Tubos Reunidos erosteko eskaintzak aurkezteko epea zabaldu du administratzaileak, «interes handia» ikusi duelako

Interesatuek irailaren 30 arte dute informazioa jasotzeko, eta urriaren 7 arte eskaintza bat aurkezteko.

Tubos Reunidoseko langileen protesta bat, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Tubos Reunidoseko langileen protesta bat, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iker Aranburu.
2026ko irailaren 2a
12:54
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tubos Reunidosen geroa ez da irailean argituko. Hilaren 14ra arte zuten interesatuek Arabako enpresa hodigileaz jabetzeko eskaintza aurkezteko, baina epea urriaren 7ra arte zabaltzea erabaki du konkurtsoaren administratzaileak. Tubos Reunidos erosteko nahiko hautagai ez zelako izan zitekeen, baina kontrakoa dela nabarmendu du administratzaileak: interesatu asko daude, baina denbora gehiago eskatu diote proposamenak ongi fintzeko. 

Tubos Reunidos erosi nahi zutenek astelehenera arteko epea zuten enpresaren kontuei buruzko informazioa eskatzeko, baina epe hori ere zabaldu du administratzaileak: irailaren 30eko 23:59 arte eskatu ahal izango dute informazioa. Astebete geroago amaituko zaie lehen eskaintza aurkezteko denbora, urriaren 7ko 14:00etan.

Agiri baten bitartez administratzaileak azaldu duenez, interesa agertu duten gehienek eskatu diote epeak zabaltzeko, hartara denbora gehiago izan dezaten enpresaren kontuak ongi aztertzeko eta, interesari eutsiz gero, proposamen bat egiteko. Eskaera horri baiezkoa eman dio administratzaileak, uste baitu horrela ongi oinarritutako eskaintza gehiago lortu ahal izango dituela eta, hortaz, enpresari balio handiagoa eman ahal izango diotela.

Hartzekodunen konkurtsoek bi helburu dituzte: batetik, kinka larrian dauden enpresen etorkizuna bermatzea —ahalik eta lanpostu gehien eutsita—, eta, bestetik, enpresaren hartzekodunek zor zaien diruaren ahalik eta zati handiena eskuratu ahal izatea.

Erreskatea

Tubos Reunidosen konkurtsoaren ezaugarrietako bat da hartzekodun nagusia Espainiako Estatua bera dela, SEPI erakundearen bitartez. 150 milioi eurotik gora zor dizkio, pandemiaren garaian Tubos Reunidosek zutik irauteko mailegu handi bat eman ziolako (112 milioi). Erreskate horren harira PSOEren inguruko jendeak legez kanpoko komisioak jaso ote zituen ikertzen ari dira.

Tubos Reunidos erosteko hautagaien artean gutxienez bi euskal enpresa azaldu dira, Tubacex eta Sidenor, baina ez batak ez besteak ere ez dute baieztatu eskaintza bat aurkeztuko dutenik.

Administratzailearen asmoa da Tubos Reunidos osorik uztea inbertitzaile baten esku, baina ez da guztiz baztertu behar enpresa zatitzea. Izan ere, interes handiagoa pizten du Trapagarango lantegiak (Bizkaia) Amurrioko fabrika nagusiak baino (Araba), lehenengoan egiten dituzten produktu laminatuak Europan egiten dituen beste inor ez dagoelako. Azken asteetan eskaerak jaso dituelako.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA