Zuhur baina baikor. Aldarte horrekin egingo die aurre Tubacexek datozen hilabeteei, Josu Imaz kontseilari ordezkariak eta Manuel Moreu presidenteak azaldu dutenez. Egun, Irango gatazka eta bereziki Ormuzko itsasartea itxita egotea da enpresaren jarduerarako mehatxu nagusia, eta Abu Dhabin daukan lantegiak paira ditzake horren ondoriorik larrienak: oraingoz, normal ari da lanean Arabiar Emirerri Batuetako hiriburuan, baina «arriskuak» ikusten dituzte itsasartearen blokeatzea luzatuz gero.
AEBetako presidente Donald Trumpek ezarritako muga zergek, eta bereziki altzairuari jarritakoek, ederto astindu dute mundu osoko industria. Geroago, AEBek eta Israelek Iranen kontra abiarazitako erasoa iritsi zen, eta, horrekin batera, Ormuzko itsasartea itxi izana. Imazek eta Moreuk adierazi dutenez, Tubacex ez da horien eraginetik aparte egon, eta arazoak izan ditu urtearen hasieran, baina beste sektore eta enpresa batzuek baino gutxiago, Tubacexek ekoizten dituen produktuen ezaugarriengatik eta merkatuan «egoki kokatuta» dagoelako. Hala azaldu zuten 2026ko lehenengo hiruhilekoaren emaitzak aurkeztu zituztenean.
Adibidez, lehenengo hiruhilekoan, 1.202 milioi euroren eskaerak izan ditu Tubacexek, «kalitatezkoak» eta «balio erantsi handiko produktuenak». Horiei erantzuteko beharrean ari da, baina, Imazek esan duenez, zaila da jakitea zein epetan entregatuko dituzten produktuak: «Zuhur ari gara jokatzen, egutegiak aurreikustea konplikatua baita».
Abu Dhabiko planta da Tubacexeko zuzendaritzakoen kezka iturri nagusietako bat. Balio erantsi handiko hodiak egiten dituzte han, eta lehengaiak Ormuzko itsasartetik jaso izan dituzte orain arte. Bide hori itxiagatik ere, lantegia «normal» dabil oraingoz, eta «dena emanda» ari dira lanean, bilduta zeuzkaten lehengaiak erabiliz eta produktuak garraiatzeko «bide alternatiboak» bilatuz. «Baina arriskuak badaude», erantsi du Imazek: egoera urte amaierara arte luzatuz gero, litekeena da jarduera eten behar izatea.
Lantaldean ere eragina
Are gehiago: enpresak ez du baztertzen gainerako plantetan ere «behin-behineko malgutasun neurriak» hartzea, hau da, modu batera edo bestera langile kopurua behin-behinean murriztea. Tubacexeko arduradunek nabarmendu dute ez dutela erabakirik hartu horren inguruan, eta «egoeraren bilakaera nolakoa den» ikusi arte zain egongo direla.
Arazoak arazo, eta Ekialde Hurbilean pizturik dirauen gatazka bideratuz gero, luzera begira aurreikuspenak ez dira txarrak, Tubacexeko arduradunek azaldu dutenez. Enpresak jorratzen dituen negozio ildoetan «inbertsio eta hazkunde ziklo bat» dago, eta uste dute gerrak ezarritako presioa apaltzen bada, merkatua azkar oneratuko dela eta «gauzak mugitzen» hasiko direla. «Hori noiz gertatuko den? Trumpek ere ez daki», erantsi du Imazek. «Egoerak zuhurtzia eta diziplina eskatzen ditu, baina ez du aldatzen luzerako negozio aukera».