Inflazioa pixka bat apaldu da, elikagaien garestitzeak indarra galdu duela eta

Azken urtean, prezioak %2,8 handitu dira Hego Euskal Herrian. Behi haragiaren garestitzea ez da eten, eta iaz baino %19 garestiago dago jada.

Harategi bat, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Harategi bat, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iker Aranburu.
2025eko irailaren 12a
11:19
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arindu txiki bat eman du inflazioak abuztuan. INE Espainiako estatistika erakundearen arabera, hilabete horretan KPI kontsumo prezioen indizea hamarren bat jaitsi zen, %2,8raino. INEk aztertzen dituen atal gehienetan ikusi zen prezioen gorakadak indar pixka bat galdu zuela, eta agian esanguratsuena elikagaiena izan zen: uztailean %3 handitzen ari ziren, baina abuztuan %2,4ra jaitsi da inflazioa atal horretan.

Edonola ere, bada salbuespen garrantzitsu bat: behi haragiaren prezioen gorakada bizkortu egin zen, %19raino. Ekoizpen txikiaren eta kontsumo sendoaren arteko desoreka dagoela esanez azaldu du haragiaren sektoreak behikiaren prezioaren igoera. Okelen artean, ardiarena bakarrik ari da nabarmen garestitzen (+8,1), nahiko egonkor baitabiltza txerrikia (+%1) eta oilaskoa eta beste hegaztiak (+%0,8). 

Behikia baino are gehiago garestitzen ari da sukaldeetan asko erabiltzen den beste animalia proteina bat: arrautzak. Iaz baino %23,8 gehiago ordaindu behar da haien truke. Dena den, uztailetik abuztura pixka bat merkatu dira (-%0,8), eta horrek erakuts dezake garestitzeak goia jo duela.

Merkatzen jarraitzen du azken urteetan gorakada handiena izan zuen elikagaiak: olioak. Oliba olioaren prezioa ia-ia hirukoiztera iritsi zen, baina uzta hobeagoek handitu egin dute ekoizpena, eta eskaintza handiagoak prezioak jaitsi ditu. Haren ondorioz, olioak eta koipeak 2024ko abuztuan baino %38,8 merkeago izan dira 2025ekoan.

Merkatu ez, baina gutxiago garestitzen ari dira erosketa saskiko beste janari batzuk. Horrela, fruta freskoaren urte arteko inflazioa %8,8an zegoen uztailean, eta %2,7ra jaitsi da uztailean. Lekaleen eta barazkien prezioak ere asko igotzen ari dira (%9,1), baina uztailean baino pixka bat gutxiago (%10).

 datuak

 
%2,4

 

 

Azpiko inflazioa. Inflazioaren beheranzko joera geldoa erakusten du azpiko inflazioak ere. Uztailetik abuztura beste hamarren bat galdu du, %2,4raino. Azpiko inflazioak ez ditu aintzat hartzen energiaren eta elikagai freskoen prezioak, oso gorabeheratsuak baitira.

 
%25,4

 

 

Zenbat merkatu den azukrea. Bi elikagairen prezioak soilik egin du behera azken urtean: olioak eta azukreak. Azken hori iaz baino %25,4 merkeago dago orain Euskal Herrian.

 
%2,5

 

 

Inflazioa Nafarroan. Alde nahiko handia dago Hego Euskal Herriko lurraldeetako inflazio tasen artean. Nafarroak du tasarik txikiena (%2,5), eta Arabak, berriz, handiena (%3,2). Tartean daude Gipuzkoa (%2,9) eta Bizkaia (%2,7).

Abuztua askorentzat opor hilabetea izateak ez du, aurreko urte batzuetan bezala, erregaien garestitzerik ekarri. Are gehiago, batez beste uztailean baino zentimo bat baino gehiago merkatu da gasolioa, eta zentimo bat baino gutxiago gasolina.

Etxebizitza gastuen igoera, berriz, oso handia da (+%9,1), egia bada ere uztailean okerragoa izan zela (%10,7). Horretan pisu handia du argindarraren prezioak, eta aurreko hilean ez zuen gorabehera handirik izan: handizkako merkatuan, megawatt-ordua 68,45 euroan ordaindu zen batez beste handizkako merkatuan, uztailean baino euro eta erdi gutxiago (70,01).

Bi faktore kontuan hartu behar dira: batetik, abuztuan ere bero handia egin du Iberiar penintsulan ere, eta horrek aire girotuan gastu handia eskatu du; bestetik; apirileko itzalaldiaz geroztik Red Electricak behartu egin ditu energia konpainiak gas bidez argindar gehiago sortzera; sistema horrek gorabehera gutxiago eragiten ditu horniduran, baina berriztagarriak baino garestiagoa da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.