Azkenean, akordioa lortu dute Tubacexeko zuzendaritzak eta ELA, STAT eta CCOO sindikatuek, eta, horrenbestez, lan ituna berritu egingo dute. Akordioaren arabera, soldatak KPIa baino gehiago igoko dituzte, eta, batez ere, enpresak konpromisoa hartu du lantalde osoari eusteko. Izan ere, aste honetan airean ibili da zenbait langile behin-behinean kaleratzeko aukeraren mamua: lan hitzarmena negoziatzeko asteartean egindako bilera batean, enpresak iradoki zuen aztertzen ari zela enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente bat ezartzeko aukera, eta nazioarteko egoerak ekarritako ziurgabetasuna aipatu zuen hori justifikatzeko. Orain, akordioa lortuta, badirudi mamu hori uxatzea lortu dutela.
ELAren ustez, akordioari esker «berme osoz» heldu ahalko diote etorkizunari, «txanda kontratua finkotasunez aplikatzeari eta lan karga bermatzen duen inbertsio plan bati esker». Lantokien arteko batzordean hamahiru ordezkari daude, eta horietatik bost ELAkoak dira, lau STAT sindikatukoak, eta CCOOk ordezkari bakarra du; hortaz, gehiengoak ontzat eman du akordioa. LABek, berriz, ez du onartu.
2021ean, lan gatazka luze baten ondoren, enpresak eta langileek hitzartu zuten hurrengo hiru urteetan ez zutela soldatarik igoko, pandemiak ekarritako egoerari erantzun ahal izateko, baina, hiru urteko epe hori amaitu zenean, lan hitzarmena ez zuten berritu, eta, beraz, soldatak igo gabe egon dira 2021etik. Oraingo akordioaren arabera, soldatak KPIa gehi %1,75 igoko dira 2025ean —atzerako eraginez—, eta KPIa gehi %0,5 2026tik 2029ra. Gainera, 2.000 euroren gainsari bat jasoko dute.
Bestelako abantailak ere ekarriko ditu lan itun berriak, eta, esaterako, Amurrioko eta Laudioko lantegietako beharginek (Araba) diru laguntzak izango dituzte euskara ikasteko. Euskara ikastaroetara joaten diren langileek ezagutza eta aprobetxamendua egiaztatu beharko dute.
Martxora arteko emaitzak
Lan hitzarmena berritu duten egun berean iritsi dira Tubacexen lehenengo hiruhilekoaren emaitzak, eta horietan ageri dira nazioarteko egoerak ekarritako ziurgabetasunaren ondorioak: enpresak 1,3 milioi euro irabazi ditu, 2025eko lehen hiruhilekoan baino %84 gutxiago.
Iaz, Tubacexek 15,9 milioi euro irabazi zituen, eta kopuru horretan ere izan zen murrizketarik, mozkinak aurreko urtean baino %30,5 gutxiago izan baitziren. Edonola ere, sektore horretako beste enpresa batzuk baino hobeto eusten ari zaio —oso larri dabil Tubos Reunidos auzokidea—, eta horretarako gakoak dira, enpresak berak azaldu duenez, balio erantsi handiko produktuei ematen dieten garrantzia, negozioen dibertsifikazioa eta munduko hainbat merkatutan jardun izana.
Bi faktorek eragin dute Tubacexen irabaziak murriztu izana. Lehenengoa AEBetako presidente Donald Trumpek ezarritako muga zergak dira, eta bereziki altzairuari jarritakoak. Enpresaren esanetan, horrek atzeratu eta baldintzatu egin ditu bezeroen erabakiak erosketak zein inbertsioak egitean.
Muga zergen inguruko korapiloari AEBek eta Israelek Iranen kontra abiarazitako erasoa gehitu zitzaion otsail amaieran. Tubacexi zuzenean eragin zion horrek, Abu Dhabin (Arabiar Emirerri Batuak) daukan lantegiaren produkzioan etenaldiak sortu baitzituen, eta hornikuntza katean ere arazoak eragin zituen. Ondorioz, kalteak izan ziren jarduera erritmoan eta fakturazioan.
Salmentak, 154,2 milioi
Edonola ere, Tubacexek 154,2 milioi euroren salmentak izan zituen martxora arte, 2025eko lehen hiru hilabeteetan baino %15,4 gutxiago. Enpresaren jardueran negozio estrategikoek eta balio erantsi handikoek duten garrantzia funtsezkoa izan da salmentei eutsi ahal izateko. Salmenten %30,9 industria arlokoak izan dira; %28,8, gasarekin lotutakoak; eta %17,4, petrolioaren arlokoak.
Geografikoki ere, aniztasuna eta munduko merkatu askotan esku hartu izana garrantzitsuak izan dira: salmenten %41 Asian eta Ekialde Hurbilean egin ditu Tubacexek, %29 Europan, %27 Ameriketan, eta %3 Afrikan.
Bigarren hiruhilekoari begira, zuhur agertu da Tubacex. Azaldu duenez, zalantzak ugariak dira: ikuskizun dago egoera politikoak nolako bilakaera izango duen, enpresek berriro ere inbertsioak egiteari ekingo ote dioten, eta hornikuntza kateak normalduko ote diren. Hurrengo hilabeteetarako lehentasunak ezarri ditu enpresak: Abu Dhabiko plantan jarduera bere onera bueltatzea, fluxu logistikoak egonkortzea, eta irabazien tartea babestea balio erantsi handiko egitasmoak aukeratuta.