Txerri izurriaren aurkako neurriak zorrotz ezartzeko eskatu du Nafarroako Gobernuak

Katalunian hainbat basurde hil ditu gaixotasunak, baina oraindik ez da kasurik Euskal Herrian.

Collserolako basora sartzea debekatzen duen kartel bat, gaur. ENRIC FONTCUBIERTA / EFE
Collserolako basora sartzea debekatzen duen kartel bat, gaur, Katalunian. ENRIC FONTCUBIERTA / EFE
Iker Aranburu.
2025eko abenduaren 1a
14:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hegazti gripearen aurkako neurriak indarrean dauden honetan, animalien beste gaixotasun batek alarmak piztu ditu: txerri izurriak. Nafarroako Gobernuak zaintza lanak handitu ditu basurde hilik agertzen ote den jakiteko, eta txerri izurriaren aurkako neurriak oso zorrotz ezartzeko eskatu die haztegiei. Aitortu du Nafarroan ez dela kasurik azaldu, eta beste euskal lurraldeetan ere ez da gaixotasun oso kutsakor horren arrastorik.

Gaixotasun hemorragiko bat da txerri izurria. Abere horien eta basurdeen artean oso azkar hedatzen da zuzeneko harreman bidez edo janari bidez, eta askotan animalien heriotza eragiten du; gizakiari, ordea, ez dio kalterik eragiten, eta horregatik lasai egoteko eskatu dute Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak. 

Nafarroan biltzen da txerri hazkuntzaren zati handi bat. INE Espainiako Estatistika Institutuaren azken nekazaritza erroldaren arabera, Hego Euskal Herrian 1.200 etxaldetan daude txerriak, eta hamarretik sei Nafarroan daude (730). Baina bada txerri haztegi handiak Nafarroan biltzen direla erakusten duen datu bat: INEren arabera, 827.500 txerri daude Nafarroan, 20.800 Araban, 5.800 Gipuzkoan eta 3.000 Bizkaian. Etxalde handi horietako ekoizpenaren zati bat esportatu egiten da, eta hura izan daiteke lehen kaltetua kasu bat agertuz gero.

Collserolako basurdeak

Hain zuzen ere, Nafarroatik ekialdera dauden lurraldeetan biltzen dira Iberiar penintsulan txerri haztegi gehien dituzten lurraldeak: Aragoi (4.000) eta Katalunia (5.000). Azken horretan azaldu da txerri izurria, Collserola basoan hilik aurkitutako basurdeetan. Baso hori kirol jardueretarako itxi du Kataluniako Generalitateak, eta gaur jaso du Espainiako armadaren laguntza basurdeak akabatzeko. Haren inguruko herrietako 39 txerri haztegitan abereei kontrola egin diete, baina oraingoz ez da kasu positiborik azaldu.

Nafarroako Landa Garapeneko Sailak basozainei, Sepronako guardia zibilei eta mendian aritzen diren beste segurtasun indarrei eskatu die adi egoteko basurde hilak edo zaurituak agertzen ote diren ikusteko, eta agertzekotan, gaitza ote duten egiaztatzeko.

Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzak ehiztariei eskatu die arreta handiz ibiltzeko eta neurriak hartzeko. Txerriak dituzten baserrietan ere biosegurtasun neurriak zorrozteko eskatu du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.