Zenbakiak mahai gainean dituztela bilduko dira gaur goizean Tubos Reunidoseko zuzendaritza eta sindikatuak. Eta zenbakiak txarrak dira. Enpresak gaur jakinarazi duenez, 2025ean 71,3 milioi euro galdu zituen.Â
Behin-behineko datuak direla jakinarazi du enpresak, oraindik zenbatu gabe daudelako AEBetako aktiboen balio galera. Hura da konpainiaren hodien merkatu nagusia —salmenten %50 inguru egin zituen han 2023an eta 2024an—, eta hain zuzen ere, iazko emaitza kaskarren erantzule nagusia. Donald Trumpen gobernuak %50eko muga zerga ezarri zien martxoan Europako Batasuneko altzairu eta aluminio esportazioei, eta horrek eskarien jaitsiera handia eragin zion Amurrioko konpainiari.
AEBetan galdutako negozioa Kanadan, Alemanian, Indian eta Ekialde Hurbilean konpentsatu nahi izan du Tubos Reunidosek, baina erdizka baizik ez du lortu. Batetik, Kanadak berak muga zergak igo dituelako eta, bestetik, petrolioaren merkatzeak inbertsioak moteldu dituelako eta, hortaz, Tubos Reunidosen hodien eskaria.Â
Zenbaki guzti-guztiak ez dira txarrak. Esaterako, fakturazioa %13 handitu zuen, 365,7 milioi euro saltzeraino. Baina muga zergen kaltea konpentsatzeko, prezioak jaitsi behar izan zituen, eta horrek errentagarritasuna kendu dio negozioari. Konpainiaren emaitza operatiboa (zorraren amortizazioa kontuan hartzen ez duena) bera negatiboa izan da (-22,8 milioi). Â
Ondorioz, konpainiaren zor handia are gehiago puztu da, 234,3 milioi eurotik 263,2 milioira igaro baita.
Egoera horretan bideragarritasun plan bat aurkeztu behar duela argudiatu du zuzendaritzak, «ekoizpen egitura espero den eskariari egokitzeko eta lehiakortasuna hobetzeko».Â
Bilera, Amurrion
Plan hori aurkeztuko dio gaur langile batzordeari, 10:00etatik aurrera. Gutxienez 130 kaleratze proposatuko dituela espero dute sindikatuek. Tubos Reunidosek 1.400 langile ditu Euskal Herrian, horietatik 900 Amurrioko lantegi nagusian (Araba) eta 350 inguru Trapagaranen (Bizkaia). Amurrioko langileak grebara deituta daude gaur, eta sindikatuek azaldu dutenez, behargin gehienek lanuztearekin bat egin dute. Ostiralean egingo dute hurrengo lanuztea, egun horretan haien ordezkariak Eusko Jaurlaritzako eta Arabako Foru Aldundiko ordezkariekin bildutzekoak baitira.
Goizeko lehen orduetatik 200 langile bilduta daude Amurrioko fabrikaren aurrean, «Kaleratzerik ez, ERErik ez» dioen pankarta batekin. Ertzainak ere agertu dira, eta elkarri bultzaka aritu dira une batez.

Orain arteko negoziazioak bereizita egin izan dituzte Amurrion eta Trapagaranen, baina bi batzordeetako hamahiru kidek osatutako negoziazio talde bat osatu dute gaur: bost ordezkari izango ditu ELAk, hiru UGTk, bi CCOOk, beste bi LABek eta bat ESK-k.
Enpresak erregulazio espediente bat aurkeztuko zuela esan zutenean, sindikatuak aurka azaldu ziren, eta ziurtatu zuten enpresaren egoera txarra koiunturala zela, eta zuzendaritzaren erabaki okerren ondorio. Gogorarazi dutenez, 2023an eta 2024an 100 milioi euroren irabaziak lortu zituen, eta zorra asko jaistea lortu zuen.
Baina horren aurretik kinka larrian izan zen enpresa. 2015etik 2021era, Amurrioko hodigileak 531 milioi euroren galerak izan zituen, hidrokarburoen prezio apalek inbertsioak geldiarazi zituztelako eta 2007an eskatutako 170 milioi euroko kreditu bati aurre egin ezinda zebilelako. Enpresa desagertzeko arriskuan egon zen, baina, Espainiako Gobernuak, SEPIren bitartez, 112 milioi euroren laguntza eman zion.Â