Haserre daude Tubos Reunidoseko langileak. Haien lanpostuak arriskuan dira, enpresak 301 langile kanporatu nahi ditu, eta, gainera, uste dute negoziazio prozesuan «gaizkileak» balira bezala tratatu dituztela. Greba eta mobilizazio egutegia abian dituzte, eta, oraingoan, Bilbora jo dute, enpresak han duen egoitzara. Eta burrunba aukeratu dute euren haserrea kanporatzeko modutzat.
Mobilizazioa hasi baino lehenago ere, langile asko bildu dira Maximo Agirre kalean, elastiko laranjak soinean eta zarata egiteko tramankulu ugariz hornituta: txilibituak, turutak, petardoak eta adar bat ere ekarri dituzte. Bazter batean, elastikoak eta eranskailuak saltzeko mahaia paratu dute. Gehienek ez dute kazetariekin hitz egin nahi, eta nahiago dute hitza sindikatuetako ordezkariei uztea. Ertzaintzaren lau furgoneta daude parean.
Zarata handia da, baina koska bat gorago egin du Tubos Reunidos borrokan, kaleratzerik ez esaldia idatzia duen pankarta zabaldu dutenean. Petardoek eragindako leherketak daude nonahi; langile batzuek bozgorailu handi bat ekarri dute, eta handik La Polla Records taldearen abesti bat entzun da, ozen. Oihuka ere hasi dira: «Gora langileon borroka», «kaleratzerik ez», «borroka da bide bakarra» eta abar. Paretik igarotzean, herritar batzuek belarriak estali dituzte, izuturik; beste batzuek, ordea, txalo jo diete langileei, eta aldamenetik pasatu den motorzale batek klaxona jo du, elkartasuna adierazteko.
«Ez gara enpresaren proposamenak aztertzen ari; uste dugu orain ez dela horretarako garaia»
ANDRES GARCIA Tubos Reunidoseko Amurrioko langile batzordeko presidentea
Bezperan, bilera izan zuten enpresaren eta langileen ordezkariek. Oier Bidaurratzaga LABeko delegatua da Amurrioko lantegiko langile batzordean: «Gaizkileak bagina bezala tratatu gintuzten. Bilera egiteko lekua aldatu zuten, 'segurtasun arrazoiak' argudiatuta, eta sartzerakoan gu arakatzen ahalegindu ziren. Guk erantzun genien miaketak egin nahi izatekotan uko egingo geniola sartzeari, eta azkenean amore eman zuten».
Aurreko bileran egindakoarekin alderatuta, bere proposamena hobetu egin du zuzendaritzak: lehen, enpresa borondatez uzteko prest dauden langileei 30 eguneko soldata eskaini zien lan egindako urte bakoitzeko, hemezortzi hilabeteko soldata muga jarrita; orain, 38 eguneko soldata eskaini die, eta lan urte bakoitzeko 1.500 euroko ordain gehigarri bat, hamar urteko mugarekin. Aurreraturiko erretiroa hartzeko adina ere jaitsi dute, 60 urtetik 59 urtera, soldata gordinaren %65 jasota.
Baina 301 langile kaleratzeko asmoari eutsi egiten dio enpresak, eta horretan ez dago aldaketarik. Bidaurratzagak dioenez, langileek ez dute «joko horretan» sartu nahi: «Guk ez diegu preziorik jarriko kaleratzeei, uste baitugu ez dagoela inor kaleratzeko arrazoirik. Tubos Reunidosen sobran dagoen bakarra zera da, kudeaketa hau egin eta egoera honetara ekarri gaituena».
Amurrioko langile batzordeko presidente Andres Garcia (UGT) antzera mintzatu da: «Proposamenak egin dizkigute, baina ez gara horiek aztertzen ari; uste dugu orain ez dela horretarako garaia». Dioenez, kaleratzeak eta altzairutegia ixteko asmoa «marra gorriak» dira langileentzat.
Agiria zuzendaritzari
Bere jarrera laburbiltzen duen agiri bat eman nahi izan dio langile batzordeak zuzendaritzari, eta, horretarako, eraikineko atera jo dute langileen ordezkariek. Ertzainek bidea moztu diete, eta ertzainburuak adierazi die hiru laguni baino ez dietela utziko eraikinera sartzen. Desadostasuna agertu dute langileek: batzordean sei sindikatu daude ordezkaturik, eta haien asmoa da sindikatu bakoitzeko delegatu batek osatzea taldea. Ertzainburuak amore eman du: sei laguni utzi diete sartzen. «Baina eraikinaren barruan, pirotekniarik ez», ohartarazi die.
Istiluen kontrako materialez hornituriko ertzainak atariaren inguruan paratu dira, kaskoa jantzita eta aurpegia estalirik. Sei ordezkariak eraikinera sartu dira, zenbait ertzainek lagunduta. Denbora laburra eman dute barruan: azaldu dutenez, enpresaren egoitzan ez dago inor, eta bulegoak itxita topatu dituzte. Beste aukerarik ez, eta ate azpiko zirrikitutik sartu dute zuzendaritzari helarazi nahi zioten agiria.
«Guk ez diegu preziorik jarriko kaleratzeei, uste baitugu ez dagoela inor kaleratzeko arrazoirik»
OIER BIDAURRATZAGA LABeko ordezkaria Amurrioko langile batzordean
Elkarretaratzeak beste ordubete iraun du, eta, horrekin batera, baita zaratak, turuta hotsek eta petardoen eztandek ere. Hurrengo deialdien berri eman dute: astelehenean, beste protesta bat egingo dute Barakaldoko BECen aurrean, 09:00etan, han BIEMH azoka irekiko dutela baliatuta. Arratsaldean, berriz, batzarra egingo dute langileek, aurrerantzean egin beharreko urratsak erabakitzeko. Oihu eta burrunbaren artean, bozgorailutik Hertzainak taldearen abesti bat entzun da, edozein gortzeko moduko bolumenean emanda: Pakean utzi arte.