Gaur amaitu da Tubos Reunidosek lana erregulatzeko aurkeztutako espedienterako kontsulta epea, eta zuzendaritzaren eta sindikatuen arteko azken bilera akordiorik gabe bukatu da. Zuzendaritzak hobekuntza batzuk egin ditu bere azken proposamenean, baina eutsi egin dio Amurrioko (Araba) eta Trapagarango (Bizkaia) lantegietako 301 behargin kaleratzeko eta Amurrioko altzairutegia ixteko asmoari.
Azken bileran, zuzendaritzak hobetu egin du bere proposamena: orain arte, kaleratutako langileei 38 eguneko soldata eskaini die, eta lan urte bakoitzeko 1.500 euroko ordain gehigarri bat, hamar urteko muga jarrita. Gaur, berriz, lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko soldata eskaini du; 24 soldata, gehienez ere. Erretiro aurreratua hartzeko adina ere jaitsi dute, 59 urtetik 57 urtera. Gainera, aurreko proposamenaren arabera, erretiro aurreratua hartzen zutenek soldata gordinaren %65 jaso behar zuten, eta orain %70 jasoko lukete, 65 urte bete arte. Baina kaleratzeei eta Amurrioko altzairutegia ixteko asmoari eutsi egiten dio enpresak. Amurrioko eta Trapagarango 301 langileri eragingo lieke neurriak: 214 finkori eta 87 behin-behinekori.
Desadostasunak ikusita, bozketa egin dute, kontsulta epea luzatu edo ez erabakitzeko. Berdinketa egon da bozketa horretan, eta, azkenean, bileran ez zegoen ordezkari baten boto eskuordetuak hautsi du oreka, eta epea ostiralera arte luzatzea erabaki dute. Printzipioz, orduan biltzekoak dira berriro bi aldeak, baina ikusteko dago zer gertatzen den bilera hori dela eta, ELAk, LABek eta ESK-k adierazi baitute haien ustez kontsulta epea amaituta dagoela.
Ohar baten bidez, enpresak azaldu du orain aurkeztutakoa «behin betiko proposamena» dela, eta ez duela besterik egiteko asmorik: «Enpresak esfortzu handia egin du jarduerari eta mila lanposturi eutsi ahal izateko».
Baina oso bestelakoa da sindikatuen iritzia. ELAk «fede txarrez aritzea» leporatu dio zuzendaritzari: «Ez du inoiz aldatu langileak kaleratzeko asmoa, Amurrioko eta Trapagarango langileak zatitu nahi izan ditu kaleratzeak gauzatzerakoan, ez da gai izan espedientea justifikatzeko, eta enpresa zuzentzeko ezintasuna erakutsi du».
ELAren iritziz, azpiegiturak ixtea, langileak kaleratzea edo lan baldintzak kaskartzea ez dira irtenbidea: «Bada garaia industria proiektu zorrotz bat egiteko, Eusko Jaurlaritzak esku har dezan eta langileei eraso egiteari utz diezaion».
LABek ere uste du zuzendaritza ez dela gai izan frogatzeko altzairutegia ixtea eta erregulazio espedientea ezartzea direla aukera bakarra. Haren iritziz, agerian geratu da «zuzendaritzak urteetan egin duen kudeaketa negargarria».
Erakundeen «pasibotasun kezkagarria» ere salatu du LABek, eta langileei, Ezkerraldeari eta Aiaraldeari «bizkarra ematea» leporatu die Jaurlaritzari, Espainiako Gobernuari, eta Arabako eta Bizkaiko aldundiei. EAJri eta PSE-EEri: «Haien ekarpen bakarra izan da enpresa batzordeari elkartasuna azaltzeko adierazpenak egitea. Euskal Herriko langileriak beste klase politiko bat merezi du».
Langileak kalean
Beste behin ere ozen entzun da Tubos Reunidoseko langileen haserrea Bilbon. Gaur goizean mobilizatu dira, eta erdiguneko zenbait kale itxi dituzte.
Langileak goizeko zortzietan bildu dira Euskalduna jauregiaren inguruetan, bertan baitziren enpresaren eta langileen ordezkarien arteko bilerak. Handik manifestazioan abiatu dira Sabino Arana etorbidean zehar EHUren Ingeniaritza Fakultateraino, eta berriro Euskalduna jauregira itzuli dira. Ibilbidean, hainbat tokitan eserialdiak egin dituzte, eta horrek eragina izan du trafikoan. Zirkulazioa eten dute Zunzunegi etorbidean eta Jesusen Bihotza plazan, besteak beste. Mobilizazio hori amaitu ondoren, beste manifestazio bat egin dute Euskalduna jauregitik SPRI enpresen garapenerako agentzia publikoraino, bidean Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurretik igarota.
Tubos Reunidosek altzairuzko hodi bereziak ekoizten ditu, batez ere energiaren sektorerako. Egoera ekonomiko zailean da, besteak beste sektoreko eskariaren gorabeheren, energia kostuen igoeren, AEBetako muga zergen eta nazioarteko lehia handiaren ondorioz. Testuinguru horretan planteatu du erregulazio espedientea, egitura eta jarduera egokitzeko neurri gisa.
Ikusi gehiago
EAJren eskaera Kongresuan
Gaur, EAJk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Espainiako Kongresuan, SEPI erakunde publikoak Tubos Reunidosekin duen zorra berregitura dezala eskatzeko. Hodi ekoizleak 71 milioi euroren galerak izan zituen iaz, eta gaur egun 260 milioi eurotik gorako zorra du; horren erdia Espainiako Gobernuarekin dauka, zehazki SEPI erakunde publikoarekin. EAJren ustez, funtsezkoa da zorra berregituratzea, enpresaren bideragarritasuna bermatzeko.
Horrekin batera, siderurgia sektorerako neurri orokorragoak ere eskatu ditu EAJk, batez ere energia kostuak murrizteko —besteak beste, argindarraren gaineko zergak eta bide sariak gutxitzea—, industriaren lehiakortasuna hobetzeko.