Txinaren lehia, Europar Kontseiluaren mahai gainean

EBko herrialdeek erabaki behar dute ea erantzunik emango dieten Txinako inportazio gero eta handiagoek Batasuneko zenbait industria estrategikori dakarzkieten ondorioei. Hainbat neurri daude aztergai.

VON DER LEYEN, COSTA
Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, eta Antonio Costa Europar Kontseiluko presidentea, artxiboko irudi batean. OLIVIER HOSSLET / EFE
Irune Lasa.
2026ko ekainaren 18a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txinatar janaria ez, baina Txina mahai gainean izango dute gaur Bruselan Europar Kontseiluko lan afarian. 27 herrialdeetako gobernuburuek hizpide izango dituzte Asiako erraldoiarekiko merkataritza defizit gero eta handiagoa eta haiek hainbat sektoretan duten gehiegizko ekoizpen ahalmena.

Jatorrian hainbat laguntza jaso ostean, EBra lehiarako baldintza askoz hobeetan iristen ari dira hainbat gai Txinatik. Gero eta gehiago dira, eta industriako sektore asko kinka larrian daude Europan, hala nola makina-erreminta eta sendagaien industria.

Sektore horiek babesteko berehalako neurriak nahi dituzte zazpi herrialdek, tartean Frantzia. Alemaniak, berriz, orain arte ez du jarrera oso gogorrik erakutsi nahi izan Txinaren aurrean, baina baliteke gaur bertan gauzak aldatzea.

Zantzu guztien arabera, Friedrich Merzek bat egin dezake neurri berrien alde, ikusita, besteak beste, Alemaniak gero eta gutxiago esportatzen duela Txinara eta Alemaniako automobil ekoizleek gero eta gutxiago saltzen dutela Txinan.

Ez da espero adierazpen ofizialik gaurko afaritik; besteak beste, EBk ez duelako merkataritza gerra ireki batean sartu nahi Txinarekin. Asmoa da Europako Batzordeari nolabaiteko eskumena aitortzea neurriak hartu ahal izan ditzan komeni den unean eta komeni den neurrian.

Hauek izan daitezke Europako Batasunaren aukeretako batzuk:

1

Oraingo neurriak

Gaur egun esku artean dituen neurriak aplikatzen jarraitzea. EBk 33 ikerketa zabaldu zituen 2024an lehia desleialagatik, eta beste 30 iaz produktu jakin batzuen inportazioen gainean. Horietan guztietan, ikerketa egin behar izaten da, produktuz produktu, frogatzeko ea bidegabeko estatu laguntzarik edo dumping-ik izan den.

Baina prozedura horiek guztiek denbora asko behar izaten dute; gehiegi, adituen ustez, babestu nahi den industria babestera garaiz iristeko.

Gainera, OCDEren ikerketa batek erakutsi zuen moduan, Txinako Estatuaren laguntza zuzenez gain, Txinako konpainiek beste laguntza asko bankuen bitartez jasotzen dituzte, merkatukoak baino kreditu dezente merkeagoen bidez. Eta horiek askoz ere zailagoak eta korapilatsuagoak izan daitezke ikerketa batean frogatzeko.

2

Zorrotzago aritu

Beste aukera bat da orain arteko neurriak aplikatzea, baina zorrotzago eta zabalago. Hor badago itogin handi bat: adibidez, EBk ibilgailu elektrikoen gaineko muga zergak jarri ostean, %155 handitu zen Txinatik eta askotan enpresa berberetatik zetozen ibilgailu hibridoen kopurua. Hortaz, muga zergak hibridoetara zabaltzea aukera bat litzateke EBrentzat.

3

Babes neurriak

Babes neurriak ezartzea: esan nahi baita, inportazio kuotak. Munduko Merkataritza Erakundearen araudiak ahalbidetzen ditu behin-behineko babes neurriak, inportazioren batek arriskuan jartzen badu tokiko industria. EBn, Txinaren lehiak kalte handiena egindako industrien alorrak babesteko erabiliko lirateke, hala nola kimika gaiak eta makina-erreminta.

Hori bai, orain arte, produktuka ezarri izan dira horrelako kuotak, eta batzuek nahi dute babesak sektore mailakoak izatea. Jite horretan, EBk kuotak ezarri dizkie Txinako altzairu inportazioei: 18,3 milioi tonatik aurrera, Txinatik iristen den altzairuak %50eko muga zerga du.

Berez, babes neurria ezingo litzateke soilik Txinari edo herrialde bati begirakoa izan. Edonola ere, teorian EBk aukera luke indarrean dituen merkataritza libreko akordioetako 76 bazkideak kuotatik libratzeko.

4

301 europarra

Brad Setser ekonomista estatubatuarrak eta Sander Tordoirrek (Center for European Reform) tresna berri baten beharra ikusten dute: babes neurri bigunen eta Hertsatzearen kontrako Tresnaren —bazooka esaten zaion neurririk zorrotzenaren— arteko zerbait izatea eskura. AEBen 1974ko Merkataritza Legeko 301 Atalaren antzeko zerbait litzateke, eta, ikerketa bat tarteko, ahalbidetuko luke sektore osoen inportazioei ezartzea muga zergak.

Setserren eta Tordoirren ustez, tresna hori malgu eta zehatz erabilita, Bruselak salgai eta sektorerik garrantzitsuenetan eragin ahal izango luke. Ez litzateke epe jakin batera mugatuta egongo, eta tresna egokia izango litzateke Txinarekin, adibidez, yuanaren balioaren inguruan negoziatzeko.

datuak

 
1.000

 

EBk Txinarekiko zenbateko merkataritza defizita duen egunero, milioi eurotan. Eginahalak eginagatik ere, Europako Batasunak ez du lortzen Txinarekiko merkataritza defizita murriztea. 2025. urtean 360.000 milioi euro izan ziren; hots, 1.000 milioi euro egunero.

%30

 

Ekoizpen globalean zenbateko ehunekoa dagokion Txinari. Gaur egun, Txinak ekoizten du munduko ondasun produkzio osoaren %30, eta %13 kontsumitzen du.

Bestalde, Batasunean bertan, dagoeneko abian dira prozedurak sektore jakin batzuk babesteko eta tokiko ekoizpenak sostengatzeko arau batzuetarako.

5

Dibertsifikazio tresna

Sektore delikatuetako Europako konpainiak behartzea gutxienez nazioarteko herrialde desberdinetako hiru hornitzaile izatera. Neurri horren bidez, denborarekin, Txinako lur arraroen eta txipen menpekotasuna apaldu nahi du EBk.

6

Bertakoa lehenestea

Tokikoa lehenesteko legedia ezartzea da prestatzen ari den beste aukera bat; besteak beste, kontratazio publikoetan. Diru laguntzak izateko ere, sektore batzuetan produktuen parte handi baten jatorria EBko herrialdeak izatea da asmoa. Hori da, adibidez, Industrial Accelerator Act legean jaso nahi dena.

EB neurriak eta tresnak erabiltzen hasita ere, galdera bat dago Batasuneko zenbait herrialdek Txinarekin daukaten kezkaren oinarrian: noraino erabil ditzake EBk tresna horiek, Txina gai baldin bada txipik arruntenen edo lur arraroen esportazioak mugatuta Europako automobilgintza industriako ekoizpen osoa geratzeko?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE