Tubos Reunidosen enkatearen atzerako kontua abian da dagoeneko, eta horretaz jakitun da Amurrioko (Araba) langile batzordea. Agerraldia egin dute gaur Zuriñe Miranda ELAko ordezkariak eta Oier Bidaurratzaga LABekoak, eta argi esan dute zein den konpainiaren salmentan egin beharreko hurrengo urratsa: «Instituzioek aurrerapausoa eman behar dute». Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari egin dizkiete eskaerak.
Batetik, Imanol Pradalesen gobernuari exijitu diote hartutako konpromisoak bete ditzala. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak otsailean adierazi zuen prest zegoela enpresa erosteko asmoa agertu duten inbertsiogileak laguntzeko. «Orain da konpromiso hori betetzeko unea», azpimarratu dute Amurrioko langileek, enpresaren enkantea fase «erabakigarri» batean dagoela iritzita. Jaurlaritzarekin biltzea eskatuko dutela ere esan dute, une honetan jokatu nahi duen papera eta haren proposamenak zein diren entzuteko.
Espainiako Gobernuari, bestetik, haien aburuz Tubos Reunidosen salmenta oztopatzen ari den faktorerik garrantzitsuena konpontzea eskatu diote: hodi ekoizleak SEPI Industria Partaidetzarako Estatuko Sozietatearekin duen 150 milioiko zorra, hain zuzen —egun enpresaren zordun nagusia da SEPI—.
Langileek gogoratu du dute Espainiako Ogasun Ministerioaren menpeko erakunde bat dela SEPI, eta Madilgo gobernuak esku hartu dezakeela haren erabakietan. Hala ere, batzordearen iritziz, «burugogorkeriarekin» jokatzen ari da azken asteetan eta jarrera horrekin konpainiaren etorkizuna kolokan jartzen ari da: «Ez dagokigu zor hori nola konpondu behar den erabakitzea, baina bai exijitzea ez dadila kolokan jarri gure etorkizuna».
Hain zuzen, astelehenean Amurrioko plantako langileek bilera eskatu zioten SEPIri eta Espainiako Ogasun Ministerioari, baina gaur adierazi dute oraindik ez dutela haien erantzunik jaso, lehen bilera eskaerarekin gertatu zitzaien bezala.
Langile batzordearen iritziz, Tubos Reunidosek SEPIrekin duen zorra ezin da «oztopo» izan konpainiaren salmentarako, SEPIren helburua baita «jarduera industriala mantentzea, sektore estrategikoak babestea eta enplegua defendatzea». Sozietateak 112 milioi euroko mailegua egin zion enpresari 2021ean, hura erreskatatzeko asmoz; gaur egun, 150 milioiko zorra bihurtu da, langile batzordearen esanetan Tubos Reunidoseko zuzendaritzaren kudeaketa okerra dela eta.
Instituzioen txanda
«Langileok dagoeneko esfortzu ikaragarria egin dugu Tubos Reunidos defendatzeko. Orain instituzioei dagokie berdina egitea», adierazi dute batzordeko kideek.
Gogoratu dute bost hautagai aurkeztu direla enpresa erosteko, baina denek ohartarazi dutela ez dutela aurrera egingo SEPIk zorra kitatu ezean. Konpainiaren hartzekodunen egungo fasean hautagaiek langileekin bilerak egiteko aukera dute, baina oraingoz bakarrak jo du haien atea, Cap Capitalek: hodi ekoizleak Trapagaranen (Bizkaia) eta Amurrion dituen plantetako langileen %80 ingururi eutsiko liokeela esan zien, baina ez duela interesik Iruña Okako lantegiarekin (Araba).
Horren harira, Amurrioko langileek adierazi dute ez dakitela zein den erosle posible bakoitzaren proposamena planta bakoitzerako eta zein eragin eduki dezakeen haien etorkizunean. Halere, esan dute albiste ona dela zenbait hautagaiek konpainia erosteko interesa adierazi izana, baina horrek ez duela bermatzen Tubos Reunidosen etorkizuna: «Helburua argia da: Tubos Reunidosek bere jarduera industriala mantentzea eta presente dagoen eskualdeetan etorkizuna izaten jarraitzea», azpimarratu dute batzordeko kideek. Horretarako, ordea, bermeak eta konpromisoak behar direla uste dute. «Horiek betetzeko unea da».