Tubos Reunidosen Amurrioko langileek SEPIri egotzi diote enpresaren salmenta oztopatzen ari dela

Presazko bilera eskatu diote industria partaidetzarako sozietateari eta Espainiako Ogasun Ministerioari. Konkurtsoko kudeatzaileak konpainiaren jabetzen likidazioa agindu du.

Tubos Reunidoseko langile batzuk, Amurrioko lantegiaren aurrean. LINO GONZALEZ / EFE
Tubos Reunidoseko langile batzuk, Amurrioko lantegiaren aurrean. LINO GONZALEZ / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko azaroaren 16a
15:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tubos Reunidosen (TR) enkantearen atzerako kontua abian da dagoeneko, eta Amurrioko (Araba) plantako langile batzordeak enpresaren gaineko zama arintzeko prozesuan lagundu nahi du. Bide horretan bilera eskatu dio SEPI Industria Partaidetzarako Estatuko Sozietateari, egun konpainiaren zordun nagusia denari —150 milioi zor dizkio—. Espainiako Ogasun Ministerioaren menpeko erakunde bat da, eta, enkantea «oztopatzen» ari dela uste duenez, harekin presazko bilera eskatu du.

Ez da langile batzordeak SEPIrekin zuzenean biltzeko eskatzen duen lehen aldia. Baina langileek gero eta argiago dute haren jarrera erabakigarria izango dela enpresaren etorkizuna bideratzeko. SEPIk ez zion erantzun lehen bilera eskaerari, eta orain beste jarrera bat espero dute. Bi aste baino gutxiago falta dira Espainiako hauteskundeetarako, eta egungo gobernuarekin utzi nahiko lukete lotuta auzia.

Espainiako Gobernuak enpresetan parte hartzeko duen erakundea da SEPI, eta TR lortzeko interesa aurkeztu duten hautagai guztiek esan dute ez dutela aurrera egingo haren zorra onartu behar badute. Enkantea oso geldirik dago; hautagaiek langileekin bilerak egiteko aukera dute, baina bakarrak jo du haien atea, eta urduritasuna zabaltzen ari da.

Tubos Reunidoseko langileen protesta bat, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Tubos Reunidoseko langileen protesta bat, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Langile batzordearen ustez, ulergarria da interesa duten enpresek zorra haien gain ez hartu nahi izatea, eta SEPIri eskatu nahi dio zorra birmoldatu edo kitatzeko neurriak azter ditzala. Batzordearen mezua argia da: Tubos Reunidosek bizirik jarraituz gero, gizarteak hobeto ulertuko du horrelako salbuespen neurriren bat hartzea; ixten badute, aldiz, biak galduko dira, mailegua eta enpresa. Horren haritik, ostiralean prentsaurrekoa dute Jaurlaritzari dei egin eta hark ere presio egin dezan.

Bien bitartean, konkurtso prozesuak aurrera jarraitzen du, eta epaileak Tubos Reunidos Group SLU eta Tubos Reunidos Premium Threads enpresak likidatzeko agindu du. Haiek dira Amurrioko, Iruña Okako (Araba) eta Trapagarango (Bizkaia) lantegien jabeak. Tubos Reunidos SA enpresa nagusiaren likidazioaren osteko pauso logikoa da. Likidazioak ez du ondorio zuzenik jardueran, haien kudeaketa PKF Attesten geldituko baita eta berdin jarraituko baitute lanean.

Erritmo onean lanean

Lanean, eta ondo, gainera. Langile batzordeek diotenez, erritmo onean ari dira lanean hala Trapagaranen nola Amurrion. Eskariak jasotzen ari dira —urrian 26 milioi eurorenak— eta salmentak egiten. Horrek baikortasuna zabaldu du langileen artean; batetik, soldatarik falta ez zaielako oraindik eta, ondo bidean, abenduko nomina osorik jasoko dutelako, eta, bestetik, beti delako erakargarriagoa lanean ari den enpresa bat erostea geldirik dagoen bat baino.

Amurrion, esaterako, hiru, lau edo bost errelebotara egin dute lan azken egunetan. Batzordearen arabera, iaz garai honetan baino lan gehiago dute. Eta konkurtsoko kudeatzaileek azaldu zienez, mailegurik eskatzeko aukera balute, lan gehiago izango lukete, egun lehengaia saltzen dien orok erosketa unean bertan kobratzea eskatzen baitu.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA