Tubos Reunidosen enkantea: ahalik eta batuen, ahalik eta bizkorren

Ondo bidean, aste honetan hasiko da hodi enpresa erosteko prozesua, eta aurten bertan amai daiteke. Asier Goiria LAB sindikatuko ekonomialariak nabarmendu du konkurtso kudeatzaileak jardun osoari eusten dioten eskaintzak lehenetsiko dituela.

Tubos Reunidos enpresak Trapagaranen duen fabrikaren kanpoaldea. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Tubos Reunidos enpresak Trapagaranen duen fabrikaren kanpoaldea. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko ekainaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aste honetan hasiko da zehazten Tubos Reunidosen (TR) etorkizuna. SEPIren aldetik jaso zuen 112 milioi euroko erreskatearen inguruko ustezko ustelkeria kasuaren lurrikaratik kanpo, hartzekodunen konkurtsoaren kudeatzaileak jarriak ditu hodigintza enpresa erosi eta haren kontrola hartzeko baldintzak. Bederatzi faseko enkante prozesu bat diseinatu du, eta oso litekeena da urtea amaitzerako bukatzea. «Epe laburra da, baina kudeatzaileak iritzi dio bizkortasuna eskatzen duela enpresaren finantza egoera zailak». Ondorioa Asier Goirik adierazi du, enkantearen baldintzak irakurri eta aztertu dituen LAB sindikatuko ekonomialariak. 

Maria Teresa Trinidad Santos epaileak agindutako eta PKF Attest administratzaileak idatzitako 40 orrialdeko agiri batean zehazten dituzte baldintzak. Enpresak pilatutako 263 milioi euroko zorraren zatirik handiena ordaindu ahal izatea da kudeatzailearen lehentasuna, baina, Goirik dioenez, baldintzak irakurrita, pisu handia du jardun industrialaren jarraitutasunak: «Etorkizuna bermatzen duten eta enpresa zatikatzen ez duten enpresek abantailak dituzte prozesuan. Esango nuke epaileak horri ere erreparatu diola. Hori bai, ikusi beharko da zenbat aurkeztuko diren».

«Etorkizuna bermatzen duten eta enpresa zatikatzen ez duten enpresek abantailak dituzte prozesuan. Esango nuke epaileak horri ere erreparatu diola»

ASIER GOIRI LAB sindikatuko ekonomialaria

Izan ere, Goirik uste du Tubos Reunidos baino handiagoa den norbaitek bakarrik bete ditzakeela baldintza horiek, eta ez du uste hautagai asko egongo direnik: «Tubos Reunidos enpresa handia da, eta hura baino handiagoak gutxi daude inguruan. Baina agertu daiteke norbait, bere arazoa finantzarioa baita, ez ekoizpenekoa. Zor handia da arazoa, eta, gainera, mota askotako zorra da. Birnegoziatzea lortuz gero, enpresa bideragarria da». Orain 1.200 langile ditu Laudio (Araba), Trapagaran (Bizkaia) eta Iruña Okako (Araba) lantegietan, eta, PKFren iritziz, zortzi ekoizpen unitate autonomo ditu . 

LAB, gardentasun eske

Bederatzi faseetako lehenak bost egun ditu. Interesa duten enpresek beren burua aurkeztu behar dute. Pauso hori konfidentziala da. Horren ondoren, datu gela batera gonbidatuko dituzte. «Enpresaren informazioa duen hodei bat da, eta sarrera mugatua da», azaldu du Goirik. Informazio bilketa horrek 30 egun iraungo du, eta, gero, interesdunek aukera izango dute lantegiak bisitatzeko eta langileen ordezkariekin bi aldiz biltzeko.

LABek, ordezkaritza duen sindikatu gisa, zuzenketak egiteko modua izan du. Hiru aurkeztu ditu, eta bi lehen fasearen ingurukoak dira; batetik, interesdunek langileen ordezkariekin egin dezaketen bilera kopurua gutxienez laura igotzeko eskatu du; bestetik, gardentasuna eskatu du: «Jakin nahi dugu zein diren puntu honetara iristen diren hautagai guztiak eta hurrengo faseetan egingo dituzten eskaintzen xehetasunak». Zehaztapen horiekin, Goirik onartu du ondo landuta dagoela enkantea arautzen duen agiria. 

TUBOS REUNIDOS
Tubos Reunidosen 2024ko batzarra. Zuzendaritzak oraindik badu zeresana. Enkanteko eskaintzak hasten direnean, kudeatzailearekin eta epailearekin egongo da. EFE

Gardentasuna eta konfidentzialtasuna uztartzea zaila da, are gehiago alor politikoa ere zipriztindu duen prozesu batean. Alde horretatik, Goirik onartu du «informazio filtrazioak» oso kaltegarriak izan daitezkeela. «Tubos Reunidosen prozesu osoan min handia egin dute filtrazioek. Erabakiak aurreratzeak, asmoak... Hedabide eta filtratzaile batzuen jardunak traba handia izan dira. Eta prozesu horretan sartuta, okerrago izan daiteke, interesatu edo hautagai batzuek beren burua egunkarietan ikus dezaketelako». 

Lehen galbahea: laugarren fasea

Lehen galbahe handia laugarren fasean iritsiko da, bost hautagai bakarrik pasatuko baitira. Lehen eskaintza egin, eta notario bati emango dioten gutun azal itxi batean entregatuko dute. Halaber, beren eskaintza ekonomikoaren %5 gordailutu beharko dute.

Era berean, barne finantzaketa neurriak baloratuko dira: «Erosketa asmoaz harago, konpromisoa benetakoa dela erakusten duten ekintzak dira», azaldu du Goirik. Eta hiru motatakoak izan daitezke: diru laguntza zuzena —alegia, transferentzia bat—; lehengaien erosketa; edo produktu eskaria. Azken hori, esaterako, hodi erosle batek egin ahalko luke.

Emendakinak erantzun behar ditu hasi aurretik

Tubos Reunidosen etorkizuna erabakiko duen konkurtso kudeatzaileak iragan astean ezagutarazi zituen eskaintzak jasotzeko prozesuko baldintzak, eta eragile guztiei (sindikatuak, zuzendaritza, erakundeak...) emendakinak egiteko aukera eman zien. Enkantearekin hasi aurretik, emendakin horiek onartu dituen ala ez jakinarazi behar die eragileei. LABen ekonomilaria atzo oraindik erantzunik jaso gabea zen, beraz, ezin izan da prozesua hasi. Dena den, epaileak duen presa ikusita, harritzekoa litzateke hurrengo astean ez hastea. Litekeena da astelehenean bertan hastea lehen fasea, interes aurkezpen konfidentzialak egiteko bost eguneko tartea.

Bosgarren fasea gutun azalak irekitzea da. Egun horretan, notarioa, konkurtso kudeatzailea eta enpresaren egungo zuzendaritza elkartuko dira. Azken hitza kudeatzaileak izango du, baina zuzendaritza gertu edukiko du prozesuan, hark boluntarioki eskatu zuelako konkurtsoan sartzeko, besteak beste —inposaturiko konkurtso bat balitz, beste rol bat luke—. Ekitaldi hori, ondo bidean, abuztu hasieran egingo dute. 

Hor ikusiko da zeintzuk diren hautagaien asmoak; zenbat diru eskaintzen duten, eta, horrenbestez, zenbat zor ordaindu ahalko duten; konpainia osoa edo ekoizpen unitate jakin batzuk nahi dituzten, zenbat langileri eutsi nahi dioten... «Ekoizpen unitate autonomoak ahalik eta zabalenak izatea lehenetsiko da. Alegia, ez zatikatzea. Eta erosleak bi urtez gutxienez eutsi beharko dio jardunari. Hori bai, ez du zehazten zenbat eta nola ekoitzi beharko duen», azaldu du Goirik. 

Tubos Reunidoseko langileak, Amurrion egindako manifestazio batean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Tubos Reunidoseko langileak. Haien ordezkariek jendaurrean onartu behar dute enkantea irabazten duen eskaintza. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE

Bosgarren fasea galde-erantzun tarte bat da, hamar egunekoa, eta seigarrenean behin betiko eskaintza egin behar dute hautagaiek. Horra iritsita, laugarren fasean aurkezturiko barne finantzaketa neurriak gauzatzea derrigorrezko bihurtzen da.

LABek beste zuzenketa bat sartu du hor: «Enpresa industrialak eta lurraldean erroturikoak lehenesteko eskatu dugu. Tamalez, mundu honetan, larri dauden enpresekin aberastu nahi duten funts asko daude, enpresak zatikatuz aberasten direnak. Halakoak uxatzeko egin dugu zuzenketa».

Irabazlea, abuztuan

Karta guztiak mahai gainean izanda, zazpigarren fasean erabakiko du irabazlea. Kudeatzaileak bere erabakia jakinaraziko dio epaileari. Formalismoaren ostean hasiko da fase luzeena, zortzigarrena. Hirurogei egun izango ditu asmoak langileei plazaratu eta haien oniritzia lortzeko. «Alde sozialari dagokionez, hori da faserik garrantzitsuena», zehaztu du Goirik: «Gure lehentasuna enplegua mantentzea izango da beti». Ondo bidean, udazkenean izango da, eta ikusi beharko da zer egoera bizi duten langileek, gaur-gaurkoz abuztu arteko soldatak bakarrik baitauzkate bermatuta.

Fase horrek berezitasun garrantzitsu bat du: «Langileen ordezkariekin ados jarri ezean, hautagaiak atzera egiteko eskubidea du, eta jarritako dirua berreskuratzekoa». Asko aipatu da lan erregulazio bat egiteko aukera, edota lantaldea asko murriztekoa; bada, langileek ez badute onartzen, inbertitzaileak atzera egin dezake. Zergatik? Argudia dezakeelako ez direla betetzen berak egindako eskaintzaren baldintzak. Antzeko zerbait gertatuko litzateke erabakiren bat auzitara eramango balitz. Ziurgabetasun hori ikusirik, atzera egiteko eskubidea du. Sindikatuen gainean zama handia jarriko duen fase bat izango da.

Akordioa lortuz gero, bederatzigarren fasea tramite burokratikoak izango dia. Epaileak 72 orduko epea izango du prozesu horri oniritzia emateko, eta hamabost egun, agiriak idatzi eta sinatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA