Tubos Reunidosen zorra berregituratzeko «formula berritzaile baten» bila ari da Jaurlaritza

Mikel Jauregik ohartarazi du enpresak zorra «asko» murriztu beharko duela bazkide bat erakarri nahi badu. Espainiako Gobernuarekin lankidetzan ari dela esan du, eta Talgoren eta Ayesaren kasuak aipatu ditu adibide gisa.

Tubos Reunidoseko langileek Gasteizen egindako elkarretaratzea, otsailaren 13an. RAUL BOGAJO / FOKU
Tubos Reunidoseko langileek Gasteizen egindako elkarretaratzea, otsailaren 13an. RAUL BOGAJO / FOKU
aitor biain
Gasteiz
2026ko otsailaren 20a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tubos Reunidosen egoera «oso zaila» dela berretsi du Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak Eusko Legebiltzarrean. Eta azpimarratu du enpresak etorkizunik izango badu bazkide industrial berriak erakarri beharko dituela. Horretarako, baina, ezinbestekoa da enpresa «itotzen» ari den zorra berregituratzea, azaldu duenez. Bide horretan, sailburuak esan du «formula berritzaile» baten bila diharduela Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuarekin lankidetzan.

Jauregiren hitzetan, zorra «asko» murriztu behar du Tubos Reunidosek, eta albait azkarren murriztu behar du gainera, denbora ez baitu alde: «Egoera oso zaila da; Trumpen muga zergen ondorioz salmentak asko jaitsi dira, galerak pilatu ditu, eta zorra jasanezina bilakatu da», ohartarazi du. Iaz 71 milioi euroren galerak izan zituen enpresak, eta gaur egun 260 milioi eurotik gorako zorra du; horren erdia Espainiako Gobernuarekin dauka, zehazki SEPI erakunde publikoarekin. 

Baina Tubos Reunidosek ez du SEPIren maileguaren zatirik itzuli orain arte, ezta horri lotutako interesik pagatu ere. Iaz, ordainketa bat egin behar zuen, baina hura atzeratzeko akordioa egin zuten. Horren arabera, aurtengo udan ia 30 milioi euro inguru jarri beharko ditu, eta gainerakoa bi urteko epean. Baina enpresak ez dauka horri aurre egiteko giharrik, eta tarte txikia du zor hori berregituratzeko. Izan ere, diru publikoa izanik, zaila da diru hori itzultzeko epea atzeratzea edo zorraren parte bat barkatzea, Europako Batasunak legez kanpokotzat joko bailuke hori. Horregatik, Espainiako Gobernuarekin «formula berritzaile bat» adostu nahian dabiltza, Jauregik zehaztu duenez. 

«Inork ez du etxe bat erosten haren balioa halako bost den hipoteka bat hartuta»

MIKEL JAUREGI Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua

Sailburuak esan du Jaurlaritzak «industriaren defentsaren aldeko lidergoa» hartu duela, eta jakinarazi azken egunotan ministerio batzuekin eta hainbat eragilerekin bildu dela. Asmo onak ikusi ditu sailburuak, baina azpimarratu du zorraren zama arindu beharraz ohartarazi dutela denek, gainontzean ezinezkoa izango baita bazkide berriak erakartzea: «Inork ez du etxe bat erosten haren balioa halako bost den hipoteka bat hartuta», adierazi du, arazoaren neurria irudikatzeko.

Jauregik gogora ekarri du badaudela aurrekariak: Talgo eta Ayesa Digital, besteak beste. «Badaukagu esperientzia herri proiektuak aurrera ateratzeko formula berritzaileak bilatzen, eta ziur naiz orain ere, Tubos Reunidosen kasuan lortuko dugula». Ziurtatu du bide horretan lan egingo duela, Espainiarekin lankidetzan eta Europako Batasunarekin «lerrokatuta». Hori bai, ohartarazi du orain egin behar dela, egoera are gehiago okertu aurretik.  

Zorrari aurre egiteko bideak aztertzen ari da enpresako zuzendaritza, eta horietako bat gastuak murriztea da, bereziki kaleratzeen bidez. Amurrioko (Araba) eta Trapagarango (Bizkaia) lantaldearen %20 murriztea proposatu du: 301 langile guztira. Zorra berregituratzea eta negozio eredua berriz definitzea ere proposatu du. Neurri horiek jasotzen dituen plana jada bidali dio SEPI erakundeari, eta langile batzordearekin ere abiatu du negoziazioa.

Langileek, ordea, argi adierazi dute ez dutela kaleratzerik onartuko. Gaur goizean manifestazio bat egin dute lantegitik udaletxera, eta han biltzekoak ziren udal gobernuko ordezkariekin. Iluntzean, berriz, Maderas de Llodioko grebalariekin batera egingo dute protesta.

Aiaraldeko industriaren alde

Tubos Reunidos ez da Aiaraldean kinka larrian dagoen enpresa bakarra, Maderas de Llodio ere kaleratzeen mehatxupean baita. Beste hainbat eskualdetan ere enpresa ugari itxi dituzte: Guardian, Glavista, Valvospain, Lipmesa... Desindustrializazio prozesuak etenik ez duela eta, oposizioko alderdiek neurriak hartzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Tonu gogorragoan batzuek eta leunagoan beste batzuek, Industria Sailari gogorarazi diote 2023an onartu eta abian jarritako plan estrategikoak ez duela joera irauli. Eta ohartarazi diote eskualdeak aberastasunaren %20 galdu duela azken urteetan, eta gaur egun herri guztien langabezia tasa EAEkoaren gainetik dagoela. 

Jauregik ez du kezka ezkutatu, eta aitortu du eskualdearen egoera ez dela ona. Baina azpimarratu du Aiaraldea eskualde industriala dela oraindik ere —BPGren %35 inguru dator bigarren sektoretik—, eta lan egingo dutela aurrerantzean ere hala izan dadin. Bere sailak hartutako neurri batzuk ere aipatu ditu. Horien artean, esaterako, azaldu du argindar sarearen gaitasuna handitzeak inbertsio gehiago erakartzen lagunduko duela. Halere, zoru industrial gehiago behar dela esan du, eta eskualdeko enpresa txiki eta ertainetan berrikuntza areagotzea. 

Edozein kasutan, ziurtatu du Jaurlaritza bertan kokatu nahi duten enpresen bidelagun izango dela, eta «proiektu errealistak eta lurraldearekin konprometituta daudenak» babestuko dituela. Hain justu ere, EH Bilduk eskua luzatu dio Jaurlaritzari elkarlanean jarduteko eta Aiaraldeko egoera ekonomikoari aurre egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.