Enpresak

Tubacexek 16 milioi euro galduta hasi du urtea

Petrolioaren eta gasaren sektoreen gainbeheraren ondoren, eskari gutxi dituela azaldu du Arabako hodigileak. Kaleratzeen aurkako greban daude Amurrioko eta Laudioko fabriketan.

Tubacexeko langileak, apirilaren 16an, Eusko Legebiltzarraren aurrean. ANDONI LUBAKI / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko maiatzaren 11
11:30
Entzun

Gaizki amaitu zuen 2020. urtea Tubacexek, 25 milioi euroren galerak pilatu baitzituen. Eta are okerrago hasi du 2021a, hiru hilabete eskasetan 16,4 milioi euroren zuloa egin baitu.

Galera horien arrazoi nagusia da salmentak amildu egin direla: 86,5 milioiren fakturazioa izan du, iaz epe horretan baino %43,7 gutxiago. EBITDA edo irabazi operatiboa, 0,1 milioi baizik ez da izan, iazkoa baino %99,4 gutxiago.

Arabako enpresak azaldu du ekonomiaren deskarbonizazio prozesuaren ondorio direla bere salmenta eskasak. Hidrokarburo konpainiak dira haren hodien eskatzaile nagusiak, baina azkenaldian haien inbertsioak asko gutxitzen ari dira, dirua energia berriztagarriak bultzatzera doalako. Industriaren joera horretara egokitzen ari dela dio Tubacexek; esaterako, gero eta eskari gehiago ditu zentral nuklearretarako.

Zorra 310 milioiraino hazi da

Jesus Esmoris Tubacexeko kontseilari ordezkariak aitortu du «ingurumari zail bati» aurre egin behar diola enpresak, baina horretara egokitzeko ahaleginak egiten ari dela. Horien artean dago iaz 30 milioi euro txikitu zituela ekoizpen kostuak. Murrizketa horren zati handi bat kaleratzeen bitartez egin zuen Tubacexek, bere lan taldea 600 lagun txikitu baitzuen.

«Berregituraketa» horretan langileei emandako kalte ordainek eta Indiako enpresa baten erosketa bukatzeak 12,3 milioi euroren zorra gehitu du urteko lehen hiruhilekoan. Honezkero, taldearen zorra 310 milioi eurora iritsi da. Zama hori eramangarria zaiola azaldu du enpresak, iaz lotu zuelako zorra ordaintzeko egutegi egokiago bat, eta kutxan ia 190 milioi euro dituelako.

Arabako langileak, greban

Kaleratzeen arrastoa Arabako plantetara iritsi da aurten. Amurrioko eta Laudioko lantegietan 94 behargin kaleratu ditu enpresak. Beste 22 langilek enpresa utzi dute pizgarriekin, eta hamabik erretiro aurreratua hartu dute. Tubacexeko langileek  greba hasi zuten otsailean kaleratzeak salatzeko, eta dagoeneko gauzatu badira ere, protestan jarraitzen dute. Martxoaren amaieran, Ertzaintzak foam jaurtigaiekin eta borrekin sakabanatu zituen Amurrioko fabrikaren aurrean batutako grebalariei.

Gaur eguerdian azaldu behar dute beren egoera Eusko Legebiltzarrean. Apirilaren 16an ganbera horren aurrean batu ziren, Laudiotik oinez joan ondoren. Orduan ere istiluak izan ziren.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.