Osteguneko eta ostiraleko zartakoak ikusita, inbertitzaile eta analistak ia ziur ziren astelehenean beste ipurdiko bat izango zela merkatuan. Besteak beste, ostiralean Asiako merkatu askotan jai izan zutelako, eta orduan saihestutako beherakadak gaur irentsi beharko zituztelako. Bada, bete-betean asmatu zuten, hirugarren egunez beherakada handiak izan baitira mundu osoko merkatuetan.
Egun eroa izan da, zurrumurruak eta zalantzak tarteko, baina zenbaki gorrietan itxi dituzte Asiako eta Europako burtsak azkenean. AEBetan ere ikusmira ez zen hobea, eta muga-mugan aritu dira indize nagusiak.
Jaitsiera handiak izan dira Asian. Tokion, Nikkei indizeak ia %8ko beherakada izan du, Seulgo Kospi indizeak %5,57koa, Taiwango Taiex indizeak %9,7 egin du behera, eta, Txinan, Shanghaiko eta Shenzengo burtsak %7,34 eta %9,66 amildu dira hurrenez hurren; Hong Kongekoa, %13,2.
Europan ere, indize nagusiek beherakada handiak izan dituzte eguna hasi orduko. Stoxx Europ 600 indizea %4,5 amildu da; Alemaniako Dax indizean %10eko jaitsiera izan da tarte batean, baina, azkenean, %4,13ko zenbaki negatiboarekin itxi du. Parisko CAC 40 indizeak %4,78ko galera izan du, eta Madrilgo Ibex-35ak %5,12koa.
Balio merkatuen aldakortasuna muturrekoa izan da egun guztian zehar, eta hori AEBetako burtsan ere islatu da gaur. Zabaldu eta ordu gutxira irabaziak pilatzen hasi baitira indizie nagusiak. Arrazoia? Trumpen aholkulari ekonomiko batek zabaldu du tarifak indarrean sartzeko data 90 egunez atzeratzea aztertzen dabilela dela Etxe Zuria. Txinari ez beste herrialde guztiei eragingo lioke hiru hilabeteko menia horrek, CNBC telebista kateak zabaldu duenez. Washingtonek berehala gezurtatu du zurrumurrua, ordea, eta horrekin batera beheranzko joera hartu du berriz burtsak.

Funtsean, aurreko egunetako laino beltzek hor diraute. Azken batean, burtsetako eta merkatuetako galerek zera islatzen dute, zenbateko kezka sortu den Donald Trumpen Askapenaren eguneko muga zerga orokortuek ekonomian —AEBetan eta mundu osoan— eragingo duten kaltearen harira.
Eta, jakina, Trumpek ez du ez konfiantzarik ez lasaitasunik eskaini. Asteburua golfean pasatu ostean, Mar-a-Lagotik (Florida) Washingtonera itzultzeko hegaldian adierazpenak egin ditu bart gauean, Air Force Oneko ate batean. «Txinarekin, Europarekin dugun defizitaren arazoa konpondu nahi dut. Horri buruz hitz egin nahi badute, hitz egiteko prest nago, baina, bestela, zergatik nahiko nuke nik haiekin hitz egin?».
«Ez dakit zer gertatuko den merkatuekin. Ez dut ezer jaistea nahi, baina batzuetan, sendagai bat hartu behar da zerbait konpontzeko»
DONALD TRUMPAEBetako presidentea
Hala ere, Trumpek azaldu du mundu osoko liderrekin eta konpainia teknologiko handietako buruekin hitz egin zuela, nahiz eta ez zehaztu zer herrialdetakoak diren.
Merkatuak ere aipatu ditu: «Ez dakit zer gertatuko den merkatuekin. Ez dut ezer jaistea nahi, baina, batzuetan, sendagai bat hartu behar da zerbait konpontzeko».
Truth Social sare sozialean ere idatzi du Trumpek: «Txinarekin, Europarekin eta hainbat herrialderekin finantza defizit masiboa dugu. Hori sendatzeko modu bakarra TARIFAK dira: haien bitartez, dozenaka bilioi dolar ekartzen ari gara AEBetara. Indarrean daude jada, eta gauza ederra dira ikusteko».
62,7Brent upelaren prezioa, dolarretan Trumpen muga zergek munduko ekonomian atzeraldia eragingo dutelako eta petrolio eskaria apalduko delako kezka antzeman da petrolioaren merkatzean ere. Apirilaren 2an, Brent upela 74,95 dolarretan salerosi zen, eta horrek esan nahi du orduz geroztik haren prezioa %14,98 amildu dela.
Horiek horrela, Trumpek bere Askapenaren egunarekin sututako merkataritza gerran ez da antzematen apaltze, leuntze edo atzera-bueltarik oraingoz.
Bitartean, zerk geratuko du merkatuetako odolustea? AEBetan, bada Erreserba Federalak larrialdiko neurriren bat hartzeko eskatzen duenik. Uste dute Jerome Powell Fed-eko buruak interes tasak jaitsiz gero balitekeela atzeraldiari izkin egitea, edo, behintzat, kolpea arintzea.
Horiek horrela, ohiko bilera egin du gaur Erreserba Federalak. Gai ordenan ez zegoen interes tasei buruzkorik, baina zurrumurrua berehala hedatu da. Trumpek tasak jaisteko eskatu baitio Powelli beste behin, sare sozialetan idatzitako mezu baten bitartez.
Baina beste aukera bat ere aipatu dute: AEBetako auzitegiek tarifak etetea, haien legezkotasuna zalantzagarria delako, Trumpen argudioak direla eta. Edonola ere, argi dago oraingoz Trumpek ez duela atzera egiteko asmorik, eta panorama iluna dela oraindik ere merkataritza globalarentzat. Eta, ondorioz, merkatuetan laino beltzak daudela.