Txinako Hithium eta Jaurlaritza elkarlanean ari dira energia biltegiratzeko proiektuak garatzeko

Industria Sailak dio bateria ekoizlea aztertzen ari dela Europako hegoaldeko «basea» Euskal Herrian jartzea. Ez dute inbertsio edo kokapen zehatzik adostu.

Eusko Jaurlaritzako eta Txinako Hithium enpresako ordezkariak, aste honetan Munichen. IREKIA
Eusko Jaurlaritzako eta Txinako Hithium enpresako ordezkariak, aste honetan, Munichen. IREKIA
jokin sagarzazu
2025eko maiatzaren 9a
13:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzak lankidetza memorandum bat sinatu du Txinako Hithium enpresarekin, litio-ioizko baterien fabrikatzaile nagusienetakoarekin, energia biltegiratzeko egitasmoak aztertzeko helburuarekin. Mikel Jauregi Industria sailburuak eman du horren berri Eusko Legebiltzarrean, kontrol saioan. Aurreratu duenez, ez dute egitasmo zehatzik adostu, ezta inbertsiorik edo eperik ere, baina bi aldeek elkarrekin lan egiteko konpromisoa hitzartu dute, «industria aukerak identifikatzeko».

Jauregik azaldu duenez, egunotan Munichen (Alemania) egiten ari diren The Smarter E Europenazioarteko azokan hasi dira harremanetan, eta «elkarlanerako marko bat» finkatu dute, etorkizunean proiektu jakin batzuk gauzatu ahal izateko.

Industria Sailak komunikabideetara bidalitako ohar batean gaineratu du hitzarmen horren helburua dela Txinako enpresak Euskal Autonomia Erkidegoan jartzea Europako hegoalderako «fabrikazio eta eragiketarako basea». «Horri esker, Euskaditik koordinatu ahal izango dira ekoizpena eta Europako beste merkatu batzuetarako banaketa, eta, hala, Europarako gune estrategiko gisa betetzen duen eginkizuna finkatuko da».

Hithium nazioarteko erreferente bat da litiozko baterien teknologian. Bateria horiek batez ere autogintzarako garatu izan dira, baina azken urteetan urrats handiak egin dira energia berriztagarrien soberakinak biltegiratzeko. Eta bigarren arlo hori da, hain justu, Eusko Jaurlaritzak Hithiumekin garatu nahi duena, bertako zentro teknologiko eta sektoreko enpresekin elkarlanean; horien artean leudeke Ingeteam, Ormazabal eta Artecherekin, besteak beste.

Industria Sailak argitu duenez, mota horretako bateriak Teknologia Garbien Euskal Zerrendan sartuta daude, eta, beraz, %35eko zerga kenkaria dute.

HITHIUM

Hithium bateria ekoizlea 2019an sortu zen, eta Xiamen hirian du egoitza, Txinan. Energia biltegiratzeko eragile nagusietako bat da. Nazioartean hedapen nabarmena izan du, eta AEBetan, Alemanian, Erresuma Batuan, Turkian, Dubain, Singapurren, Australian eta beste herrialde batzuetan ditu instalazioak.

Energia biltegiratzeko sistema finkoek bi funtzio nagusi dituzte: alde batetik, eguzkia edo haizea dagoen orduetan sortutako energia eta une horietan kontsumorik ez dagoenean soberan geratzen dena gordetzea; eta bestetik, iturri berriztagarrietatik sortutako energia sare elektrikoan kanalizatzeko aukera ematen dute, eta, hala, energia berriztagarrien ekoizpenaren gorabeherak arindu, eta, besteak beste, modua ematen du joan den apirilaren 28an Iberiar penintsulan gertatutako itzalaldiaren modukoak saihesteko. «Itzalaldi elektriko honek agerian utzi digu zeinen zaurgarriak garen», adierazi du Jauregik.

Hemen ekoiztu

Sailburuak azaldu duenez, Jaurlaritzak apustu estrategikoa egin du baterien sektorean eta «denbora» darama energia biltegiratzeko teknologiak ere bultzatzen. «Ez gara baterien instalazioaz soilik ari, bateriak fabrikatzeaz ere ari gara. Gure herrialdean fabrikatu nahi ditugu Europarako biltegiratze sistemak, gure zentro teknologikoen eta gure industriaren eskutik. Era berean, aukera industrial hau baliatzeko ditugun indarguneak ere erakutsi dizkigu, eta Hithium enpresarekin lortutako akordioa indargune horien emaitza da».

«Ez gara baterien instalazioaz soilik ari, bateriak fabrikatzeaz ere ari gara. Gure herrialdean fabrikatu nahi ditugu Europarako biltegiratze sistemak»

MIKEL JAUREGIEusko Jaurlaritzako Industria sailburua

Jaurlaritzak Txinako ekoizlearekin hasitako lankidetza osagarria da BasqueVolt egitasmoarekin. Nagusiki autoentzako bateriak egitea da haren helburua. Miñaon du zentro teknologikoa, Arabako Parke Teknologikoan, eta 2028rako hasi nahi du bere bateriak merkaturatzen. Jaurlaritzak ditu akzioen laurdenak, eta harekin batera dira bazkide Iberdrola, Enagas, Cie Automotive eta EIT InnoEnergy. Inbertsore gehiagoren bila dabiltza, baina zailtasunak topatzen ari da, autogintzaren sektoreak bizi dituen gorabeherak direla eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.