Hartzekodunen konkurtsoaren kudeatzaileak abian jarri du Tubos Reunidos enkantean saltzeko prozesua, eta, horrekin batera, zabaldu egin da eskaintzak jasotzeko epea. BERRIAk joan den astean plazaratu zuenez, baldintza batzuk ezarri dituzte eskaintzak aztertzeko, eta, lehentasun nagusia zorra ahalik eta gehien murriztea bada ere, enpleguari eta jarduera industrialari eustea ere lehenetsi dute, eta, esaterako, enpresa erosi nahi duenak bermatu beharko du jarduerari eutsiko diola gutxienez bi urtez.
Eskaintzak aztertzeko orduan, hainbat irizpide hartuko dituzte kontuan: jarduerari eustea, negozioaren kohesioa, enpleguari eta lan baldintzei eustea eta zorra murriztu ahal izatea, besteak beste.
Prozesuak atea zabaltzen dio enpresa osatzen duten ataletako batzuk erosteko eskaintzak egiteari, baldin eta «enpresaren nortasunari eusten dion entitate ekonomiko bat» osatzen bada. Edonola ere, enpresa osorik erosteko eskaintzek lehentasuna izango dute.
Prozesuaren faseak
Prozesuak bederatzi fase izango ditu; lehena abian da jada, bost egun iraungo du, eta, denbora tarte horretan, enpresa erosteko interesa dutenek asmo horren berri eman beharko dute. Bigarren fasean, interesa agertu dutenek aukera izango dute enpresa bisitatzeko eta haren inguruko datu konfidentzial batzuen berri izateko. Fase hori irailaren 7an amaituko da.
Ondoren, interesa agertu duten erosleek aukera izango dute langileen ordezkariekin bi bilera egiteko, eta, horren ostean, lehenengo eskaintza egin ahal izango dute. Konkurtsoaren kudeatzaileak bost eskaintza aukeratuko ditu gehienez, haren iritziz interesgarriak direnak edo enpresaren beharrei hobekien egokitzen zaizkienak.
Eskaintza horien egileek tarte bat izango dute zalantzak argitzeko eta enpresaren egoeraren inguruko galderak egiteko, eta, horren ondoren, azken eskaintza egingo dute. Konkurtsoaren kudeatzaileak eskaintza guztiak baloratu eta sailkatu egingo ditu.
Azken faseetan, eskaintzaren egileek langileen ordezkariekin negoziatu beharko dute, eskaintzako baldintzak betetze aldera, eta, akordioren bat egitea lortuko balute, konkurtsoaren kudeatzaileak horren berri emango die epaileei, operazioa egiteko baimena eman dezaten. Epaileen oniritzia lortuta, eskaintzaren egileak hamabost egun izango ditu erosketa gauzatzeko.