Txinako Gobernuaren eta herritarren menpe dago Saaben etorkizuna. Suediako autogileak herrialde hartako bi inbertitzaile lortu ditu, baina ikusteke dago Pekingo agintariek esku-hartze horri oniritzia emango ote dion, antzeko kasu batzuk atzera bota dituelako. Gobernuaren langa igarotzea lortzen badu, Saabek bigarren bat gainditu beharko luke iraun egin nahi badu, Txinako bezeroena, alegia.
Saaben jabe Spyker Herbehereetako enpresak atzo jakinarazi zuenez, akordioa lortu du Youngman Automotive taldearekin, hari konpainiaren %29,9 saltzeko, 139 milioi euroren truke. Aurretik, Spykerrek beste %24 saldu zion Pang Da Automovile enpresari, 109 milioiren truke. Akordioaren arabera, hiruek bat-egingo dute Txinan Saab autoak edo «haiengandik eratorriak» eraikitzeko eta saltzeko. Txinako merkatua munduko garrantzitsuena bilakatu da azken urteotan, eta han saltzea ia ezinbestekoa bihurtu da autogile guztientzat.
Arazoa da azken hilabeteotan Pekingo gobernuak traba gehiago jartzen dizkiela atzerrian enpresak erosi nahi dituzten Txinako konpainiei. Jarrera horrek eragotzi zuen, esaterako, General Motorsek Hummer saltzea Sichuan Tengzhong taldeari. Pekinek, ordea, ontzat hartu zuen Geelyk Volvo erostea 2010eko abuztuan eta, oraingoz, oso ongi doakio, Europan sendotzeaz gain, Txinan salmentak %82 igo baititu urtebetean.
Volvorena errepikatzea zaila izango zaio Spykerri, azken hogei urteotan Saabek galerak besterik ekarri ez dituelako. GMk saldu edo itxi egin nahi zuela zabaldu zenetik salmentak amildu egin dira: 2006an Europan 88.000 auto saltzetik (merkatuaren %0,6) 21.300era jaitsi zen 2010ean (%0,1). Iazko otsailean erosi zuen Spykerrek, baina ez du lortu burua altxatzea. Aurten salmentakgora egiten ari badira ere, galerak ez dira txikitu eta Saabek arazoak izan dituenez hornitzaileei pagatzeko, Trollhaettango lantegia itxita egon da martxotik maiatza hasiera arte.
Txinako Gobernuak bere eskuan du Saaben etorkizuna
Auzitan dago Pekinek onartuko ote duen autogile suediarrak hango bi enpresekin lortutako akordioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu