitu beste hainbesteko erantzuna emango duela. Ikusteko dago, ordea, MMEn duen salaketaren ebazpenaren zain geratuko den ala ez. Washingtonek erakundearen baimenez egin du zerga berezien urratsa, nahiz eta Etxe Zuriko maizterrak ez duen halakorik behar erabaki hori hartzeko. AEBek Boeing konpainia diru publikoz lagundu duela dio EBk, eta Frantziak, Erresuma Batuak, Alemaniak eta Espainiak Airbusi emandako laguntzen auzi bikia izan daiteke hori luze gabe.

Europaren erantzuna

Egoera hori guztia kontuan hartuta, Cecilia Malmstrom Merkataritzako komisarioa etengabe negoziazioan egon da Trumpen administrazioarekin, baina haren abisuak ez dute gerarazi Etxe Zuria. Komisarioak asteon esan du Batasuneko kideen ordezkariak bilera batera deituko dituela aurki, eta aztertzen ari direla jada zer-nolako erantzuna eman, baina inor gutxik jartzen du zalantzan AEBetako produktuen inportazioei zerga bereziak ezarriko zaizkiela.

Noiz da galdera, MMEren baimena lortu ondoren —lortzen badu—, edo lehenago, kontuan eduki behar baita Boeing auziaren erabakia hilabete batzuk barru iristekoa dela. Joan den apirilean, Bruselak produktu zerrenda bat aurkeztu zuen muga zergak jasotzeko hautagaiekin. Zerrenda horrek 18.000 milioi euroko eragina zuen, eta besteak beste, ketchupa, arrain izoztua, fruituak eta hegazkinak zeuden.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.