Bihar sartuko da indarrean Txinako salgai merkeen gaineko hiru euroko zerga

150 eurotik beherako paketeei eragingo die, eta hiru euroko zerga ezarriko zaio pakete bereko produktuen kategoria bakoitzari. Bihar sartuko da indarrean Europako Batasuneko herrialde guztietan.

Sheinek 2025ean Parisen zabaldutako saltokiaren irudia. TERESA SUAREZ / EFE
Sheinek 2025ean Parisen zabaldutako saltokiaren irudia. TERESA SUAREZ / EFE
kristina martin
2026ko ekainaren 30a
12:32
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur egun Europako aduanetara iristen diren 150 euro baino gutxiagoko paketeek ez dute zergarik, eta salbuespen horren onuradun nagusiak Txinako salmenta plataforma handiak izan dira, hala nola Shein, Temu edo Aliexpress. Beren produktu merkeak Europako merkatuan sartu ahal izan dituzte musu truk, bestelako paketeei aduanetan ezarri ohi zaizkien muga zergak ordaindu barik, alegia. Plataforma handi horiei eta erosleei pagotxa amaitu zaie, ordea, bihartik aurrera erosleek hiru euro ordaindu beharko baitute, ez pakete bakoitzeko, baizik eta produktu kategoria bakoitzeko.

Hala, kotoizko kamiseta bi, jostailu bat eta makillajerako lau brotxa erosiz gero, hiru euro bider hiru kategoria, guztira bederatzi euroko zerga ordaindu beharko du erosleak. Bihar hil hasierarekin bat indarrean sartuko den muga zerga kontsumitzaileen bizkar geratuko bada ere, Europako Batzordearen arabera, ez du eroslea zigortzeko asmorik. Azaldu duenez, «aduana politika zahar baten amaiera da». Hartara, orain arteko Europako aduanen sisteman, kanpotik sartzen ziren 150 euro baino gutxiagoko paketeak muga zergak ordaintzetik salbuetsita egon dira; de minimis deritzon salbuespena da.

Aspaldiko neurri hori, hain justu, aduanetako agintariei, enpresei eta langileei lan karga administratiboa arintze aldera ezarri zen. Salbuespen horrek merezi zuen, orduko merkataritza elektronikoaren kopuruak ez ziren-eta inondik inora gaur egungoaren parekoak. Baina azken urteotan izugarri hazi da online merkataritza, 150 eurotik beherako paketeak barra-barra iristen dira, batez ere Txinatik —%91 inguru—, eta horrek desoreka handia sortu du Europako saltzaileekiko lehian.

Tokiko merkatarien kaltetan

Europako agintariak kezkatuta daude Txinatik datozen produktu merkeen erosketen hazkundeak sekulako kaltea egin dielako Europako merkatariei, negozio horietako asko ixtera behartzeraino. Zerga berri horren argibideak ematerakoan adierazi dutenez, saltokiz beteta zeuden hirien erdialdeak basamortuak dira gaur egun. Nabarmendu dutenez, horrek kalte egin die jarduera ekonomikoari eta herritarren bizitza komunitarioari.

Halaber, Europako Batzordeko iturriek ohartarazi dute produktu horiek berekin ekartzen dituztela «erosleen osasunerako eta segurtasuneko arriskuak, iruzurrak eta ingurumenarekin lotutako arazoak». Osasunak eta segurtasunak bereziki arduratzen ditu Europako agintariak. Izan ere, Europako ikerketa baten arabera, online salmentaren bidez Europara iristen diren produktuen %60k ez dute betetzen bertako segurtasun araudia: jostailuak, kosmetikoak, elikadura osagarriak eta lan segurtasunerako produktuak dira horietako batzuk. Europako segurtasun araudia ez betetzeagatik, hain zuzen ere, 200 milioi euroko isuna ipini zioten duela gutxi Temu plataformari.

5.900

 

Muga zergarik gabeko zenbat milioi pakete iritsi ziren 2025ean Europako aduanetara. Europako Batzordeak emandako datuen arabera, 150 eurotik beherako pakete kopurua lau halakotu egin da lau urtean —2022an 1.300 milioi izan ziren—.

Muga zerga berriari esker Europak zenbat diru jasoko duen ere kalkulatu dute: 2025eko bidalketa kopuruari erreparatuta, eta pakete bakoitzak kategoria bakar bateko produktuak dituela kontuan hartuta, 17.650 milioi euro sortuko lituzke zerga berri horrek. Europako Batasuneko aurrekontura bideratuko litzateke %75, eta beste laurdena paketea jasotzen duen herrialdeak jasoko luke. Gainera, azarotik aurrera, aduanek egin beharreko kudeaketa lanarengatik ere bi eta lau euro bitarteko zerga bat ezartzea aztertzen ari dira Europako erakundeak. Zerga hori ere produktuaren kategoria bakoitzari dagokio. Beraz, hiru kategoriatako produktuak erosiz gero, hamabi eurorainoko zerga bat ordaindu beharko lukete erosleek pakete horrek aduanetan sortzen duen lanarengatik. 

Aldaketa badatorrela ikusita, plataforma horietako batzuk pausoak ematen hasiak dira negozio eredua egoera berrira egokitzeko. Sheinek, esaterako, behin-behineko saltokiak zabaldu ditu Europako zenbait hiriburutan, Hungarian kasurako. Parisen, esaterako, denda finko bat ireki zuen iaz, baina gizartean kontrakotasuna sortu zuen, eta horrek denda ixtera behartu zuen. Polonian saiatu zen ondoren, eta banaketa zentro bat zabaldu zuen han.

Frantziak martxoan ezarri zuen zerga kentzea erabaki du, eta Europakoa aplikatuko du

Frantzia aitzindaria izan zen 150 eurotik beherako paketeei muga zerga bat ezartzen. Joan zen martxoan ipini zien bi euroko zerga, baina, plataformek zerga horretatik ihes egiteko zirrikituak bilatu dituztela ohartuta, zerga hori bertan behera utzi eta Europa osoan indarrean jarriko dena aplikatzea hobetsi du.

Izan ere, Frantziako Gobernuak martxoan ezarritako zerga horrek ez zuen izan esperotako eragina. Temuk, Sheinek eta Aliexpressek trikimailu bat asmatu zuten hori saihesteko: Belgikako aireportuetara bidaltzen zituzten paketeak, eta gero errepidez garraiatzen zituzten Frantziara. Frantziako Ekonomia ministro Roland Lescurek aitortu du espero baino diru gutxiago jaso dutela zerga horrekin. Hilero 2,3 milioi euro jaso dituzte, urte osorako jasotzeko asmoa zuten 400 milioi euroetatik oso urrun. Hori dela eta, zerga horri uko egin eta Europa osoan indarrean jarriko den zerga berriarekin bat egitea erabaki du, eraginkorragoa izango delakoan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA