Amurrioko (Araba) eta Trapagarango (Bizkaia) plantetan kaleratzeak egingo dituela iragarri zuen ostiralean Tubos Reunidos taldeak, eta langileen ordezkariek uste dute 130 inguru geratuko direla lanik gabe, lantaldearen %10. Kopuru hori «oso handia» dela adierazi dute gaur, Trapagaranen egin duten bileraren ostean.
Tubos Reunidoseko zuzendaritzak mahai bakarrean negoziatu nahi ditu bi plantetarako iragarri dituen kaleratzeak, eta langile batzordeek zuzendaritzari batuta erantzuteko asmoa dute. Horretarako elkartu dira gaur, estrategia bateratu bat adosteko eta bilerei aurre nola egin erabakitzeko.Â
Gorka Abascal Amurrioko enpresa batzordeko kideak (ESK) Europa Pressi azaldu dionez, orain arteko negoziazioak bereizita egin izan dituzte Amurrion eta Trapagaranen, baina oraingoan bestelakoa da zuzendaritzaren asmoa.
Kontatu du albistea jakin berritan elkartu zirela zuzendaritzarekin, joan den ostiralean, baina oraindik ez dietela jakinarazi zenbat laguni eragingo dien neurriak. Kontsulta aldia datorren astelehenean hasiko dute, eta bilera bat egingo dute Amurrioko instalazioetan. Zuzendaritzak orduan azalduko dizkie erabakiaren inguruko xehetasunak langileen ordezkariei.
Garai zaila
Amurrioko lantegian, aldi baterako enplegu erregulazioan egon dira urritik gaur arte. Zuzendaritzak eta langile batzordeak adostu zuten neurria, eta lantegi horretako langile guztiei eragiten die, 850 laguni. Trapagarangoan, berriz, 350 langile inguru dira, eta bertan ere aldi baterako enplegu erregulazioan egon ziren iaz, lehen seihilekoan. Taldeak gutxi gorabehera 1.400 behargin ditu guztira.
Ostiralean, CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari bidalitako ohar batean, Tubos Reunidosek azaldu zuen «egoera ekonomiko konplexuan» dagoelako hartu duela kaleratzeak egiteko erabakia, «merkatuen testuinguru zailarengatik». Jakinarazitako azken emaitzen arabera, iazko lehen seihilekoan 28,9 milioi euroren galerak izan zituen, salmentak handitu zituen arren.